Egun eta bihar | 2017ko Urriaren 05a

Egun eta Bihar

J-B D.

Gobernuak prestatuak ditu heldu den urteko aurrekontuak.

Aurrekontuak

Gobernuak prestatuak ditu heldu den urteko aurrekontuak. Nolako diru-sartzeak ukanen dituen eta bildu sosa zertan xahutuko duen. Horiek oro larri-larria agertuak, argitasun gehiago emanen ondoko egunetan. Zerga batzu arinduko direla, hitzeman bezala funtsean, aski deplauki segurtatua zauku. Nor irabazle arintze horrekin? Ainitz familia omen, eta azkenean denak, kantu hori du segurik entzun- arazten gobernuak eta zoin poliki... Ezkerraldean ez dira haatik ados, diote aberatsek dutela zerga gutiago pagatuko, ez baitezpada gutarteko jendeak. Ez da hori arras hola zeren-eta etxe-zergaren apaltzearekin baditake jende gehienentzat arintze pizkorra izan ditakeen. Ikusi behar halere apaltze hori nola eginen den... Bainan ainitz ontasun badutenek pagatzen zuten zerga berezia apalduz edo kenduz, bistan da aberatsak direla azkarki laguntzen. Hori ere ikusi behar da. Gobernuaren esperantza, zerga berezi hori pagatzeko partez sosdun frangok nahiko dutela sos gehiago ezarri lantegi batzutan eman dezagun eta gisa hortan laneskasa, beti gora dagoena, eztituko dela... Bainan nork daki, aitzinetik erraiteko, eta segurtamenekin, holakorik izanen ote den ala ez?

Xaharrak aise bizi!

Beste pundu kezkagarri bat: zerga batzu apalduko badira ere, CSG delakoa emendatuko da erretretan direnentzat. Nun ez duten arras erretreta ttipia hunkitzen. Bi ministrori entzun diotegu solas bera, emendatze hori arina izanen dela, hilabetean 15 euro edo holako zerbait. Xaharrek indar hori aise egiten ahal dutela. Barbara Pompili macrontiar deputatua ere - "berdea" izana denak bainan kolorez kanbiatua - gisa berean mintzatua da telebixtan, gaitzeko irri polita eginez gainerat, xahar ainitz arras untsa bizi direla, hoinbeste gaztek lanak badituztelarik lanbide bat edo(eta) bizitegi bat ezin ukanez... Bainan zer da istorio hori? Nahi ote lukete xahar-gazteen arteko kataska zerbait piztu eta hazi? Ez ditazke ez hortarik ari bainan holako solas nahasiak ez dira kaltekor baizik izaiten ahal...

Edmond Maire

Joan den igandean zendu da, 86 urtetan, frango luzaz eri egonik, Edmond Maire, CFDT langile sindikataren sortzaileetarik izana eta gero sindikat horren buru-lehena, 17 urtez segidan (1971-1988). Hedadura handiko gizona, beti jende xehearen alde bermatu dena kartsuki.

Nola egin?

Macron presidentak aski errepikatua du hori ere, Frantzia berdin untsa itzulikatzen ahal litakeela, eta beharbada hobeki, deputatu eta zenatur gutiagorekin. Lau ehun bat deputatu hein ona litakeela, orai badirelarik 577. Nola egin hortaratzeko? Bi bide balitazke naski. Edo erreferendum bat, denak deituak bozaren emaiterat, zu eta ni barne. Edo deputatu eta zenaturrak bilduz, artetan egiten den bezala, Versailles hiriko jauregi miresgarrian. Hor buruhauste batzu agertzen ahal. %60aren heineko gehiengoa behar bailitake ardietsi, lege-nagusia berme. Badea holako gehiengo baten menturarik jakinaren gainean zenatur-bozetan macrontiarrak ez direla hain untsa heldu? Deputatu eta zenatur frango ez direa uzkur izanen, kasik beren buruari harrika artzea baitzaiote azkenean galdetuko? Dena den, batzuk diote, hirugarren bide bat ere balitakela eta hura erretxena orai arte ez balin bada ere biziki aipatu. Lege soil baten bidez hartzea gisa hortako erabakia. Legezale ezagutuenak ez dira haatik denak ados. Batzuk daukate hori ez ditakeela egin, lege-nagusiaren kolpatzea litakeela, eta beste batzuk baietz, lege-nagusia gisa hortarat irakurtzen ahal dela... Eztabada-bide bat gehiago beraz...

Itzuli gaitza

Sail huntan berean kondatua dugu Parisek ardietsi dituela 2024ko Joko Olinpikoak. Jaun-andere andana bat Hego-Ameriketako Lima hirian espresuki izanik karia hortarat. Hautua jadanik egina zelarik, Parisek ez partida galtzen ahal... Geroztik, ederrak jakin dira jaun-andere horiek egin duten itzuliaz. Hiru ehun bat lagun baziren orotarat, aise eta aise gutiago askiko zelarik segur! Hegazkin bat bazen espresuki muntatua eta sos ainitz xahutu da, denak handizki baino handizkiago eginez! Jaun-andere horien bazkari-afariak hango jatetxe hoberenetan, aloimendua hotel ederrenetan. Orotarat xahutu da miliun bat eta erdi euro! Ez dea biziki ainitz eta azkenean aise sobera! Batzuk diote, zerbait erran behar-eta, gisa hortan sariztatu direla Parisen alde bermatuak ziren asko eta asko, laguntzaile izan horiek behar zirela nolazpait eskertu... Sosari kasu eginez ari behar dela, hor segurik ez du iduri haatik hortarik ari izan direla! Badira hor gaindi jende xeheaz ederki trufatzen direnak!

Izigarria!

Bai, berriz ere izigarria gertatu da, aldi huntan Marseillan, treinen geltokiaren aitzinean. Igandean, terrorista batek ganibet ukaldika hil ditu bi emazte gazte, han zaudenak beren gusturat. Soldado batzu baitziren handik hurbil, heiek hil dute berehala delako gizona. Daesh sasi-erakundeak bere gain hartu du egintza itsusi hori. Zertaratuak giren bestenaz!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3419. zbk

Gauza eder asko ere erran daiteke frankotan itsusia zaigun mundu honetaz.

Jacques Dor

Gure Hitza | 2017/10/05

Aldaketak

Janbattitt Dirassar

Joan den astean, izan naiz Baionan.

Joan den astean, izan naiz Baionan. Bazkal ondoan, bilkura batetarat joan aitzin, banuen nonbait han oren bat ene gusturat ibiltzeko harat eta honat. Denen buru, nahiago ukan dut, irakurgai bat harturik, jarririk egon Léon-Bonnat etorbidearen saihetseko parkean. Bazen han jende andana bat, batzuk itzalean eta besteak eguzkitarat. Gauza bati berehala ohartu naiz. Salbu bi emazte, solasean zaudenak, beste guziak bakarrik zauden baina ez arras bakarrik egia erran zeren-eta denek eskutan zuten beren mugikorra eta norbaitekin ari ziren kalakan... Eta ni gogoetatua... Zer eginen zuten bada gizon eta emazte horiek mugikorrik ez balitz izan? Nola bizi ginen bestenaz mugikorrik ez genuelarik? Jakinaren gainean tresna horiek ez direla hain aspaldi agertuak... Gauza bera erraiten ahal da beste muntadura askotaz, konparazione Internet sareaz... Gaurko egunean nolako errextasunak ez dira ba denetarat sartuak diren tresneria horiekin? Noiz nahi mintzatzen ahal zira Patagonian bizi den...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016