Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2022ko Ekainaren 30a

Eiheran ate idekitze - Amikuzeko ikastolaren dokumentala - Udako arte ikusgarria, Uhartehiriko jauregian

Eiheran%20ate%20idekitze%20-%20Amikuzeko%20ikastolaren%20dokumentala%20%20-%20Udako%20arte%20ikusgarria_%20Uhartehiriko%20jauregian

Amenduzeko Eiheran ate idekitze arrakastatsua

Denbora euritsua izanik ere, joan den igandean Amenduzeko Eiheran bizpahiru ehun lagun pasatu dira, bi urtetarik egiten den ate idekitzean. Gehienak Iparraldetik etorriak baziren, Hegoaldeko batzu ere ikusi ditugu. Jean-Claude Mailharrin eiheraren jabeak, Dominique Mirailh-en laguntzarekin, eihera baten lekua eta eragina historian zehar azaldu ditu, baita ere hunen antolaketa. Xehetasun anitz talentu handiarekin eman dauzkigu, euskaraz eta frantsesez. Bere haurrideak eta lagunak ere hor ziren, bisitarieri harrera egiteko, bai eta jatera eta edatera emaiteko.

Eguna bukatzean, Garruzeko Noëlek, karia horretarako idatzi bertsuak kantatuak izan dira, Jean-Claude eta berekin arizan diren laguntzaileak eskertzeko. Ukrainako gertakariak aipatu ondoan, huna kantatua izan den azken bertsua:

(Airea: Ikusten duzu goizean)

Araiz jinen da bakea

Hori baita beharrena

Han eta hemengoena

Halere pentsa behar dugula

Ukan lekuko ogia

Beraz hazi ereitea

Hor dugu eginbidea

Ez jasaiteko gosea.

Diputatu bozen bigarren itzulia Amikuzen!

Parte hartzea %55,8koa izan da, lehen itzulian baino gutixago. Gutienik bozkatu duen herria Arrueta-Sarrikota izan da (%46,36) eta gehienik egin duena Ostankoa (%75). Boz xuri eta baliogabeak bi itzulien artean goratu dira, 132tik 403rat pasatuz.

Amikuzen, Trounday (Ensemble) lehen ateratzen da 2.393 bozekin (%60,25), 979 boz irabaziz bi itzulien artean. Echanizek 1.579 boz eskuratu ditu (%39,75), lehen itzulitik 925 boz gehituz.

Emaitzak herrika hartuz, Echaniz lehen ateratzen da bi herritan (Arrueta-Sarrikotan eta Behaskanen) eta Trounday beste 25 herrietan. Euskal Herrian, Trounday laugarren bozka-gunean nagusitzen bada, Echaniz (NUPES) lehen ateratzen da 89 bozen abantzuarekin. Garaipen hau Biarnoko bozkatzaileeri zor badie, abertzaleak ere eskertzen ahal ditu, parte batek hunen alde bozkatu baitu.

Ikusiko orain, Echaniz gure deputatu berriak, nola kontutan hartuko dituen Euskal Herriko gaiak, hizkuntza politika eta presoen askatasuna besteak beste.

Amikuzeko ikastolaren dokumentala

Amikuzeko Ikastolak bere 50 urte kari, dokumental bat muntatu du egungo eta atzoko buraso, langile, ikasle eta erakasleen lekukotasunen bidez, ikastolaren historia kondatzeko. Dokumental hori uztailaren 8an Donapaleuko zineman (20:30) proiektatua izanen da.

Filma aitzin (19:30), argazki liburuaren aurkezpena eginen da: mende erdiko ibilbidea, argazki, prentsa artxiba eta afixa zaharrek kondaturik. Lekuan berean jateko eta edateko izanen da. Sartzea 5€.

Udako 5. arte ikusgarria, Uhartehiriko jauregian

Aitzineko urtetan bezala, aurten ere Uhartehiriko jauregiko kapera zabalik izanen da, lekuko artista batzuren lanak ikusteko. Sei artistek landu obrak ikusten ahalko dira uztailaren 1tik agorrilaren 31 arte: Christian Saint-Marc (margolan), Gratianne (margolan eta kolatze), Marie Roger Etchegoyen (margolan), Nina Beddar (margolan), Pascal Billard (zizelkatura), Pauline van Dort (margolan).

Ateak egun guziez idekiak izanen dira (15:00-17:00). Sartzea urririk.

Baxe Nafarroako erakustokiko hitzaldiak

Baxe Nafarroako erakustokiko udako hitzaldiek segitzen dute. Ostegun huntan, ekainaren 30an, Argia Olçomendy mintzatuko da "Les représentations de l'émigrant basque et de l'Indiano dans l'hebdomadaire Eskualduna (1900-1920)" gaiaz. Hitzordua Bideaken emana da (20:30).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3648. zbk

Gure Hitza | 2022/06/30

Frantziar erakundeak

Jean-Louis Harignordoquy

Bortz urtez irautekotan, aldi huntan gehiengo osorik gabeko legebiltzarrak ikasi beharko du alderdikeri antzuen baztertzen, eta bozkatzaileen nahiak kondutan hartuko dituen hautsi-mautsien aurkitzen. Kanpaina denboran berek erran dutenaren arabera, gure hiru diputatuek Ipar Euskal Herriko arrangurak gogoan itzatuak dituzte. Haatik, ikusi beharko dute pisu politiko gehiago nola lortu. Ukanen dute jos ahala urratu lan, lehenik beren taldean entzunak izaiteko, gero bertze alderdietakoekin adostasunetara heltzeko.

Berriki, Gure hitza sail huntan oroitarazi ginuen Frantziar Estatuak beste boteregune frango ere badauzkala. Horiek dira herritarrek hautatzerik ez dugun gobernukideak, ministroak eta heien zerbitzuburuak, eskualdeka eta departamenduka banatu Estatuaren ordezkariak. Azken hauetan aurkitzen dira prefetak, prokuradoreak, errektoreak eta bertze. Plazer dugu ikustea duela lau asteko artikulu harek irakurle batzu mintzarazi dituela....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016