Euskal diaspora | 2017ko Urriaren 19a
Bakersfield eta Donibane Lohizune ahaidetzen, EHko eta Argentinako euskal kantariak Buenos Airesen
Joseba Etxarri
Heldu den asteburuan hasiko du bisita Bakersfieldera Donibane Lohizuneko ordezkaritza batek.
BAKERSFIELD, KALIFORNIA
Heldu den asteburuan hasiko du bisita Bakersfieldera Donibane Lohizuneko ordezkaritza batek. Izan ere, lanean ari da Bakersfield eta Donibane Lohizune arteko ahaidetzea puxatzen ari den batzorde bat, Euskal Herriko eta Kaliforniako bi hirien arteko harremanak sendotu eta areagotzeko, "sister city" edo "hiri ahaideak" bilaka daitezen. Bakersfieldeko euskaldunek harrera berezi bat antolatu dute heldu den igandean Bakersfieldeko Kern Cunty Basque Club euskal etxearen egoitzan, Europako ordezkaritza besta giroz errezibitzeko. Programa goizeko 10:30etan hasiko da, mezarekin, klika eta koralak edertua; eta eguerdi t'erdietan, barbakoa estiloko bazkariak jende andana polita bilduko du. Bazkalondoan, euskal dantza, pilota partidak eta dantzaldia Jean-Pierre eta Manuela Etchechuryren musika lagun. Donibane Lohizuneko lagunek urriaren 21etik 25era obratuko dute beren bidaia Bakersfieldera.
BUENOS AIRES, ARGENTINA
Guti falta da azaroko bigarren astean 2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionala has dadin San Nicolasen. Urte guziz bezala, Euskal Herritik musikari eta artista sorta bat joanen da partaide, HERRIAn dagoeneko iragarria dugunez. Haatik, Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarte eta euskaltegiak aste huntan errana du "Semana Vasca" aitzineko igandean, azaroaren 5ean, kantaldi bat antolatuko duela hiriburuan, Euskal Herriko eta Argentinako euskal musikariak elgarrekin oholtza gain berera bildurik. Euskal Herritik ari izanen dira Michel Etcheverry, Mikel Urdangarin eta Xabaltx; eta Argentinatik, Zutarriak taldea eta De a dos bikotea. Kantaldia 'Espacio Cultural Campustellae' delakoan izanen da, arratsaldeko seietarik goiti, txartelak 150 peso, edari bat barne. Aukera ederra izanen da doaike, Euskal Asterako prestatzeko, edo San Nicolasera joaterik ez duten hiriburutarrendako, irudikatzeko eta dastatzeko San Nicolas enegun batzuk geroago eginen den elgarretaratzea.
RIO CUARTO, ARGENTINA
Sinatu berria dute Cordoba probintzia argentinarreko Rio Cuarto herrian, hiriko Gure Ametza Euskal Etxearen eta Rio Cuartoko Unibertsitatearen arteko hitzarmen berri bat, aitzinago sinatu zena zabaldu eta hedatu egiten duena. Berria huna bildu dugu, adibide eta etsenplua baita ikusteko Diasporako euskal etxeen lana nola hobeki baliatu eta indartu. Izan ere, hitzarmenaren arabera, Unibertsitatea tailer eta ikastaroak antolatzen hasiko da Euskal Etxearen aretoetan, Rio Cuarto erdigunean; eta Euskal Etxeak ere aukera izanen du ekitaldiak antolatzeko Unibertsitatearen egoitzan, gazte jende eta ikasleengana errazago heldu eta klubera erakartzeko, zinema eta bestelako kultur proposamenekin. Proposamena bi erakundeendako da interesgarria, heien lana leku eta esparru berrietara zabaltzeko balio izanen baitu, bakotxaren indarreri etekin hobea ateraiaz.











