Joan den astean kasualitatez telebistan
ikusi dut emankizun bat Frantses estatuko
"Goi mailako funtzionarioeri" buruz egina,
dokumental hortan agertzen dira prefet
batzuk lanposturik ez ukanez, etxen
egoiten direla soldata ezin sinetsizkoak
hunkituz. Argi izaiteko diru publikoaz dira
mintzo, beraz herritarren zergeri esker dira
ordainduak. Deskubritu ditut gauza batzuk
harrigarriak, behar bada inozenta naiz edo
holakoak ez dira jakinak, gutitan aipatzen
direlakoz. Emankizun hortan agertzen dira
prefet batzuk, nun ahoan bilorik gabe erraiten
duten, ez dutela lanposturik eskuratu, baina
hala ere estatuarenganik pagatuak direla.
Kasu hortan litaizke 442 lanpostu handiko
funtzionario! Enpresa pribatuetan, lanik
ez duen langile bat aspaldi kanporatua
izanen zen.
Adibide konkretu batzuk emanak dira,
horietarik bat "préfet hors cadre" deitzen
diren horietarik da, erraiten du 5.900€
hunkitzen dituela hilabetero, deus ez
egiteko. Hauxe bizi ederra! Beste kasu bat,
eta hortan geldituko naiz, Jean Glavanyk,
ministro egona sozialistak poderean
zirelarik, argi eta garbi onartzen du
Mitterand orduko presidentearenganik ukan
zuela postu hori, ez zuelarik formakuntza
berezirik gisa hortako lan batean aritzeko.
Erreportaia hortan agertzen
da, 5 urtez
bakarrik lanean prefet eta ministro karguak
ukanik, 9000€ erretreta ukaiten dituela.
Emankizun hortan agertzen da pasatu diren
presidente guziek jukutria berdina egin
dutela beren lagun batzuekin.
Bestalde, beti erreportaia hortan, ministerio
batzuetako diru xahutzeak ere aipu dira,
Macron presidenteak poderea hartuz
geroztik Armada eta Atzerriko ministeritzako
funtzionario batzuk beren soldata
%70ez emendatu dute. Bercyko Ministeritzan
Zerga Publikoko buruzagiak hilabetero
21.000€ eskuratuz, urteko 255.000€ egiten
duela! Orotara goi zerbitzu publikoetako
600 kuadro badira irabazten dutenak
presidentea baino gehiago, jadanik hunek
hilabetero 13.000€ hunkitzen ditu!
Gero Andere eta Jauntto horiek erranen
daukute guk herritar xume bezala, behar
dugula kasu egin, kesak hutsak direla...
denek indarrak eginez estatuko buxeta
hobetuko dela!
Holakoak entzuterakoan, bada erotzekoa
jakinez pobrezia emendatuz doala, lan
egiten duten batzuk ezin dutela berogailua
piztu edo beren haurreri behar den bezala
jatera eman. Bestalde erretreta erreforma
aipu den garai huntan, nun behar ginuken
gehiago urtez lanean arizan, hor ere sobera
gostatzen direlakoz zahar-arrandak, kuadro
horien soldatak deus ez egiteko geldiaraziz,
balitzateke hain segur gobernamenduko
ekonomiaren orekatzekoa.
Abenduaren 5ean mobilizazio azkar bat
abiatzer litzateke, ospitaleko artatzaile, tren
gidari, eskoletako langile, erretretadun...
publiko ala pribatuko langileek deia
zabaldua dute. Holakoak entzun eta, ez
harritu jende xumea haserretzen bada ez
baitugu denek bizi bera!