Azalekoa | 2018ko Azaroaren 22a

Gerlaren Trauma Euskal Herrian

E.B.

Garaipenaren desfilea Baionako Herriko Etxe aitzinean
Garaipenaren%20desfilea%20Baionako%20Herriko%20Etxe%20aitzinean

Joan den astean, Eneko Bidegainek Gerla Handiari buruzko gogoeta egin zaukun, gertakari hori orokortasunean hartuz. Aldi huntan Ipar Euskal Herritik abiaturik kondatzen dauku nola iragan zen eta zer ondorio izan zuen.

Oihartzun handia ukan dute azaroaren 11ko ospakizunek, aurten. Euskal Herrian ere manera berezian ekarri da gogora Lehen Mundu Gerlaren bururatzearen mendeurrena, azaroaren 10ean ekitaldi berezia antolatu baitzuten Baionako Antzokian. Ez zuen deus ikustekorik biharamuneko desfileekin. Han ez zen bandera xuri-gorri-urdunik, jantzi militarrik eta Marseillaise-rik. Baionako antzokian, antzerkiaren, bertsuen, kantuaren eta mintzaldien bidez omendu zituzten gerla hartara joan ez ziren milaka intsumituak eta desertoreak, ehun urtez desohorera kondenatu zituztenak. Dozenaka urtez ezin izan zuten herrira itzuli, preso sartuko zituztelako bestela. Anitz joan ziren Ameriketara; batzuk Euskal Herrira itzuli ziren, baina Hegoaldera; beste anitz ez ziren sekula itzuli, amnistia ukan ondoan ere ez Baionako antzokiak ez zituen ahantzi gerlan hil zirenak ere. "Euskara baizik ez zekiten haiek... Morts pour la Patrie..." ahapaldia anitz ekarri da gogora azken urteetan. Gorka Knorren kantu ospetsu hura kantari horren beraren ahotik entzun zen Baionan. Bartzelonatik espresuki joan zen ekitaldi hartara. Kontatu zuen nola gelditu zen harriturik, duela 45 urte Ipar Euskal Herrian herriz herri zebilela, herri bakoitzean hilen oroitarri bat ikusi zuenean, gerlan hil zirenen izenak han zizelkaturik. Kasik 6.000 euskaldun hil ziren gerla hartan, gehienak 30 urtez beherakoak. Bertze gisan erraiteko: gerlara joan ziren lau gizonetik bat hil zen. Bizirik gelditu ziren hiru laurden horietatik beste zati handi bat zauri larriekin itzuli zen etxera. Biztanleriaren arabera begiratuz, Ipar Euskal Herriak herritarren %3 galdu zuen. Zenbait herri ttipitan latzagoa izan zen odol-hustea, Liginaga, Basusarri eta Ilharre herrietako biztanleen %7 baino gehiago hil baitzen gerlan. Zenbait etxetan, bizpahiru semek galdu zuten bizia. Gerla haren ondorioz, Ipar Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko lotura tinkotu zen. Hainbeste lagun hilik eta hainbeste lagunek bizia arriskuan ezarririk Frantziaren alde, jendea frantsesago sentitu zen. Denek egin zuten gerla "frantses" gisa; gainera Frantziak irabazi zuen... Haientzat, eta bereziki ondoko belaunaldientzat, sakrifizio hori izan zen Frantziarekin lotzeko bidea. Frantziak berak indar handia egin du, ehun urtez, gerla hari buruzko omenaldiak antolatzeko eta, haien bidez, Frantziaren nazio proiektua jendearen buruetan sartzeko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3475. zbk

Dena laparrra den sasipean ez da arrosarik izaiten

Sahar Khalifa

Gure Hitza | 2018/11/22

Ekaitz artean baikor

Peio Jorajuria

Aste berezia suertatu zaigu iragan den hori. Aste inarroslea. Anaia baten heriotzeak jo gaitu bete betean. Oraindik gaztea, 60 urte, erretretako adinera heldua doi doia. Mixel, Heleta Etxebarneko zurkaitza zen, sendoa, azkarra, alaia. Engaiamendu askotakoa, herriko hautetsi ere zela. Bainan bazterrak errausten ari dituen minbizi beltzak hegalak erre dizkio. Ehorzketa elizkizun hunkigarriak ukan ditu, sustengu zabalarekin, bihotz altxagarri. Denak eskertuak izan ditela. Ez adiorik anaia maitagarria.

Itsasun ere jo du hil ezkilak. Aitor Sarasua bertsularia joan zaiku. 51 urte baizik ez zituen, biziaren erditsua eritasun larri bat karreatuz eraman behar izan duela. Bisitañoa egin diogu. Zer maitasunezko giroa aurkitu dugun haren inguruan! Maiana bizilagunak eta Maddi alabak opari bat izan dela azken egunetan Aitorren inguruan bizitakoa daukute erran, maitasuna gaindizka. Eta maitasun horren haizeak ufatzen zuen oraindik herriko elizan iragan den eskerronezko ospakizunean....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016