Euskal diaspora | 2018ko Azaroaren 22a
Euskaraldia, Euskal Australiar Alkartea, New York eta Gene Cachenaut
Joseba Etxarri
EUSKARALDIA.
Azaroaren 23tik abenduaren 3raino euskaraz bizitzeko eta euskara gogoan izateko ekimena da Euskaraldia, Euskal Herri osoan eta bere diasporan ere bideratzen ari dena. Bakotxak deliberatzen du 'ahobizi' edo 'belarriprest' gisa parte hartu, eta lan hortan ari dira baita ere Diasporan, abenduaren 3an, ENE Nazioarteko Egunean bururatuko den proposamen honekin bat egiten. Anitz dira antolatzen ari diren ekimenak, Mexiko hiritik (Post Lehiaketa eta Euskaraldia Rallya antolatu dituzte aste huntan) Buenos Aires, Valentzia, Mendoza, Montevideo, San Frantzisko, Madril, Parise, Boise, Santiago, Valparaiso-n... eta euskal komunitateekin batera Etxepare Euskal Institutuak munduko hamaika unibertsitatetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurleak ere partaide dira. Nonahi zirelarik parte hartzen ahal duzu sare sozialetan den eta Euskaraldia. eus webgune duen ekimen huntan.
AUSTRALIA.
Ez dira menturaz Ipar Ameriketako euskal artzainak edo Hego Ameriketako euskal emigrazioa bezain ezagutuak, baina euskaldunek historia bat ukan dute Australian ere, eta euskal komunitate antolatuak sortu ziren, mementu batez, hiru euskal etxerekin Sydney, Melbourne eta Townsvillen. Orain, Australian sortu edo bizi izan diren euskal-australiarrek elkarte bat antolatu dute Euskal Herrian, eta Zuzendaritza hautaturik, Amaia Urbueruaga (Townsville, 1954) deliberatu dute lehendakari. Elkarte berriak bere lehenengo elgarretaratze eta elgarezagutze egun bat ere antolatu du, helduden igandean, azaroaren 25ean, Gernikako Zimela jatetxean. 250 pertsonek eman dute jadanik izena. Interesatua bazira, aski duzu Amaiari telefonatzea: (+34) 688 860 197.
NEW YORK, AEB.
New Yorkeko euskaldunek ere elgarretaratzeko deia egin dute. Kasu huntan hitzordua helduden ostiralean izanen da hiriko Eusko Etxean. Ideia da, hirira heldu berri direnak eta aspaldiagotik hirian bizi direnak elgarrekin bildu eta elgar ezagutzea. Gomita iragan maiatzetik Eusko Jaurlaritzako Estatu Batuetako ordezkaria den Jorge Fernandez- ek egin du, eta pintxoak eta edaria ere partekatuko dira, eta ondoren Eusko Etxeko kantina ere zabalduko da. Parte hartzeko idatzi otoi usa@euskadi.eus helbidera.
GENE CACHENAUT.
Tupustean zendu da Kalifornian, Chino ondoan, Eugene 'Gene' Cachenaut, 50 urtekoa, aita baxenabartarra. Emazte eta haur nerabea uzten ditu. Iaztik Southern California Euskal Etxeko lehendakari zen. Elizkizunak iragan ebiakoitzean egin zaizkio. Familiaren laguntzeko kanpaina bat hasi da interneten, Gofundme.com-en.











