Herriz Herri - Senpere (L) | 2018ko Azaroaren 22a
Senpere
Zinema À¢'€'" Eztabaida Larrekon ostiralean:
"Pipitak" deituriko filma dago aurkeztua urririk denendako Larreko salan azaroaren 23an (21:00), antolatzaile delarik "Pour un Sourire d'Enfant", Herriko-Etxearen languntzarekin. Kanbodiako Phnom-Penheko zikintegia miatuz aritu dira milaka haur bizirik egoiteko. Frantses bikote bidaiari baten ezagutzeko parada izan dute, infernu horretatik atera daitezen borrokatzeko prest. Gazte hauek hogeita bost urte dituzte orain, ikasketak bukatu edo lanean hasiak. Gaur egun "Pour un Sourire d'Enfant" elkarteari esker, hamar mila haur hezkuntza ezagutu eta beren etorkizuna eraikitzen ari dira. Film hunek tristezia bazterrerat utziz sekulako poza eta esperantza erakusten du. Haur horien irriak gaualdia argituko du. Bi orenen iraupena du, ez huts egin.
Argazki lehiaketa:
Zortzigarren aldikotz antolatzen dute lehiaketa berezi hau, Herriko- Etxeak eta Arranoa argazki elkarteak, gaurko lema "Hiriko Arkitektura". Urtero arrakasta pollita sortzen du lehiaketa hunek, argazkilari amaturrek beren talendua erakusten ahal baitute publikoari. Araudi asko bete beharko dira parte hartzeko, alabainan izen-emaitearekin argazkiak igorri behar dira Herriko-Etxera, abenduaren 31aitzin. Urtarril hastapenean erakutsiak izanen dira Herriko- Etxeko salan, otsailean epaimahai batek saristatuko ditu 3 argazki hoberenak (300€ partekatzeko). Xehetasun guziak eta izen emaiteak arranoa.canalblog. com, arranoa64@gmail. com, Herriko-Etxean bertan edo deituz Denis Carlier: 06 88 18 16 36.
Heriotze:
Senperen ongi, Heletan ontsa, hola definitu ahal litaike Bernateneko Mizel Jorajuriaren bizitza, gaitz maltzur batek bentzutu aitzin 60 urterekin. Nungo elkartetan ez ote du parte hartu Mizelek, klikan, suhiltzaileetan, parropian, herriko kontseilari, kabala ferien antolatzaile, eskolako burasoen elkartean, Lur- Berriko langileen ordezkari eta abar. Esku emaiteko beti prest zagon, bihotz handiko zerbitzaria, kantaria ere, beti alai, irriñoa ezpainetan, hunek huts handia utziko du bere inguruan. Anitz senpertarrek, Heletarako bidaia eginik, parte hartu dute mundu bat bildu duen ehorzketetako mezan. Orain goza dadila zeruetako lur berrietan eta betiereko ferietan, ez adiorik. Dolumin bizienak penetan uzten dituen famili eta lagun guzieri.
Euskaraldia:
"Euskara jalgi hadi plazara" denek kantatzen dugun aspaldiko errepikak oroitarazten dauku euskararen erabiltzeak lehen ere bere griñak sortzen zituela. Hedabideek ongi zabaltzen dute naski Euskaraldiaren beharra eta hunekin datozen ekintzak han eta hemen. Denek ulertu dugu, euskara mintzo dutenek (ahobizi) edo euskara konprenitzen dutenek (belarriprest) indar berezi bat egin behar dugula 11 egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ak artean. Senpertar gehienak gomitatuak gira urratsak emaiterat zentzu hortara, gure baitan ditugun muga edo arrastak gaindituz, euskararen erabiltzea bilaka dadin ohidura natural bat denendako.
Errugbian:
Gure lehen taldeak amore eman du 17/23 Baionako ASB-ren kontra, halere punttu bat lortu du, ikusleek zioten partida orekatua izan dela bainan holakoetan etxeko taldeek abantail ttipi bat ukaiten dutela. Erreserbak ere galdu du 3/17, helduden igandean Mugerreko taldea errezebituko dute Gazteluko kirol zelaian, publikoaren sustengoa espero dute.
.220149.jpg)










