Azalekoa | 2020eko Uztailaren 16a
Herritarrekin.... herritarrentzat egin telebista
Nork ez du Kanalduden bidez emankizun bat begiratu? Gertakari bat delarik, nork ez ditu ikusi bere herriko plaza kantoi batean kamera batzuk? 1997an sortu telebista, 23 urtez Ipar Euskal Herriko xoko guzietan ibili den hedabide hunen ikustera joan gira. Bidarrain kokatua den egoitzan, Pantxika Maitiak eta Eki Pagoagak errezebitu gaituzte.
Herri Telebista
Aldudarra Bideo Alduden abiatu bazen elkarte bat bezala, Kanaldude 2010ean SCIC (Société Coopérative d'Intérêt Coopérative) kooperatiba moduan antolatu da. Pantxika Maitiak erraiten zaukun, egituratze horrek kokatzen dituela, sozial eta ekonomia solidario urrats batean. Ibilmolde horri esker kudeaketa partekatua dutela azaltzen zaukun, "Agile" deitzen den gobernantza moduan, ez da buruzagitzarik, pertsona bakoitzak bere eginbehar eta ardurak dituelarik. Kanaldude 10 langilez osatua da. Eki Pagoagak erraiten zaukun Kanaldude telebista bat dela, ez baldin bada ere ohikoa dugun tresna botoi baten bidez pizten, funtzio berdina duela. Kanaldudek, 2018an estatutik, CSA delakoan izaiteko baimena eskuratu zuen, Ipar Euskal Herriko euskarazko telebista bakarra Herritarrekin.... herritarrentzat egin telebista bilakatuz. Sare sozialetan bai eta interneten bidez ikusgai da, tarteka zuzenezko emankizunak banatzen dituela. Agerpen guziak kitorik direla beharrezkoa da azpimarratzea, gehienetan pagatuz direlakoz, herritarren zerbitzurako.
Telebistaren proiektua
Pantxika Maitiak erraiten zaukun telebista parte hartzailea izanez, herritarrek herritarrentzat egin programazioa dela. Hortarako, laster ekimen berri bat abiatuko du: Kanaldudeko ordezkariak herri batzuetan ibiliko direla abisua emaiten zaukun. Edozein pertsona hurbiltzen ahalko da bere iritziaren emaiteko. Bilkura horiek eskualdeka antolatu ditu; Ainhoan, Larresoron, Bunuzen, Oragarren eta Barkoxen eginen dira. Pantxika Maitia arduratzen da bilkura horien animatzeko. Ekimen horren xedea da euskal telebistaren aurkeztea eta hurbildu direnenganik proposamenak hartzea. Bilkura horietan, beren egitura presentatzeaz gain, nahi dute pertsona berri batzuk Kanaldude proiektuan sarrarazi. Hortako partaide izaiteko gomita zabaldu du. Kamera baten erabiltzea, muntaketa baten egiten ikastea, hots telebista baten inguruan izaiten diren edozein gauza ikasteko parada emanen du. Bigarren parte konkretu hau, Eki Pagoagak du bere gain hartuko. Erraiten zaukun irailetik harat hastekoak diren ikastaldi horiek nornahik egiten ahal dituen formakuntzak direla. Ekimen hunen helburua da, ondotik, bakoitzak bere inguruan, familian edo herrian gertakizunak iragaiten direlarik, grabatzeko ahala ukan dezan. Kanaldude egituraren izpiritua izanez beti herritarrekin... herritarrentzat programazioak antolatzeko xedearekin.
Hetsialdi garai arrakastatsua
Esperimentazio berri bat estreinatu dute, anitz enpresa eta langile bezala etxetik lanean arizanez. Lehenik Kanaldudeko bi ordezkariek azpimarratzen zuten, begirale anitz ukan dituztela: jendea etxean egon beharrez, horien programak maiz klikatuak izan dira. Begiratzeaz gain, hetsialdiaz baliatuz, bideo parte hartzaileak ekoiztuak izan dira, bakoitzak bere etxetik, kantuz, bertsuz, dantzatuz egin ikusgarria grabatu eta Bidarrain kokatua den telebistari segiaraziz, denek baliatzeko gisan. Beste ekimen bat ere anitz segitua izan dena, Herri Urrats edo(ta) Nafarroaren Eguna bezalako egun ospetsuak ez diren usaian bezala antolatuak izan, Kanaldudek zuzenezko emankizun batzuk antolatu ditu. Antolatzaile eta lekuko batzueri hitza emanez, hurbileko herritar telebista bat dela frogatuz. Hetsialdi garai hori bururatua dela eta, inkesta bat abiatu dute https://framaforms.org/kanaldude-herri-telebista lotura hunen bidez oraino erantzun ahal ditaikeena. Pantxika Maitiak azaltzen zaukun galdeketa hunen xedea dela jakitea, behazaleenganik Kanaldude euskarazko telebista nola erabilia den. Galdera desberdinen inguruan, 10 bat minutuz erantzuten da eta anonimoa da. Adina eta bizi tokia eman eta, bigarren partean erantzun behar da: behazaleak nola begiratzen duen, ordenagailu edo sare sozialen bidez, Covid-19 garaian gehiago segitu ote duen, beste gisan zenbat denbora egunean begiratzen... bakoitzak oharren egiteko posibilitatea emanez. Etorriko diren ohar horieri esker, Kanaldudeko bi ordezkariek dudarik ez dute, tokiko euskarazko telebistaren hobetzeko xedearekin segituko dutela, beti herrikoitasuna atxikiz.











