Gure Hitza | 2017ko Urriaren 05a
Aldaketak
Janbattitt Dirassar
Joan den astean, izan naiz Baionan.
Joan den astean, izan naiz Baionan. Bazkal ondoan, bilkura batetarat joan aitzin, banuen nonbait han oren bat ene gusturat ibiltzeko harat eta honat. Denen buru, nahiago ukan dut, irakurgai bat harturik, jarririk egon Léon-Bonnat etorbidearen saihetseko parkean. Bazen han jende andana bat, batzuk itzalean eta besteak eguzkitarat. Gauza bati berehala ohartu naiz. Salbu bi emazte, solasean zaudenak, beste guziak bakarrik zauden baina ez arras bakarrik egia erran zeren-eta denek eskutan zuten beren mugikorra eta norbaitekin ari ziren kalakan... Eta ni gogoetatua... Zer eginen zuten bada gizon eta emazte horiek mugikorrik ez balitz izan? Nola bizi ginen bestenaz mugikorrik ez genuelarik? Jakinaren gainean tresna horiek ez direla hain aspaldi agertuak... Gauza bera erraiten ahal da beste muntadura askotaz, konparazione Internet sareaz... Gaurko egunean nolako errextasunak ez dira ba denetarat sartuak diren tresneria horiekin? Noiz nahi mintzatzen ahal zira Patagonian bizi den norbaitekin. Baina gertatzen ahal ere harreman gutiagoren ukaitea zure lehen auzoarekin... Hola aldatzen da gure mundua...
Hau ere Baionan ikusia: aÀ¯'¬'xa handi bat, hizki larriz idatzia Baionan badirela 18 aparkaleku eta orotarat 7400 autoren lekua. Eta zonbait lerro mezu honekin, errextasun guziak badirela hiribarnean egiteko erosketa mota guziak... Eta ni gogoetatua... Baitakit frankotan arras neke dela, Baionarat joan-eta, autoarentzat lekuño baten kausitzea. Eta ikusten baita, udan gehienik baina ez udan bakarrik, Miarritzen, Donibane Lohizunen eta hor gaindi, nolako galkadurak badiren, autoa autoaren gainean, nehorat ezin hein batean abantzatuz, nehon ezin autoa utziz... Eskualde horretarik ere izan dira aldaketa izigarriak. Duela mende erdi bat tira-hala, ontsa ezagutzen dudan herrixka batean, sei auto ziren bakarrik, orai bada batto etxe guzietan, nun ez diren ba biga edo hiru. Nola behar da plantatu ondoko urtetan? Gainerat, beste kanbiamendurik ere aipu delarik, hemendik hogei bat urteren buruko auto guziak argindarrarekin ibili beharko omen baitira...
Bai, zonbat aldaketa bazter guzietan! Adituek diote azken 50 urtetan izan dela denetan, edo kasik denetan, aitzineko hiruzpalau mendez bezainbat kanbiamendu!
Egun guziez aipu da zerbait aldaketa. Eta ni gogoetatua... Hoinbeste aldaketa on denetz?
Badira zinez beharrezkoak. Oraintxe jakin dut Arabia herrialdean heldu den ekainetik goiti emaztek ere autoa gidatzen ahalko dutela! Horretan baitziren, emazteak ez aizu auto baten gidari? On dira segur holako aldaketak, aspaldian egin beharrak!
Beste aldaketa batzuk zentzugabekeria hutsak izan daitezke eta beraz ezin onetsiak! Adibidez, aipatu behar-eta azken egunetan hedatu solas bat, frantses telebistako hirugarren gateak nahi lituzke kendu tokian tokiko berri sailak, emendatu behar litazkeenak izatekoz, eta gure eskualdean euskarari aise toki gehiago eginez!
Horiek hola, aldaketa solas ari-eta, ez nago oroitarazi gabe badugula sail horretan txapeldun bat, eta ez entrabaleko txapelduna segur! Hori da bistan da Emmanuel Macron jaun presidentea. Denak kanbiatu nahi ditu Frantzia azkartu, sanotu eta gaztetu beharrez! Hauxe dira xede onak! Baina zein aldaketa azkenean, eta nola, egundainokotan gogoetatua nago! Gisa guziez, ni segurik ez naiz egonen begiak zurituak eta ahoa xabalik Macron jainko ttipi bat balitz bezala, goizetik arrats, eta gauaz ere berdin, alde bat mirakulu egiten ariko dena! Gauza on batzuk eginen baditu ere, artetan bederen...










