Herriz Herri - Urruña (L) | 2022ko Ekainaren 30a
Leon Dongaitz pala txapelketa - Iparra-Hegoa - Urruña adizkari jokoa - Libertaterako sua mendietan -Euskarabentura
Leon Dongaitz pala txapelketa aitzina!
Apirilaren 29an izan zen lehen partida eta orduz geroztik egunero, arrats aldean, partida bat jokatzen dute. Agorrilaren 5ean, larunbatarekin, finalak egiteko asmoa dute. 65 bikote osora, neskak eta mutilak, hiru mailatan banaturik. Ekainean zehar ere, partida bikainak ikusteko aukera ukanen dugu.
Iparra-Hegoaren pregoia Segurako bestetan
Ekainaren 23an, ostegunarekin, eta Donibane Besten kari, Iparra-Hegoa elkartekoek emanzuten pregoia (edo mezua), Segurako bestetako lehen egunean. Hor baziren urruñar frango. Noizko Urruña eta Seguraren arteko birazkatze ofiziala?
"Urruña" aldizkariaren jokoa
Ekainaren hasieran plazaratu zuten "Urruña" aldizkariaren 3. zenbakian, joko modukoa aurkeztu dute. Bada galdera zehatz bat, 2. zenbakian azaldu zen gai bati buruzkoa, eta erantzuna aldizkariaren erredakziora igorri behar da. Irailaren hastapenetan, herriko bestekin batera, aldizkariaren egile den Urrunaga elkarteak zozketa bat eginen du jaso diren erantzunen artean. Saria: 50 euro Xanpol Urrutiaren harategian erosteko. Erantzunak igortzeko: urrunaga.elkartea@gmail.com.
Merkatua Pausun
Hilaren 26an, igandearekin, ohiko merkatua izanen da Pausun. Hilero bigarren eta laugarren igande guziz egiten da.
Argazki erakusketa
Uztailaren 1etik 31ra, zabalik izanen da Posta gelan William Daniels-en argazki erakusketa. Urririk.
Herriko Eskolaren Besta
Uztailaren 1ean, ostiralarekin (18:00), herriko eskolaren egoitzan.
Ttipi-ttapa ibilaldia
Uztailaren 2an, larunbatarekin (08:30), Ttipi-ttapa ibilaldia izanen da. Irteera Oletan, Trabenia ostatuan. Osora 9 km. Antolatzailea: Minbiziaren Aurkako Liga. Parte hartzeko donazioa: 10 euro. Kittorik 12 urtetik beheitiko haurrentzat. Informazioa: 06-52-19-73-60.
Libertaterako sua mendietan
Uztailaren 2ko larunbat gauean, sua piztuko dute Pirinioetako 300 gailurretan, Euskal Herriak eta Kataluniak burujabetzarako duten eskubidea lau haizetara zabaltzeko asmoz. Mandale, Xoldokogaina eta Larrungo gailurretan ere ez da libertaterako sua faltako.
Merkatua Zokoan
Uztailaren 4an, astelehenarekin, (8:00-13:00) merkatua Zokoan, ohiko tokian.
Iparraldeko pilota txapelketa plaza laxoan
Hilaren 18-19ko asteburuan,Iparraldeko Pilota Txapelketaren final-zortzirenak jokatu zituzten. Honako emaitza izan zen herriko pilotarientzat: Arbeletxe eta Etxemendi (Irisartarrak) 30 / Bideondo eta Zigarroa (Urruñarrak) 29. Laida euskal pilotariei!
Euskarabentura herrian
Aurtengo Euskarabentura Espedizioa uztailaren 1etik 31ra izanen da. Maulen hasiko da eta Getxon bukatuko. Osora 700 km-ko ibilaldia eginen dute, horietatik 500 km oinez. Zazpi probintzietako eta diasporako 128 gaztek hartuko dute parte eta zazpi hiriburuez gain beste 35 bat herri ikusiko dituzte. Uztailaren 21ean, ostegunarekin, Baionatik Urruñara etorriko dira, 18 km-ko ibilaldia eginez. Herrian euro-eskualdeko ordezkarien bisita instituzionala ukanen dute. Uztailaren 22an atseden eguna gozatuko dute herrian eta uztailaren 23an, larunbatarekin, Hendaia aldera abiatuko dira, 20 km-ko ibilaldi batez. Ondotik, Hendaian Txingudi Badia txalupaz igaroko dute Elkano Fundazioko kideekin batera.
Migratzaile bat itota Bidasoa ibaian
Ekainaren 18an, larunbatarekin, 25 urteko migratzaile bat itota topatu zuten Pausuko zubitik gertu, Irungo aldean. Hau da aurten Bidasoa ibaia zeharkatu nahian ito den bigarren migratzailea, Osora jadanik hamar migratzaile hil dira muga modu batean edo bestean pasatu nahian.











