Ba ote dakixu? | 2020eko Uztailaren 16a
Ba ote dakixu?
Gilen Bacho
Frantses iraultza Euskal Herrian (1/5)
Hasteko, nola ez eskertu Manex Goyhenetche? Sobera fite joan zaigu baina behar da jada gure xantza baliatu eta leitu Manex Goyhenetchen obra, partikulazki bere "Euskal Herriko historia orokorra". Egungo eta heldu diren asteko artikuluentzat, historialari handi horren lanean bermatuko naiz (4. tomoa, 1789ko iraultza). Frantses iraultza piztu zelarik Euskaldunen erreakzioa eta sentimenduak ulertzeko, testuingurua behar da esplikatu. 1770 eta 1780. hamarkadetan, hainbat urtez segidan zereal uzta txarrak izan ziren. 1774tik 1776 arte, izigarriko gertakari batek uztak suntsitu zituen (1789an, Garaziko Auzitegi orokorrak erregeak kalte-ordaina igorri zuena nun, pasatu zen, eskatu zuen, dirua airatu zen, horrek ustelkeriaren problema pausatzen zuen). Zinez euritsuak izan ziren 1787 eta 1788ko urteetan, uztak ezinago txarrak izan ziren. "Ezin gehiagoko miseriaren" gaia lekukotasun anitzetan agertu zen. Heriotza tasa azkarki emendatu zen sustut kostaldean baina barnekaldean ere (Donazaharre, Kanbon...). Gainera, lurren asetasuna problema handi bat bilakatu zen. Finantza mailako arrangureri buru egiteko, komunitateek lurrak saldu behar zituzten. Erregimen zaharreko oreka hautsi zen XVIII. mendean, iraultza aitzin. Gero eta gehiago, herri lurrak eta oihanak salduak ziren, lurrak hetsiak ziren eta jabego pribatua handitzen zen herri ondasunaren kaltean.
Populuaren haserrea
1784tik 1788 arte, jazartze urteak ziren. Aipatu problemek egoera partez baizik ez dute esplikatzen. Nazioarteko bi hitzarmenek gatazkak sortu zituzten ere. Lehenik Frantzia eta Espainiaren arteko 1784ko Ornanoko hitzarmenak. Baxe Nafartarrek mugako marra berria ez zuten onartzen. Bazkaleku mugak beti gatazka iturri izan ziren, sustut Kintoan. 1785ean, Baigorri ibarreko sindikatuak Nafarroako Estatuer "bazkalekuen zatitze hori" gelditzea eskatu zuen, erranez "Baigorriko biztanleak, errekaratuak, baliabiderik gabe" zirela. 1788an, Estatuen bilaldian, Garaztar eta Aezkotarren arteko "armazko erasoak" seinalatuak ziren. Nafarroako Estatuek Ornano hitzarmena "autoritate ekintza bat Nafartarren askatasun pertsonalaren kontra" bezala kritikatu zuten, erranez "mugak defendatzeko eskubidea" bazutela, "armazko erasoekin" beharrez. Egiazko jazarraldi giro bat plantatu zen, Frantzia eta Estatu Batuen arteko hitzarmenak azkartu zuena. Bi Estatuen artean komertzioa hedatzeko, zergarik gabeko bi portu instalatzea erabaki zuten (Baionan eta Donibane Lohizunen). Eztabaida huntan, bi mundu buruz-buruka borrokatu ziren: itsaso, komertzio eta industriarena, Baiona eta Donibane Lohizune inguruan bildua zena, eta barnekaldekoa, Lapurdiko Biltzarra eta Nafarroako Estatuen inguruan. Aturri ibaiaren ezkerreko bazterrarentzat emaitzak negatiboak ziren. Lekuko komertzio ttipia Baionako portutik moztua izan zen eta errekaratu zen (Lehuntzeko kexu kaieretan ikus zitekeen bezala). Gainera, zergen kontrako jazartzeak hedatu ziren Lapurdi guzian, partikulazki Hazparnen (1784an) nun errepresioa zinez gogorra izan zen. Bost urte berantago, errepresio honen oroitzapena oraino azkar zen, Caupenne markesa Estatu orokorretan nobleziako diputatu bezala izendatu zutelarik agertu ziren erreakzio negatiboak lekuko. Errepresio hori manatu zuen, Neville intendentearekin. 1789ko udaberrian, zereal hornitzea kezka handi bat zen. Ogia, alimentazioaren oinarria populuarentzat, izigarri kario zen. Familia pobre anitzek ez zuten aski dirurik egunero jateko. Autoritateek erabaki batzu hartu zituzten (adibidez ogia kario erostea eta jendeeri berriz saltzea merkeago) baina ekintza eskasa bezala ikusia zen. Izen gabeko autore batek drama hori ongi laburtu zuen: "Leyhorreco lanetan ecin sor arthoa, Gosez higatcen hari maiñada gachoa". Maiatzaren lehenean, Baionan, jazarraldi bat piztu zen eta 2an, Bastidan nun 300 emazte haserre handi batekin bildu ziren. Lapurdiko apez gazte batek, Salvat Monhok, haserre hori ongi erakutsi zuen poema premonitorio batetan: "Estatua eri dela banatu du berria, bainan ezagutuz geroz gaitzaren iturria, askiko da dudarik gabe, haren sendarazteko, zenbait menbro pikatzea bertzen kontserbatzeko".











