Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2022ko Ekainaren 30a
Herriko besten bilduma - Oinezko ibilaldi gormantak
Legebiltzarreko bozak
Horra nola gure herrian bigarren itzuliko bozak iragan diren: Bozdunak: 897. Bozkazaleak: 423 (lehen itzulian 445), bali 360 (434 lehen itzulian). Ardietsi dute: Lasserre Florence (Ensemble) 185 boz (%51,39) eta Sandra Pereira-Ostanel (NUPES) 175 boz (%48,61). Xuri 41, ez bali 22. Abstentzioa %52,84 eta xuri edo(ta) ez bali %14,89.
Herriko bestak arras kausituak
Hiru urte bazuen gure gaztek ez zutela egiazko herriko bestarik antolatu. Azken izurritea momentukoz desagerturik, joan den asteburuan zen aurtengoen tenorea, aroak lagundurik denak ontsa joan dira.
Lehen gauean, Kutxa lasterketa antolatu zuten, jende anitz jin zen, herritar eta auzo herritarrek eraiki hiru edo lau erroten gainean ibiltzen diren motorrik gabeko ibilgailu berezien ikustera. Orotara 15 bat lehiatu ziren, Herriko Etxea eta harrobi ohia artean, gazteen artean bat herritar erretretadun berria izanez, Larraineko Alain Stener. Txalo gehienak hunek ukan zituen.
Bigarren gauean, zikiro pestan, gure gaztek 650 apairu zerbitzatu zituzten. Kopuru huntan mugatuak baitzituzten tokiak, ehunka gaztek zikiroa ezin izan dute jastatu. Halere aterabidea atzeman zuten herriko eta auzo herrietako ostatuetara joanez. Ondoko dantzaldiak (plaza betea berant arte), bai eta astelehen arratsekoak, arrakasta handia ukan zuten. Igande arratsaldeko Aiherra Kantuz sailean, herriko talde ezberdinek (eskola libroak, kabalkadak, Beltzuntzek, herriko kontseiluak, pesta komiteak, xaharren elkarteak), 9 kantu eman zituzten. Asteleheneko herritarren eguna, herritarren arteko afariarekin eta Kiki Bordatxo taldeak animatu dantzaldiarekin bururatu zen. Hemen ere giro ona nagusi zen eta plazer ukan dugu hoinbertze herritar euskal dantzak emaiten eta kabalkadako makilariak dantzan aritzen ikustea. Biba gazteak, 3 urtez isilik egonik, azkenean herriko besta ederren antolatzea lortu duzue!!
Oinezko ibilaldi gormantak
Eskola giristinoko burasoek heldu den igandean, uztailaren 3an, Aiherrako kaskoetan oinezko ibilaldiak antolatuko dituzte. Nornahik parte har dezake, 3 ibilaldi mota ezberdinen artean hautatuz: 6 kmkoa, 13 kmkoa eta 17 kmkoaren artean. Abiatzea, denentzat eliza gainetik eginen da, ibilaldi laburra (9:30), artekoa (8:00) eta ibilaldi nagusia (8:00/8:30).
Ibilaldi hauen berezitasuna da ibilaldian zehar tokiko laborarien ekoizpenak jastatzen ahalko direla. Goiza bururatzen ahalko da taloak eta edariak heltzean hartuz, eskola giristinoko aterbean.
Izen emaiteak lekuan berean eginen dira. Ongi etorri deneri!











