Egun eta bihar | 2018ko Azaroaren 22a

Egun eta Bihar

J-B D

Frantzia guzian, zernahi jende jauntzi horiekin
Frantzia%20guzian_%20zernahi%20jende%20jauntzi%20horiekin

Egun nahasia

Arrunt berezia izan da joanden larunbateko hori, lekuka igandean ere segitu dutena. Berezia eta nahasia, bi mila manifestaldi Frantzia guzian gaindi, zernahi jende jauntzi horitan plantatuak eta denek erakutsi nahi aseak direla, kezkatuak eta nardatuak! Bide ainitz zerratuak, ibilaldi batzu apo harmatuen urratsean - bare korkoilen zalutasunean erraiten dute frantsesez - bazterrak kexu, halako sukar batek hartuak. Zalaparta asko ere izan da, eguna histu dutenak. Hil bat eta lau ehun bat kolpatu, zaurituetan zazpi segurik handizki hunkiak. Hil dena, Saboia eskualdean, 63 urteko emazte bat. Auto batek du aurtiki, autozaina arrunt izitua zoalarik. Manifestaldi handiak zinez, alderdi eta sindikatetarik kanpo gutarteko jende batzuk muntatuak. Parisen, horiz jauntzi parrasta bat nahi zen bildu Eliseoko jauregiaren aitzinean. Polizak ez ditu utzi sobera hurbiltzerat. Urrunetik bada urrunetik "Marseillaise" delakoa kantatu diote Macron presidentari. Eta horiek oro zer ondorio ote? Hori ondoko egunetan ageriko dudarik gabe. Christophe Castaner barne-minixtroak erran du gobernuak entzun dituela manifestaldietan parte hartu dutenak. Igande aratsean, hori bera du errepikatu Edouard Philippe gobernuburuak, begia ilun iluna. Bainan nola hartu behar dira ateraldi horiek? Bestalde, Gérard Collomb barne-minixtro ohiak, berriz Lyoneko auzapez jarria denak, dei bat zabaldu dio gobernuari hobeki kondutan har ditzan ainitz jendek dituzten arrangura saminak.

287.527

Barne-minixtroak maite ditu kondu xuxenak. Kondaketa egin-arazi du zonbat ziren horiz jauntziak joanden larunbatean. Orotarat, aratsean erran duenaren arabera, 287.527. Berriketari ainitzen gustuko ainitz eta ainitz gehiago bazen. Bainan goazen paso. Aldiz huntan ez da pasorik, guretzat behin. Nola erraiten ahal da 287.527 zirela, nola ateratzen ahal hoin kondu xuxena? Etzirena izaitekotz 287.528, norbait ahantzia izanik? Edo 287.526, norbait bi aldiz kondatua! Zinez, atera kondua irringarria da, edo hala litake ez balitz-eta lotsagarria. Holako konduak agertzen dituztenak, minixtro izanikan ere, jende xeheaz trufatzen dira! Eta ez guti!

Bololo

Biziki eskolatua da Edouard Philippe gobernuburua. Ez da beraz harritzeko joanden egunean, larunbatean beharrak ziren manifestaldietaz mintzo zelatik, erabili baitu hitz arraro bat kasik nehork ez duena konprenitu. Frantses hiztegietan ere ez dena agertzen bainan beharbada ikusiko dena hemendik aitzina: hitz hori da "bololo", nik segurik untsa pollita kausitzen dutana, beharrientzat arras goxoa. Bololo hori soldado bezala Afrikan ibiliak diren batzuk hartua omen dute Kongo eskualdeko lingala deitu mintzairatik. Bololo hitz horrek erran nahi du badela zerbait nahaskeria, zerbait oztopo handixko norbaitek ezarria eta ez dena onesten ahal... Gobernuburuak erran baitu manifestaldietan ere ez dela bololorik ezarri behar, erran nahi zuen manifestaldiak haizu direla bainan izari bat atxikitzekotan, bazterrak sobera nahasi gabe. Orai denek badakigu beraz zer den bololo eta hitz hori frantsesak beretu duen bezala ez ote du euskarak ere beretzen ahal?

Kexu

Bazterrak beti kexu daude Marsellan hiru etxe leherturik Karrika berean, zortzi lagunek bizia galtzen ziela errekontru handi hortan. Berriz ere ibilaldi bat egin da holako gertakaria ezin onetsia dela oihukatuz. Zortzi mila lagun bildu dira. Herriko Etxearen aitzinerat hurbilduak zirelarik polizak ez ditu utzi aitzina segitzerat. Zalaparta pizkorrak izan dira orduan.

Ez agertuko bainan...

Aste huntan da Frantziako auzapezen biltzar nagusia. Macron presidentak jakinarazi du ez dela biltzar hortarat agertuko. Berenaz, ez da berri harrigarria edo ez litake hala behar segurik. Presidenta ez da denetan izaiten ahal. Bainan hara, jaz izan zen eta hitzeman zuen urte guziz jinen zela. Hori da orai kezkagarri. Denen buru haatik presidentak erran du ez dituela auzapezak gutiesten, ez aparantziarik ere. Zonbait ehun baditu bere jauregirat gomitatuak eta bestalde deneri gutun bat igorria diote, edo igorriko, oroitarazteko ja zer egina duen eta nolako xedeak ere dituen herrien garapena gogoan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3475. zbk

Dena laparrra den sasipean ez da arrosarik izaiten

Sahar Khalifa

Gure Hitza | 2018/11/22

Ekaitz artean baikor

Peio Jorajuria

Aste berezia suertatu zaigu iragan den hori. Aste inarroslea. Anaia baten heriotzeak jo gaitu bete betean. Oraindik gaztea, 60 urte, erretretako adinera heldua doi doia. Mixel, Heleta Etxebarneko zurkaitza zen, sendoa, azkarra, alaia. Engaiamendu askotakoa, herriko hautetsi ere zela. Bainan bazterrak errausten ari dituen minbizi beltzak hegalak erre dizkio. Ehorzketa elizkizun hunkigarriak ukan ditu, sustengu zabalarekin, bihotz altxagarri. Denak eskertuak izan ditela. Ez adiorik anaia maitagarria.

Itsasun ere jo du hil ezkilak. Aitor Sarasua bertsularia joan zaiku. 51 urte baizik ez zituen, biziaren erditsua eritasun larri bat karreatuz eraman behar izan duela. Bisitañoa egin diogu. Zer maitasunezko giroa aurkitu dugun haren inguruan! Maiana bizilagunak eta Maddi alabak opari bat izan dela azken egunetan Aitorren inguruan bizitakoa daukute erran, maitasuna gaindizka. Eta maitasun horren haizeak ufatzen zuen oraindik herriko elizan iragan den eskerronezko ospakizunean....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016