Herriz Herri - Banka (NB) | 2017ko Urriaren 19a
Doluminak
HERRIA
Pena handiz hartu dugu Aña-Mari Juanicotenaren heriotzearen berria.
Pena handiz hartu dugu Aña-Mari Juanicotenaren heriotzearen berria. Joan zaiku minbiziak 9 hilabete laburrez eginik bere lan tzarra. 56 urte baizik ez zituen. Frantxua gure berriketari jarraikiaren emaztea zen. Sortzez Aleman, Aldude Xabinainekoa. Luzaz Bankako Arraintegian bizi izana, Frantxuak erretreta hartuz geroz eraiki berria zuten Hargin Haundia etxe berrian bizi ziren urte bat eterdi huntan. Aña Marik ez du zoritxarrez egoitza berri hori nahi bezain bat gozatu. Ehorzte elizkizun hunkigarriak eskainiak izan zaizkio, eliza ttipiegi zela etorriak ziren adiskide guzien aterbetzeko. Elizkizun kartsua, André Noblia, Jean Etcheverry eta Tote Saldubehere apezek emana, eta kantuz hain ozenki goraltxatua. Eta bururatzean zein hunkigarriak Leitzako Angel Mariezkurrenaren bertsua eta tronpetista gazte baten "Ave Maria" hura! "Ez zira gehiago lehengo lekuan, bainan bai beti gu giren tokian" zion banatua izan zaikun paperak. Aña Marik eman dezala, den tokitik, kuraia eta indar Frantxua senarrari, Mirentxu eta Maider alaberi, Joakin eta Mila haur ttipieri eta familia osoari, aitzina kementsuki jotzeko. HERRIA astekariaren partez bihotzeko agurrak zuri, Frantxua, eta zure hurbileko guzieri.











