Hegoaldean | 2018ko Azaroaren 22a

Hegoaldean

Hegoaldean

Jakin taldea sariztatua

Joseba Intxaustik, Joxe Azurmendik, Paulo Agirrezabaltzategik eta Joan Mari Torrealdaik sortu zuten Jakin kultura taldea 1956an, eta ondotik, izen bereko euskarazko aldizkaria martxan eman zuten. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakinarazi du aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina talde horri emanen diotela, sortu zenetik orain arte euskal hizkuntza eta kulturaren alde egin duen lan baliosa sariztatzeko. Olanoren arabera, "talde horri eusten jakin dute, eta azpimarratzekoa da, gure herrian eta gure kulturan parekorik ez duena: batuta eta nortasun handiz jarraitu dute gure kulturari ekarpena egiten eta eragiten. Merezi dute".

Europako kirol herria

Elgoibar herriak 2019ko Europako Kirol Herria izendapena eskuratu du berriki, dituen kirol azpiegitura eta kirol eskaintzarentzat, bai eta kirol ekitaldiak antolatzeko duen gaitasunagatik. Kirolaren Europako Hiriak eta Herriak (ACES) elkarteak ematen duen saria da Elgoibarrek ukan duena. Gian Francesco Lupattelli ACES elkarteko presidenteak zorionak eman dizkio herriari, sariaren berri emateko igorri dion gutunean. Ane Beitia Elgoibarko auzapezak abenduaren 4an, Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan izanen den ekitaldian eskuratuko du izendapena.

Euskal presoak

Euskal presoen giza eskubideen alde bermatzen den Sare plataformak maila instituzionaleko bi egitasmo sustatzen ditu. Hauen helburua da euskal presoek jasaten duten salbuespenezko egoeraren berri ematea eta hainbat eragileren arteko adierazpen instituzionalak erdiestea. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek jakinarazi dute zenbait hilabete hautan bilkurak egiten ari dituztela alderdi politikoekin. Mementoan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan adostu dituzte adierazpenak, euskal presoen urrunketa gelditzea eta eri handi diren presoak libratzea galdegiteko. Bego Atxak zehaztu du EAJ, EH Bildu, PSEPSN eta Elkarrekin-Podemosen aldeko bozekin gehiengo politikoaren onespena eskuratu dutela. Adierazpen horiek berak onartu dituzte ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek, eta hemendik aitzina udalerriekin ere gisa bereko hitzarmenak adosteko ahalegina eginen dute. Bestalde, Espainiako eta Kataluniako zenbait eragile eta ordezkari politikorekin ere bilkurak eginak dituzte jadanik, eta bide horretan segitzeko xedea dute.

Xalbador Garmendiaren heriotza

Xalbador Garmendia euskara irakaslea, itzultzailea eta euskaltzain urgazlea hil da, 86 urtetan. Zaldibiarra zen sortzez, baina Anoetan bizi zen. 1968ko Arantzazuko biltzarrean, bost txosten aurkeztu zituzten euskara batuaren oinarri gisa, eta horietako bat, deklinabideari buruzkoa, Garmendiak landua zuen. Lehenagotik ere ari izana zen euskal kulturgintzan lanean, antzerkian eta dantza sailean, besteak beste. Itzultzaile gisa, berriz, obra klasikoak itzuli zituen, hala nola Albert Camus-en Les Justes, Antoine de Saint Exuperyren Le Petit Prince eta Gabriel Garcia Marquezen Cronica de una muerte anunciada. Euskara zuzentzaile gisa ari izan zen Zeruko Argia astekarian eta Egin egunkarian. Eusko Kontseilu Goreneko itzultzaile ere izan zen, eta Gernikako estatutuaren itzulpenean ere parte hartu zuen.

Kargu uzte

Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak bere kargua utzi du, azken lan eskaintza publikoan agertu diren irregulartasunen ondotik. Azken hauek direla medio, EH Bilduk eta PPk galdegin diote dimisioa eman dezan. Galde bera egina zuten ere sindikatu zenbaitek, arrazoi berengatik.

Gastronomiako doktoretza

Heldu den ikasturtetik aitzina, gastronomia saileko doktoretza ikasketak eskainiko ditu Basque Culinary Centerrek. Beraz, Donostian dagoen goi-mailako sukaldaritza eskola hori izanen da nazioartean gastronomiari buruzko doktoretza ikasketak eskaintzen dituen lehena. Joxe Mari Aizeaga Basque Culinary Centerreko zuzendariak erran duenaren arabera, goi-mailako sukaldaritza eskolak berrikuntza du ardatz. Ildo horretarik, lehengaiei balioa emanez, sektoreko eragile ekonomikoak izateko helburua dute. Horretarako, sukaldea, zerbitzua, enpresa-kudeaketa eta zientzia aplikatuak uztartu nahi dituzte. Ikasturte honetan, nazioarteko 32 herrialdetarik etorri 600 ikaslek izena eman dutela azpimarratu du Aizeagak. Halaber, Basque Culinary Centerrek euskal Barne Produktu Gordinari 10 milioi euroko ekarpena egiten diola zehaztu du. Zuzendariaren arabera, sukaldaritza eskola horretako ikasleek "enplegu betea" erdiesten dute. Gehienak gastronomiarekin lotuak diren lanetan aritzen dira, eta beste batzuk, aldiz, ikerketari dedikatzen diren enpresetan.

Euskalgintza

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko bilana egin du azaroaren 15ean. Karia horretara, hemendik aitzinako lan ildoak aurkeztu ditu, Bilbon egin den ekitaldian. Hizkuntza politikarako proposamenen urtea izan da 2018a, Kontseiluaren ustez. Eremu horretan lan egiteko, bi irizpide zehaztu dituzte: alde batetik, zeharkakotasunez egin behar dela hizkuntza politika, administrazio osoaren bidez, eta ez euskara sailetik bakarrik: beste aldetik, hizkuntza eskubideak bermatzea hartu behar dela oinarri gisa. Mahai gainean dituzten lege xedeak aipatu dituzte. Eusko Legebiltzarrean, lehentasunen artean ezarri dute hezkuntza lege berria. Eusko Jaurlaritzari proposamen bat igorria dio Kontseiluak. Paul Bilbao idazkari nagusiak adierazi du euskalgintzaren eta hezkuntzako eragileen artean adostasun handia dagoela euskalduntzea bermatuko duen eredu bat plantan ezartzeko. Nafarroako Parlamentuan ere bada gai garrantzitsu bat: Euskararen Legea aldatzeko batzordea. Hari ere egina dio proposamena Kontseiluak: hizkuntza eskubideak bermatzea eman du oinarritzat. Kontseiluaren aurtengo proposamen nagusia, preseski, eskubideekin lotua da: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren garapen bat prestatu du Euskal Herrirako, eragile andana batekin eskuz-esku. "Hizkuntza politikak birpentsatzeko" agiria da, Paul Bilbaoren arabera. Haatik, horretarako eragileen eta erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa dela ohartarazi du.

Soinu jolearen semea: filma

Bernardo Atxagaren eleberririk ezagunetakoa da Soinu jolearen semea. Liburuak kontatzen duena antzerki gisa eman izan da jadanik. Oraingoan, izen bereko filma atera berri da. Azaroaren 19an estreinatua izan da Huelvako Zine Iberoamerikarraren Zinemaldian, eta sail ofizialean lehiatu da. Fernando Bernuesek zuzendu du, eta aktoreak, bertzeak bertze, hauek dira: Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues eta Eneko Sagardoi. Istorioaren gaia bi lagunen arteko harremanean oinarritzen da. Haietako bat, David, hilzorian da, eta Joseba, haur denborako laguna, azken agurra ematera joanen zaio Kaliforniara. Biak ETAko kideak izan ziren, Francoren diktaduraren azken urteetan, eta David bere herritik joan zen, kideek arbuiatu zutelako. Bi protagonisten bizitzetako hiru etapa ageri dira filmean: haur denbora, 20 urte inguru zituzteneko garaia eta, azkenik, 50 bat urte zituztenekoa. Azken topaketa horretan, egiari buru egin beharko diote bi lagunek. Patxo Telleriak egokitu du gidoia zinemarako, eta musika Fernando Velasquezek egin du. Azken honek, musika original hoberenaren Goya saria irabazi zuen joan den urtean.

Herri galdeketak

Joan den igandean egin dira Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin Gure Esku Dagok antolatu herri galdeketak. Aitzineko egunetan, parte hartzeko deia zabaldua zuten EH Bilduko eta EAJko ordezkariek. Bestalde, Donostiaren kasuan, parte hartzera deitua zuten ere zuzenbide saileko 33 profesionalek. Adierazpen bat izenpetua zuten argudiatuz erabakitzeko eskubidea "demokraziari lotzen zaion oinarrizko eskubidea" dela eta zenbait gaitan "lehen legeak jasotzen ez zituen eskubideak jendartearen lanari, borrokari eta elkarlanari esker ezinbestekoak" direla gaurko egunean. Donostiakoan parte hartzearen alde agertu dira ere 150 irakasle, hezitzaile eta irakaskuntzako langile. Azaroaren 18ko kontsulta honen berezitasuna da Donostia izan dela herri galdeketa antolatu duen lehen hiriburua. Kontsulta egin ahal izateko, 2 000 boluntario baino gehiago ari izan dira lanean. Horien artean ikusi dira abokatua, legelaria eta politologoz osatu Berme Batzordea eta nazioartetik etorri begiraleak. Orotara, 230 210 lagunek izan dute beren iritzia emateko parada Gure Esku Dagok antolatu galdeketen bidez. 28 684 pertsona izan dira boz ematen. Beraz, parte hartzea %12,46koa izan da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3475. zbk

Dena laparrra den sasipean ez da arrosarik izaiten

Sahar Khalifa

Gure Hitza | 2018/11/22

Ekaitz artean baikor

Peio Jorajuria

Aste berezia suertatu zaigu iragan den hori. Aste inarroslea. Anaia baten heriotzeak jo gaitu bete betean. Oraindik gaztea, 60 urte, erretretako adinera heldua doi doia. Mixel, Heleta Etxebarneko zurkaitza zen, sendoa, azkarra, alaia. Engaiamendu askotakoa, herriko hautetsi ere zela. Bainan bazterrak errausten ari dituen minbizi beltzak hegalak erre dizkio. Ehorzketa elizkizun hunkigarriak ukan ditu, sustengu zabalarekin, bihotz altxagarri. Denak eskertuak izan ditela. Ez adiorik anaia maitagarria.

Itsasun ere jo du hil ezkilak. Aitor Sarasua bertsularia joan zaiku. 51 urte baizik ez zituen, biziaren erditsua eritasun larri bat karreatuz eraman behar izan duela. Bisitañoa egin diogu. Zer maitasunezko giroa aurkitu dugun haren inguruan! Maiana bizilagunak eta Maddi alabak opari bat izan dela azken egunetan Aitorren inguruan bizitakoa daukute erran, maitasuna gaindizka. Eta maitasun horren haizeak ufatzen zuen oraindik herriko elizan iragan den eskerronezko ospakizunean....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016