Inbido | 2018ko Azaroaren 22a

Nork nahi du ugarte bat erosi?

Muslaria

Nork%20nahi%20du%20ugarte%20bat%20erosi?

Bazinakitena? Ugarteak badira salgai hor gaindi! Bereziki Eskozia iparraldean. Biziki leku pollitean kokatzen diren batzu. Toki hotzak haatik. Bainan hotza hein bat aise jasaiten duena ez du horrek lotsatuko... Orotarat, batzu Eskoziako portuetarik hurbil, beste batzu frango urrun, itsasoan galduak bezala, badira 790 ugarte. 86 zointan baitira biztanleak, orotarat 103.000 duela zazpi urte egin kondaketaren arabera. Bestalde beraz, 704 ugarte zointan ez baita nehor bizi bainan denek ba beren jabea, batek salbu, zonbaitetan jabe bat baino gehiago izanki berdin... Biztanlerik gabeko lur horietan dira kausitzen salgai direnak. Eta nekez saltzen, biziki nekez, saltzaleek errepikaturik ere bazterraren aldetik toki xoragarriak direla..

Norena da Rockall?

Arras kasu berezia da Rockall ugartearena. Denen buru ugarte behar dea ere deitu? Hain da ttipia! Harri mokor bat xutik uhainen erdian, besterik ez da. Handienean, doi-doia 25 metro zabal. Leihor hurbilena 305 kilometrotan! Bakarra da jaberik ez duena. Erosi nahi bazinu norekin behar zintazke tratuan arizan! Hain segur Eskoziako gobernuarekin. Eta hau da pollitena hain segur: Eskoziak berea dauka ugartetxo txar hori bainan hiru herrialde badira hori ez dutena onesten. Irlanda, Danimarka eta Islanda. Hiruek gauza bera erraiten: "Rockall ez da Eskoziarena, gurea da!" Ez omen da haatik gerlarik piztuko horren gatik.

Linga eta beste

Salgai diren ugartetan, horra Linga, 280.000 eurotan ukaiten ahal. 84 urte nehor ez dela gehiago han bizi. Badira eraikin batzu bainan arrunt estatu txarrean. Hoinbeste denboraren buruan, nola izan ditake bestela? Merkeago, prezio erditan, 135.000 euro aski, erosten ahal da Nan Gabhar ugartea, ahuntzen ugartea deitzen dutena. Zernahi ahuntza alde bat han izanki. Bainan ahuntzak balinbadira norbaitenak dira, norbait jiten da beraz zertan diren ikusterat... Eta ez artetan bakarrik... Nor ote? Hori segeretu handi bat omen da, nehori ez dena salatu behar... Salgai ere, bainan bi miliun eurotan, Tanera Mor ugartea. Bederatzi etxe ba oraino xutik eta ez hain gaizki omen. Nola eroslerik ez den agertzen, erabaki dute dena bat saltzeko partez hiru pozitan despeitzen ahal luketeela... Debaldetan orainokoan segurik...

Arima herratuak

Bada ere beste ugarte bat aspaldian salgai eta nehork ez duena nahi. Little Ross ugartea, hamar hektarakoa. Jabeak 367.000 euro eskatzen. Toki miresgarria omen bainan fama txarra duena. Noizbait, gaitzeko gertakari itsusia izan omen zen han nunbait. Geroztik, diote ugarte hori madarikatua dela, arima herratuak ere hor ibiltzen, debrua bera ere gutien ustean jiten ahal! Eta zer diote tokiaz gustatzen direnek? "Guk ez ditugu ixtorio horiek sinesten, bainan nork daki, zer gerta ere, nahiago dugu halere holako ugartea ez erosi".

Ulva

Bada ere ugarte bat, Ulva, ez dena gehiago salgai, denbora batez hala izanik. Aspaldian, familia bat han bizi bainan luzaz etxetiar. Nagusiak ugartea saldu nahi. Delako familia beldurtu zen ugartea erosiko zuenak kanporatuko zituela han bizi zirenak. Bainan familia ez aberatsa eta ez aski diru tratuaren trenkatzeko. Dei bat zabaldu norbaitek etzuenez laguntzen ahal. Eskozia guzitik bost ehun familia agertu laguntzaile. Eta hola bildu sosarekin aspaldian hangotuak zirenek ugartea beretu... Elkartasun ixtorio pollita zinez!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3475. zbk

Dena laparrra den sasipean ez da arrosarik izaiten

Sahar Khalifa

Gure Hitza | 2018/11/22

Ekaitz artean baikor

Peio Jorajuria

Aste berezia suertatu zaigu iragan den hori. Aste inarroslea. Anaia baten heriotzeak jo gaitu bete betean. Oraindik gaztea, 60 urte, erretretako adinera heldua doi doia. Mixel, Heleta Etxebarneko zurkaitza zen, sendoa, azkarra, alaia. Engaiamendu askotakoa, herriko hautetsi ere zela. Bainan bazterrak errausten ari dituen minbizi beltzak hegalak erre dizkio. Ehorzketa elizkizun hunkigarriak ukan ditu, sustengu zabalarekin, bihotz altxagarri. Denak eskertuak izan ditela. Ez adiorik anaia maitagarria.

Itsasun ere jo du hil ezkilak. Aitor Sarasua bertsularia joan zaiku. 51 urte baizik ez zituen, biziaren erditsua eritasun larri bat karreatuz eraman behar izan duela. Bisitañoa egin diogu. Zer maitasunezko giroa aurkitu dugun haren inguruan! Maiana bizilagunak eta Maddi alabak opari bat izan dela azken egunetan Aitorren inguruan bizitakoa daukute erran, maitasuna gaindizka. Eta maitasun horren haizeak ufatzen zuen oraindik herriko elizan iragan den eskerronezko ospakizunean....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016