Herriz Herri - Hazparne (L) | 2020eko Uztailaren 16a

Hazparne

Hazparne

Egurra

Urtero bezala Herriko Etxeak lotak proposatzen dizkie herritarrei, herriko oihanetan mozteko, neguko berotzeko egurra egiteko. Errexki mozten ahal diren lotak dira, 12 esteretakoak, 350€ bakotx. Uztailaren 15eko eman behar da izena, mailez edo Herriko Etxera idatziz.

Bero handiak

Bero handiak iragartzen dira uda huntako. Huna beraz zer antolatzen duen Herriko Sozial Zentroak: bakarrik bizi diren jendeak, adinetakoak, eriak edo enbalierak nor eta nun diren jakin nahiz izena emaitea galdegiten du, behar orduan, aitzinetik izenak jakinez geroz, laguntza eraginkor bat berehala ekartzeko gisan. Izenaren emaiteko Herriko Etxea deitu behar da: 05 59 70 29 07, goizetan (09:00-12:30)

Erakusketa

Choribit gelan erakusketak berriz abiatzen dira: uztailaren 13tik 19ra, Hazparnen bizi den Georgia Niekrasz anderearen obrak ikusgai izanen dira. Tinduak eta ilustrazioak egiten ditu eta teknika asko erabiltzen: oligoa, akrilika, akuarela, kolaketak... Hazparne Ekoizpen nasaiak eta aberatsak beraz.

Mendixola korala

Hara uda usaina duen beste gertakari bat ere izanen dela elizan uztailaren 21ean (20:45). Jadanik herrian ongi ezaguna da talde mixto hori eta berezitasun anitz dituen errepertorio bat eskaintzen du, hizkuntza askotan. Béatrice Lissarague Durruty andereak zuzentzen du 15 bat partaide dituen korala hori.

Ezkia ikastola

Ikastolak langile bat xerkatzen du garbiketa eta kantinako, 2020-2021 ikasturteko, kontratua 25 oren astean, ahalaz PEC kontratu pean. Egin beharrak: kantinan mahaina eman, zerbitzua egin, haurreri laguntza ekarri, bai eta haurren zaintzea. Behar diren gaitasunak: euskara menperatzea beharrezkoa da, talde lanerako eta harremanetarako gaitasunak, garbiketa lanetan usaia eta gostua ukaitea. Interesatua denak hautagaitza uztailaren 28a aitzin helarazi behar du: Ezkia Ikastola, Lapurdi plaza, 64240 Hazparne edo ezkia.ikastola@gmail.com.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3553. zbk

Gure Hitza | 2020/07/16

Bainan nun da Kakueta?

Janbattitt Dirassar

Uda betean gira. Eta bai, uztail erditarat helduak gira alabainan. Errepublika eguna ere iragana. Joan den hilabete hortan, galdeka ginauden nolako uda behar ginuen. Goizegi da naski, aise goizegi, holako galdeari funtsez ihardesteko; bainan orainokoan uda berezia dugu zernahi gisaz, konfinatze luze baten ondorioak beti hor. Ez hain txarra halere, izaiten ahalko zenaren aldean. Joan den hilabete hortan baginuen zernahi arrangura, kanpotiarrik jinen zenetz batere, jiten zirenak noiz eta nola. Uztailean sartu girelarik mugimendua abiatu da, ez baitezpada hain azkar, bereziki lehen astean, bainan arras polliki. Aski da itsas hegi hortarat joaitea konparazione, ikusteko kanpotiar frango badela eta Frantziako eskualde gehienetarik etorriak. Estranjer guti haatik.

Zerratuak egonak diren toki anitz, erakustegi eta beste, berriz idekiak dira, baldintzapean bada baldintzapean. Jendea multxo ttipika hartuz, denak maskatuak egon behar eta elgarretarik ez sobera hurbil. Besta eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016