Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2020eko Uztailaren 16a

Baigorri

Baigorri

Heriotze

Joan den astean, asteazken goizarekin ilundurak hartu gaitu Baigorrin, Bankan eta ibar guzian, berdin urrunago ere, Christian Oçafrain- en heriotzaren berria hedatu delarik. Hiru urte huntan minbiziak hartua, ikusten ginuen alta azken egun hautan, eritasunak emeki- emeki gaina hartzen ari ziola. Kuraia handiz borrokatu da bainan eritasunak eraman du 45 urtetan. Banka Lekaionean sortua, lanera etorria zen zurgin Baigorrira. Laster "Zurgintza" enpresako nagusia (Armand Juzan) gazterik zendu zelarik, 23 urtetan hartu zuen hunen ardura. Gizon izpiritu argia eta ernea, ofiziale trebea zen eta nortasun handikoa. Lanaz bestalde, mendia eta herria maitez, anitz inplikatu da gaur-egun hemen, bai kirol mailan eta bai ekonomia mailan, leku garrantzitsua hartua duen Euskal Raid elkartean. Lehenik kide eta 2011z geroz lehendakaria zen eta hor ere agertu du bere gizatasunaren neurria. Ikuspen zabalekoa, jendeen elkartzen zakiena, baliosa eta gaitasun handikoa, biziki maitatua eta ezagutua zen. Elkarteko kontseilari taldeaz ongi inguraturik, jakin du Euskal Trail gertakari hau orain daukan ospera altxatzen. Merezimendu handikoa, bere joaiteak huts handia uzten du elkartean, bainan utzi duen etsenpluarekin, ez da dudarik taldeak indar eginen duela bide beretik segitzeko. Familia, ahaide, adiskide, herritar, trailer eta beste, erran gabe doa jendalde gaitza bildu dela Baigorriko elizan, ez dira denak sartu ahal izan, bere lur huntako azken bidaiaren laguntzeko. Bazen lore, otoitz, kantu, isiltasun, baita bere izaera eta gaitasunak ongi agertu dituzten lekukotasun hunkigarriak ere. Jeanne bere biziko lagunari, Ibai bere seme ttipiari, familiari eta dolu hunek hunkitzen dituen guzieri gure doluzko sendimendu beroenak helarazten dizkiegu.

"Le grand procés de Macron"

Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoia elkarteak gomitatzen gaitu uztailaren 21ean (20:00), Bil-Etxea gelara, "Le grand procés de Macron" filmaren emanaldira. 2019ko maiatzaren 7an, Daniel Mermet-ek eta "Là-bas si j'y suis" emankizuneko taldeak antolatu ikusgarri horrek, Pariseko "Bourse du Travail" egoitza zanpez bete zuen. Molde irringarrian baina funtsean serios, publikoa beroturik eta motibaturik gelditu zen. Ekonomistek, militante altermondialistek edo ekologistek, kasetari independetek, sindikalistek... Macron-ek sustatu munduaren inguruan mintzatuko dira. Mundu bat, moralarik gabeko garai bat, nun askatasun publikoak eta eskubide sozialak zalantzan emanak baitira eta zeina diskurtsoen jukutriaren gibelean gordetzen entseaturik ere, planetaren etorkizunari buruz, arrunt axolagabe agertzen baita. Auzi parodia hori, auzitegi irringarri hori filma bilakatu da, orain ikustekoa dena. Arratsaldeko 7etarik goiti izanen da liburu saltze baita jateko eta edateko.

"Urmuga" kontzertua

Mendi ibilaldi musikatua sortu dute Juantxo ZEBERIO, Gorka BENITEZ, Ander ZULAIKA eta Itsaso ETXEBESTE mendizale eta musikariek. "Urmuga" gaiaren azalpena ulertzeko: ertz luze batek zeharkatzen du Euskal Herria mendebaldetik ekialdera baita Kantauri eta Menditerraneo itsasoetara banatzen dituen urak. Ertz luze hunek "Urmuga" du izena. Natura eta gizakia uztartuz, "Urmuga" kontzertua sortu dute artistek. Haiek aurkeztu kontzertu guzien artean, huna Baigorrira heldu direla uztailaren 26an, Baigorriko Etxauziako parkera (18:30tan). Sartzea 15€, txartelak Baigorriko turismo bulegoan har daitezke. "Urmuga"-ko ekitaldian ariko diren beste artistak: Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus Orkestra (25 musikari), Niko Etxart, Xendarineko Ahizpak, Eltzegor, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta eta Baigorriko gaiteroak. Baigorriko animazio komitea eta Basaizea elkartea dira antolatzaile. Segurtasun neurrien eta distantzien errespetuan iraganen da kontzertua. Txartelak salgai dira Eukal Herriko turismo bulegoetan baita internetez: pyrennees. basques.com helbidean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3553. zbk

Gure Hitza | 2020/07/16

Bainan nun da Kakueta?

Janbattitt Dirassar

Uda betean gira. Eta bai, uztail erditarat helduak gira alabainan. Errepublika eguna ere iragana. Joan den hilabete hortan, galdeka ginauden nolako uda behar ginuen. Goizegi da naski, aise goizegi, holako galdeari funtsez ihardesteko; bainan orainokoan uda berezia dugu zernahi gisaz, konfinatze luze baten ondorioak beti hor. Ez hain txarra halere, izaiten ahalko zenaren aldean. Joan den hilabete hortan baginuen zernahi arrangura, kanpotiarrik jinen zenetz batere, jiten zirenak noiz eta nola. Uztailean sartu girelarik mugimendua abiatu da, ez baitezpada hain azkar, bereziki lehen astean, bainan arras polliki. Aski da itsas hegi hortarat joaitea konparazione, ikusteko kanpotiar frango badela eta Frantziako eskualde gehienetarik etorriak. Estranjer guti haatik.

Zerratuak egonak diren toki anitz, erakustegi eta beste, berriz idekiak dira, baldintzapean bada baldintzapean. Jendea multxo ttipika hartuz, denak maskatuak egon behar eta elgarretarik ez sobera hurbil. Besta eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016