Inbido | 2017ko Urriaren 05a
14ko gerlaren denborako urte latzak
Muslaria
Duela bi aste, Kostaldean sailean, Ondarearen egunak aipatzen-eta, idatzi dugu karia hortarat Jakintza elkarteak aurkeztu zuela 14ko gerlaz atera duen liburua.
Duela bi aste, Kostaldean sailean, Ondarearen egunak aipatzen-eta, idatzi dugu karia hortarat Jakintza elkarteak aurkeztu zuela 14ko gerlaz atera duen liburua. Xehetasunetan batere sartu gabe, bi lerro ezarri gintuen eta hortan kito. Egun, behako zabalagoa emaiten diogu 230 orrialde badauzkan liburu gotor horri. Hasteko, oroitarazi behar dugu Jakintzak jadanik bazuela 40ko gerlaz plazaratua liburu bat urte luze heietako gertakari ainitz aipatuz, kondutan hartuz gehienik Donibane Lohizune, Ziburu, Azkaine eta Urruña lau herriak. Liburu horrek arrakasta ederra ukana, agertu-eta sei hilabeteren buruko bigarren argitalpen bat egin behar izan baitzen. Aldi huntan beraz, 14ko gerlaz ari zauku Jakintza eta aurten jalgitzen du liburua, denbora berean bere hogoi urteak ospatuz, bai eta duela xuxen mende bat, 1917a biziki urte minbera izan zelakotz euskaldun gerlarientzat ere. Bestalde, urte hartan zuen Maurice Ravel ziburutar musikagile famatuak moldatu gerlarien ohoretan "Tombeau de Couperin" musika zati guziz famatua. Urte berean izan baitzen ere gerla denbora hartan gure eskualdean iragan zen itsas-guduka bakarra, zointan Donibane eta Ziburuko hamahiru arrantzalek bizia galdu baitzuten... Hori ere xeheki kondatua liburuan...Lekukotasun meta gaitza!
Oro har haatik, liburuak ez du baitezpada kondatzen lau urte heietan egun guzietako bizia nolakoa izan zen Donibane Lohizuneko alde hortan. Liburua da burutik buru lekukotasun bilduma eder bat, gisa hortan altxor bat guziz aberatsa eta baliosa. Dotzena bat idazle partzuer moldatua izan dena. Lehen parte batean, ondoko kapituluak hobeki konprenitzeko gisan, oroitarazia da Europa zertan zen 1914an. Nolako giro samina zen, nolako makurrak Frantzia eta Alemaniaren artean. Nolako armadak zituzten batzu eta bestek. Goresten da soldadoen bertutea, gorde gabe haatik ainitz desertur eta intsumitu ere izan zela gure eskualdean, gizonen %17 gure departamenduan, gehienak Euskal-Herrian. Toki handia egin zaiote Baionan muntatu erreximendueri, kondatuz nun nola ibili ziren gerla-lekuetan. Hola jakiten da gerla-toki horietarik zonbaitetan oroit-harri bereziak badirela eraikiak euskaldun soldadoen ohoretan. Batto Craonne izeneko zelaian ikus ditakeena, guduka itsusiak izan ziren eremu batean, 1928-an estreinatua Paul Durquet apezak bazterrak harroturik hortarako...










