Han eta Hemen | 2018ko Azaroaren 22a
Lurrama 13. edizioa arrakastatsua
Hautetsiak, Gérard Choplin gozaitarekin
Urte guziz Lurramako antolatzaileek herrialde bat gomitatzen dute, aurten Poitou Charentes- eko laborariak ziren etorriak beren produktuekin. Hango berezitasunak dira behi eta ahuntz esnekiekin egin ekoizpenak, heiek ere badituzte hemen bezala beren gisako taloak, ahantzi gabe denek ezagutzen duten Pineau arnoa eta koñaka. Ostiral arratseko afaria gomitatua den herrialdearen esku da, Biarritzeko sukaldaritza eskolaren laguntzarekin 550 pertsoneri jatera eman dute. Beste egunetan ere jendea plazerrez etorri da hor ziren bazkari eta afarietarat. Aurtengo ekitaldia Europar parlamentuari buruz itzulia zen, Laborantzarako Politika Bateratua (PAC) solasgai zelarik. Iñaki Berhocoirigoin, Lurramako presidenteak ekitaldiko estreinaldian ongi azpimarratu duen mezuan, gogoarazi du 2019ko maiatzean Europar hauteskundeak direla eta, erreforma berri bat plantan jarria izanen dela. Laborari guziek segituko duten eztabaida, nola ez laguntza horri esker baitituzte ordaintzen salneurriak. Errana denez laborari baten irabaziaren %85a laguntza hortarik heldu da. Lurramako konferentziak gai horren inguruan eginak izan dira. Lurramako arduradunentzat, beharrezkoa litzateke PAC-ari buruz galdeketa baten egitea jakiteko zer izan behar litzateken diru-laguntza hori. Dei bat ere zabaldu du Euskal Elkargoko hautetsieri buruz, beren ardura dela laborantza iraunkor baten garatzea. Gérard Choplin, ofizioz agronomoa dena, aurtengo gozaita zen, harek ere adierazi du behar zela PAC delakoa formulaz aldatu, 5 aldiz erreformatua izan bazen ere ez dituela laborari ttipiak laguntzen baina bai laborantzako indus trial handiak. Kontsumitzaileak eta laborariek ekoizten dituzten produktuak kondutan hartu behar direla, zenbaki batzuk emaiten zituela, adibidetzat loditasunarengatik munduan urtero 2,8 miliun pertsona hiltzen dira. Hortarako proposatzen du laborantzarako aldaketak ekarri behar direla, hurbileko eta kalitateko janariak ekoiztuz.















