Gure Hitza | 2018ko Azaroaren 22a
Ekaitz artean baikor
Peio Jorajuria
Aste berezia suertatu zaigu iragan den hori. Aste inarroslea. Anaia baten heriotzeak jo gaitu bete betean. Oraindik gaztea, 60 urte, erretretako adinera heldua doi doia. Mixel, Heleta Etxebarneko zurkaitza zen, sendoa, azkarra, alaia. Engaiamendu askotakoa, herriko hautetsi ere zela. Bainan bazterrak errausten ari dituen minbizi beltzak hegalak erre dizkio. Ehorzketa elizkizun hunkigarriak ukan ditu, sustengu zabalarekin, bihotz altxagarri. Denak eskertuak izan ditela. Ez adiorik anaia maitagarria.
Itsasun ere jo du hil ezkilak. Aitor Sarasua bertsularia joan zaiku. 51 urte baizik ez zituen, biziaren erditsua eritasun larri bat karreatuz eraman behar izan duela. Bisitañoa egin diogu. Zer maitasunezko giroa aurkitu dugun haren inguruan! Maiana bizilagunak eta Maddi alabak opari bat izan dela azken egunetan Aitorren inguruan bizitakoa daukute erran, maitasuna gaindizka. Eta maitasun horren haizeak ufatzen zuen oraindik herriko elizan iragan den eskerronezko ospakizunean. "Zein den ederra ekaitz artean baikor denaren patxada" ginuela kantatzen.
Bitartean hor ginuen Lurrama feria, heriotzearen gainetik biziak aitzina jotzen baitu. Aurtengo edizioa hamahirugarrena zen. Zenbaki horren inguruan bada oraindik ere sineskeria frango. Baizik eta zorte txarraren ikurra dela, xantza makurra dakarrela. Ustekeriak azpikoz gora ezarriz, joan den asteburuan Miarritzeko Irati erakustazokan iragan den Lurramak arrakastaren ildotik jo du, aitzineko edizioen gisa. Denik ere, hori koloreko jantzi-gainen ganik izan diren bide blokatzeek, Frantzia guzian eta Ipar Euskal Herrian ere gertatu direnak erregaien prezio emendatzeen kontra protestatzeko, traba zerbait ekarri dukete Irati azokagunera hurbiltzeko, bainan oro har guti.
Hiru egunez Lurraman zer jendetza, zer besta, zer gozotasuna! Eta enetzat bietan gozagarri, laborantza herrikoiaren ezinbesteko hitzordu hori bizi izan baitut ez kazetari gisa aitzineko edizioetan bezala, bainan lehen aldikoz laguntzaile xume gisa, muntaketa lanak, baxerak eta beste, seirehun bat xinaurriren erdian. Atseginez bete dutan laguntzañoa. Aitortzen dauzuet haatik ez ditudala mintzaldiak entzun, Europako laborantza politikaz eta beste, doi doia halere Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariaren aipaldia, Laborantzaren Erakunde Publikoaren beharraz, eta ere Gérard Choplin gozaitaren hitz bakar batzuk, sutan den planeta huntan zentzuz jokatzearen beharraz. Han hemenka gurutzatu ditugu ere Poitou-Charentes eskualdeko laborari gomitatuak, Lurramaren giro berezi hortan aurkitzeaz loriatuak zaudenak. Hara beraz aurtengoa joana. Orain beste hitzordu bat dugu aitzinean, ezinbestekoa hau ere, Euskaraldiarena, azaroaren 23a eta abenduaren 3a bitartean iraganen dena, gure euskara maitearen fagoretan. Euskaradun guziak eta hala ez direnak ere, ez beldur izan, junta han edo hemen proposatuak izanen zaizkizuen hitzorduetara.










