Herriz Herri - Ainhoa (L) | 2018ko Azaroaren 22a
Euskaraldia
Bihar, ortziralea (18:30) Euskaraldiaren lehen eguna dela eta, mintzaldi bat antolatua da Elkartetxean. Gaia, Ainhoa eta ainhoarrak, lehen eta orain izanen da. Horren aipatzeko, bospasei ainhoarrek hitza hartuko dute eta haien oroitzapen eta esperientziak aipatuko dituzte, hala nola mendiko bizia eta artzaintza, sagarno eta etxearnoaren egitea, eta euskal kultura herrian. Ainhoar guztiak gomitatuak dira, eta Euskaraldian izena eman dutenek txapak hartzen ahalko dituzte han bertan. Mintzaldia eta gero, aperitifa eskainia izanen da.
Baztango trilogia, Dolores Redondo idazle españolak idatzi zituen hiru eleberriek osatzen dute. Heldu den urtean, bigarren eta hirugarren liburuak zinemara egokituko dituzte. Azken liburuan, Ofrenda a la tormenta, Ainhoa herria agertzen da eta bereziki hilerria eta karrika nagusia. Joan den astean, ortzegunean, egun osoan Ainhoa herria filma eszenatoki bihurtu zen: orotara ehun bat aktore, figurante eta teknikari goizetik ailegatu ziren eszenak grabatzeko. Hilerria eta karrikako toki zenbait erreserbatuak zitzaien, grabaketaren beharrentzat. Bi filmak, Legado en los huesos eta Ofrenda a la Tormenta 2019an aterako dira Espainiako zinemetan.











