Gure Hitza | 2020eko Uztailaren 16a
Bainan nun da Kakueta?
Janbattitt Dirassar
Uda betean gira. Eta bai, uztail erditarat helduak gira alabainan. Errepublika eguna ere iragana. Joan den hilabete hortan, galdeka ginauden nolako uda behar ginuen. Goizegi da naski, aise goizegi, holako galdeari funtsez ihardesteko; bainan orainokoan uda berezia dugu zernahi gisaz, konfinatze luze baten ondorioak beti hor. Ez hain txarra halere, izaiten ahalko zenaren aldean. Joan den hilabete hortan baginuen zernahi arrangura, kanpotiarrik jinen zenetz batere, jiten zirenak noiz eta nola. Uztailean sartu girelarik mugimendua abiatu da, ez baitezpada hain azkar, bereziki lehen astean, bainan arras polliki. Aski da itsas hegi hortarat joaitea konparazione, ikusteko kanpotiar frango badela eta Frantziako eskualde gehienetarik etorriak. Estranjer guti haatik.
Zerratuak egonak diren toki anitz, erakustegi eta beste, berriz idekiak dira, baldintzapean bada baldintzapean. Jendea multxo ttipika hartuz, denak maskatuak egon behar eta elgarretarik ez sobera hurbil. Besta eta ikusgarri frango ezin munta haatik oraino eta hori gauza beltza da zinez; hitzordu askok ba arrakasta handia bainan etsi bat hartu behar jende sobera ez metatzeko leku berean, denek gogoan daukagun gaitza ez azkartzerat uzteagatik. Besta handirik ezin egin, hori gertatu da preseski Donibane Lohizune eta Ziburuko Atun-besta famatuarekin. Untsalaz joan den larunbatean beharrak zituen bazter guziak harrotu.
Dena den, uda huntan, hola segituz behin, udatiar anitz eta anitz jin ditake gure eskualde hauetarat, Frantzia behere hortarik bereziki, jendeak ez sobera urrun joan nahi-eta. Bainan guhauri ere ez ote zauku gauza bera gertatzen? Gure oporraldien karietarat etxetik hein bat hurbil nahiago egon. Hori hola dela-eta, gogoetatua nago baitakit, beste orduz ja idatzia ere duket, euskaldunok ez dugula Euskal Herria aski ezagutzen. Bazter guziz ederrak eta asko gisetarat paregabea den altxor bat hor berean ditugu eta ez ditugu behar bezala preziatzen. Iparraldeko biztanle asko eta asko ez dira sekulan joaiten Hegoalderat, edo biziki bakan, salbu mugatik hurbil bizi direnak, eta oraino horietarik frango ere badira arras etxe-zilo. Eta ez ditugu bakarrik gogoan Ipar eta Hegoaldearen arteko harremanak. Iparraldean berean, zonbat toki xoragarri ez da arrotzak bezala ditugunak, autoz, frango badirelarik oren erdi baten bidean. Handienez handi funtsean oren bat eta erdi aski dugu nunbait han gure edozoin herritarik beste edozointarat heltzeko. Segur naiz Kostaldeko biztanle frango ez direla behinere Santa-Grazin izanak! Behin Jakintza elkarteak muntatu zuen ateraldi bat Xubero alderat, Kakuetako erreka edo arroilan ere geldituko ginela. Ateraldi horren prestatzeko bilkuran, norbaitek tanpez hauxe erran zuen: "Kakuetan geldituko girela? Bainan nun da hori eta zer da?"
Eta beren aldetik zuberotar frango ez bide dira ere biziki agertzen Sararat edo Donibane Lohizunerat.
Jakintza elkartearen gisa badira haatik polliki bermatzen direnak euskaldunok Euskal Herria hobeki ezagut dezagun. Urruñan eta beste herri batzutan sail bat goresgarria akulatzen da. Aurten badugu gisa guziz parada ederra usaian baino kar gehiagorekin ibiltzeko Euskal Herrian barna harat eta hunat. Eta gero, artetan, gertakari bereziak izaiten dira sail hortarik segitzen laguntzen ahal gaituztenak. Ez da etsenplu xoil baten emaiteko baizik, Irisarri Ospitalean ideki duten erakusketa bat gaitza, laxo pilota joko zaharraren omenez. Zendako ez egin jauziño bat erakusketa hortarat eta, okasioneaz bali, itzuli bat alde hortako herrietan gaindi?










