Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2018ko Azaroaren 22a

Aiherra

Publikoa Xabier Itçaina entzuten
Publikoa%20Xabier%20Itcaina%20entzuten

Mintzaldi-eztaibada interesgarria

Gure herrian kabalkada baten prestatzen ari baigira, honen antolatzaileek eta Belzuntze elkarteak Xabier Itçaina itsasuarra joan den ortziralean zortzi gomitatu zuten solasaldi batera. Hau kabalkadetan aditua izanez, xedea zen honi esker kabalkadaren funtzioa nola aldatu den urteetan zehar jakitea. Oren batez, hitza harturik, eta bilkurara ekarriak zituen dokumentu asko, idatzi eta argazkietan oinarriturik. Honek pasarazi zuen mezua da lehen kabalkada edo toberak edo gauaz egiten ziren galarrotsak, gauza seriosak zirela, batzutan ongi bururatzen zirenak, baina batzutan bortizki ere. Herriko gazteek zuten eskubidea baliatzen, orduan gauza batzuren salatzeko zen, eta akusatua zen herritarrak ez bazuen gazteriak galdatu diru kopurua emaiten, orduan toberak-kabalkada antolatzen zuten herriko gazteek, herritarrak eta auzo herritarrak plazara gomitatuz. Zaldiz (kurrierak) auzo herritarrak abisatzen zituzten noiz eta nun antolatzen zuten ikusgarria, eta zer nahi jende biltzen zen. Xehetasunetan sartu gabe, artetik jakin dugu Aiherran 1811n, toberen forma hartu zuten protesta batzuk antolatu zituztela (50 lagunek gazte bat zaindu zuten soldado joaitera ez uzteko), 1887ko otsailean Izturitzen galarrotsak antolatu zituztela, frango bortizki bururatu zirenak tiro eta preso sartze batekin, bai eta Hazparnen 1950 eta 1960 artean, hor hil batekin. Geroztik, lehengo toberak desagertu dira, hau da aldaketa, eta kabalkadek aitzina segitzen dute, baina gai sozialagoekin orain eta beharrik! Hala nola lan, lur eta herriko hautetsi edo herriko afera batzuk aipatuz. Adibidez, 1974 urtean, Iholdin tobera-antzerki soziala muntatu zuten aintziraren proiektuaren kontra egiteko, tentsio handiarekin iragan zena. Bilkurara etorriak ziren 65 herritarrek, trago bat hartuz segitu zuten goxoki gai hau eta beste aipatuz.

Abarratia pilota elkartearekin: aupa neska mutilak!

Abarratia pilota batasunari doakionez, bi berri hauen aipatzea hautatu dugu: - Neskek, palantxan, Euskal Herriko txapelketaren kondu, finalean galdu zuten, Miren Soubelet eta Maika Minjou herritarrek Kanboko ezker paretan, Airetik batasuneko lehen parearen kontra (Naia Errecart eta Laura Elisseiry). Frango aise galdu dute, baina hein hortara heldurik goresmenak merezi dituzte, segur baigira segituz berantago irabaziko dutela. Aupa neskak! - Esku huska, gazteen mailan, Remy Etchevers eta Mattin Durrutyk galdu: hauek ari ziren igandean zortzi, Hazparneko Berria trinketean, Urruñarren kontra. Elgarren parean ziren 2 taldeak, eta azkenean gureek 35 eta 40 galdu zuten, partida zinez ederra eginik. Txaloak merezi dituzte 4 pilotariek. Hauen goi maila ikustea espero dugu.

Euskaraldia, ortziraletik goiti 11 egunez Aiherran

Zer da hori? Hau da 11 egunez, euskararen erabilpena sustatzeko egina den kanpaina, Euskal Herri guzian iraganen dena, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Bi seinale mota papoan emanen dituzte, izena emana dutenek, edo oraino emaiten ahal duten herritarrek. - "Ahobizi " seinalea: liranja kolorea du edo horaila da. Hau papoan emaiten duenak euskalduna dela erran nahi du, euskara mintzatzen duela, eta honekin euskaraz mintzatzea nahi duela. - "Belarri prest" seinalea: urdina da. Hau papoan emaiten duenak, euskara konprenitzen du, baina ez du mintzatzen oraino, edo euskaraz aritzeko ez da ausartzen. Haatik, bera frantsesez edo piska bat euskaraz aritzen ahal baldin bada, galdetua da honi euskaraz mintzatzea. Horrela menturatuko ditaike emeki-emeki euskaraz mintzatzea, edo lagunduko dugu emeki-emeki euskara menperatzen. Nola egin seinale edo txapa horien emaiteko? Aiherran jende andana batek jadanik izena emana du hauen eskuratzeko. Larunbat goizean Herriko Etxean errekuperatzen ahalko dira, (09:30-11:00), eta kafea biskotxekin eskainiko zaie hauen hartzera heldu diren herritarrei. Bistan da euskaraz eginen dela dena! Izenen emaiteko azken egunak dira: https:/izenematea.euskaraldia. eus/ (interneten hau klika ezazue). Baina izenik emana ez baduzue, joan zaitezte halere Herriko Etxera. Hor eskuratzen ahalko dituzue.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3475. zbk

Dena laparrra den sasipean ez da arrosarik izaiten

Sahar Khalifa

Gure Hitza | 2018/11/22

Ekaitz artean baikor

Peio Jorajuria

Aste berezia suertatu zaigu iragan den hori. Aste inarroslea. Anaia baten heriotzeak jo gaitu bete betean. Oraindik gaztea, 60 urte, erretretako adinera heldua doi doia. Mixel, Heleta Etxebarneko zurkaitza zen, sendoa, azkarra, alaia. Engaiamendu askotakoa, herriko hautetsi ere zela. Bainan bazterrak errausten ari dituen minbizi beltzak hegalak erre dizkio. Ehorzketa elizkizun hunkigarriak ukan ditu, sustengu zabalarekin, bihotz altxagarri. Denak eskertuak izan ditela. Ez adiorik anaia maitagarria.

Itsasun ere jo du hil ezkilak. Aitor Sarasua bertsularia joan zaiku. 51 urte baizik ez zituen, biziaren erditsua eritasun larri bat karreatuz eraman behar izan duela. Bisitañoa egin diogu. Zer maitasunezko giroa aurkitu dugun haren inguruan! Maiana bizilagunak eta Maddi alabak opari bat izan dela azken egunetan Aitorren inguruan bizitakoa daukute erran, maitasuna gaindizka. Eta maitasun horren haizeak ufatzen zuen oraindik herriko elizan iragan den eskerronezko ospakizunean....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016