Mundu zabalean | 2018ko Azaroaren 22a
Mundu Zabalean
M.L.
Sute erraldoiak Kalifornian
Bi sutek hunkitzen dute larriki Kalifornia azaroaren 8az geroztik. Iparraldean Camp Fire deitu duten suteak 60 000 hektare eremu hunkituak zituen joan den astelehenean. 10 000 bastiza, etxe partikular, bastiza publiko eta lantegi aterbe sutan joanak dira. Joan den astelehenean suhiltzaileek zioten Camp Fire sutearen %55 kontrolpean zeukatela. Eta bilana guziz larritzen duen zenbakia, suteak hilik utzi dituenena: joan den larunbat arratseko azken bostekin 76 presuna ziren suak erailak. Horiei gehitu behar zaizkie beste 1276 presuna falta ekarriak direnak. Azaroaren 8an ere piztu zen sua Kaliforniako hegoaldean, San Frantzisko hiritik aski hurbil, Woolsey Fire deitua dute. Hemen suteak ez ditu oihanak bakarrik hunkitzen Malibu bezalako aizina-lekuak ere itsaso hegietan. Hiru hil bederen lerrokatuak zituzten joan den astelehenean; 40 000 hektare eremu kurritua zuten suek joan den asteleheneko bilanean, eta 550 bastiza suntsituak zituzten. Ez dute ordea erraiten zenbat jende lekuarazia izan den, dozena milako bat bederen su-hiltzaileek ahapetik diotenez.
Ukraina GPA edo Haurra Bestentzat Sortzearen parabisua
Munduan barna hemezortzi estatuk legeztatua dute haurra bestentzat sortzea (GPAHBS). Hauek dira: Amerikako Estatu Batuak, Argentina, Australia, Brasil, Erresuma Batua, Errumania, Errusia, Grezia, Hego- Afrika, India, Iran, Israel, Kanada, Kanputxea, Tailandia eta Ukraina. Aldiz, hiru estatuk gain gainetik debekatzen dute: Alemaniak, Frantziak eta Quebec estatuak. Beste dozena-erdi batetan ez da, ez legeztatua, ez eta ere debekatua: Belgikan, Irlandan, Herri Beheretan, Polonian eta Eslobakian. Kasu bereziak palataraka aurkeztuak izan dira auzitegietan GPA-HBSren inguruan. Hala nola Indian eta Kanputxean kanpotarrei debekatua zaie bertako HBSortzaile bati dei egitea. Grezian HBS eskakizunak auzitegiek baimendu behar dituzte. HBSa onartua den estatu gehienetan haur sortzaile emazteak jadanik haur bat ukana behar du, hots amatasun segurtatukoa izan behar da. Europako auzitegiak duela lau urte behartuak ditu estatuak molde horretan sortu haurrak beren herritarretan lerrokatzerat, estatuek HBS debekatzen baldin badute ere. Ukrainak merezi du aipamen berezi bat. Hain segur ere estatu hori baita ekialdean HBSren lurralde nagusia. Hiru arrazoinen gatik: HBS legeztatua da han 2008az geroztik; haur ukaiteko molde horren baldintza higienikoak guziz pikoan emanak dituzte; hirugarrenik, eta ez da arrazoin txipiena, HBSa Ukrainan 26 600 euro gostatzen da, Amerikako Estatu Batuetan 133 000 euro kondatu behar delarik.
(gure) kontsumo ohituren bilakaera
Lehenbiziko Leclerc supermerkatua 1949an ireki zuen Edouard Leclerc-ek Bretainian. Geroztik Iruinean supermerkatu bat irekitzearekin 1992an Espainiako estatuan sartu zen. Haren ideia nagusia zen hazkurriak ahalik eta merkeen proposatu jende xeheak gauza onak merkatuan aurkitzeko gisan, hazkurrien partea apalduz bere buxetean. Estatistika zifreek gain gainetik arrazoin emaiten diote. Alabaina hilabetean 360 euro gastatzen dute bana bestekoan familiek beren hazkurrien erosteko. Beren buxetaren %20a nonbait han. 1960an beren buxetaren %34,6 gostatzen zitzaien hilabeteko hazkurria. Ohargarri da zenbat apaldu den hazkurrien partea gure buxetean 60 urte barne. Artetik erraiteko bizitegiaren gastuak du gure buxetean lehen tokia aurten, bigarren tokian garraio gastuak dira eta hazkurriena hirugarrenean. Estatistikek salatzen digute ere nola kontsumitzen dugun. Gure hazkurrien %70 supermerkatuetan erosten dugu. Beti eta arrakasta handiagoa dute gutartean zaku gardenetan jateko prestik paratuak diren hazkurriek. Ireki eta mikro uhainean doi bat berotu ondoan berehala jaten ahal diren platak. Alabaina ez dugu denbora tuntik janaria bar-bar-bar berotzen uzteko. Zenbatuak dituzte ere janariaren inguruan iragaiten ditugun denboraldiak. 1986an egunean oren bat eta 11 minutu hartzen genuen janariaren apailatzeko. 25 urte berantago 53 minututara jautsiak ginen. Bestalde eguneko hiru otorduak eta, noizean behin, arratsaldeko askaria gozatzeko bi oren eta 13 minutu iragaiten dugu. Etxekoen artean ongi komunitzatzeko parada emaiten digu denboraldi horrek, ez baldin badugu bederen telebistaren aitzinean jateko ohitura hartua.
Kanpotar ikasleak Frantzian
Kargudun batzuren artean arrangura pizten ari omen da Frantziak ez duela aski ikasle kanpotarrik hartzen. Hara sail horretako estatistikek zer salatzen diguten. Joan den ikasturtean 343 000 kanpotar baziren Frantzian goi mailako ikasketak egiten ari. Horien artean %45 afrikarrak dira, eta Europako beste 26 estatuetatik etorriak %25 ziren. Marokarrak dira multzo kopurutsuena %11, Aljeriatik etorriak %8,9 ziren, doi doia Xinatarrak baino kopurutsuago (%8,8) Ohargarriak hor bizpahiru errealitate. Ikasle kanpotarretan mutikoak direla aise nagusi. Kasik denek beren sorterrian lehen graduko ikasketak eginak dituzten hizkuntzako estatua hautatzen dutela unibertsitatera joaiteko. Haatik guziz goiti doan salbuespena xinatarrek erakusten digute. Goi-ikasketak frantsesez eta, gero eta gehiago ingelesez egin beharrak ez ditu tuntik lotsatzen. Beste errealitate bat oraino: ikasketa klasikoetara datozen kanpotarrak apur bat emendatzen baldin badira, injinari eta komertsa eskoletan sartzen direnak biderkatzen dira urtero.
.225023.jpg)










