Euskal diaspora | 2017ko Urriaren 05a
Euskal kultura Argentinako Kongresuan, NABO Montrealen eta Japonian euskaraz
Joseba Etxarri
Joan den astelehenean hasi ziren Buenos Airesen, Argentinar Nazioko Kongresuko Euskal Kultura Jardunaldiak.
BUENOS AIRES, ARGENTINA
Joan den astelehenean hasi ziren Buenos Airesen, Argentinar Nazioko Kongresuko Euskal Kultura Jardunaldiak. Seigarren aldia dute eta heldu den asteko asteazkena arte luzatuko dira, euskal hunkitu bat emanik argentinar hautetsien erakunde nagusiari. Inaugurazio ekitaldian Gernikako Arbola kantatu zuen Kanky Kozameth kantariak eta Buenos Aires bereko Zutarriak deitu euskal musika taldeak jo zuen; bestelako aurkezpenak ere eskaini ziren eta hiriko Euskaltzaleak euskaltegiko korala eta dantzariak ere ari Izan ziren. Geroztik hitzaldi sail bati eman zaio bide eta euskal zinemak ere ukan du lekua, "Gartxot" eta "Gure sor lekuaren bila" À¯'¬'lmak emanik (ostegun eta ostiralean). Heldu den asten, "Euskal Herria. Euskararen herria. Emakumea, mitoak eta ohiturak" hitzaldi interaktiboak markatuko du aurtengo edizioaren azkena, aitzinetik, besteak beste, Teresa Zavaleta irakaslea "Euskara, penintsula iberiarrean indoeuroparra ez den hizkuntza bakarra" gaiaz mintzaturik.
MONTREAL, QUEBEC
Heldu den asteburu huntan NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak bere Neguko Bilkura eginen du, eta Montreal eta hiri huntako Euskaldunak Euskal Etxea ukanen dute antolatzaile. Bilkurarekin bat, Euskal Diaspora deitu duten programa oso bat prestatu dute, ostiraletik igandera. Honi jarraiki, ostiralean harrera-ekitaldi bat ukanen dute Station HO.ST-en eta ibiakoitzean, bilkura Marché Jean Talon lekuan obratuko da. Ondotik, herri kirol erakustaldia prestatu dute, New England Basque Club-eko laguneri esker, baita euskal dantzak eta pintxo dastaketa bat ere eta, gauez, afaria eta dantzaldia.
Igandea, azkenik, piknik eguna ukanen dute eta arraun-erakustaldi bat emanen, segidan Estatu Batuetako eta Kanadako leku hurbil eta urrunetarik jiniko ordezkariek gibelera joateko bidea hartzeko heien hiri eta estatuetara.
TOKIO, OSAKA, JAPONIA
Ostegun huntan abiaturik, hitzaldi sorta bat emanen du heldu diren egunetan Japonian, lerro hauek sinatzen dituen Joseba Etxarri kazetalariak. Hitzaldietarik bi, Asahi Culture Center erakunde ospetsuaren eskutik izanen dira, kultura etxe hunek Osakan duen egoitzan (heldu den larunbatean) eta Tokion, Eneko Atxa euskal sukaldariak hirian zabaldu berria duen jatetxean (heldu den asteko asteazkenean). Beste hitzaldi batzuk, Tokioko "University of Foreign Languages"en eta hiriburu japoniarreko Euskal Etxean izanen dira, guztiak euskal diasporaren zenbait alde aztertu eta aurkezturik, eta euskaraz emanak, itzulpen eta interpretazio lanak bere gain hartuko baititu Sho Hagio irakasle japoniar euskaldunak, zuzenean euskaratik japonierara. Heldu den astean ukanen dugu honi buruzko informazio gehiago Japoniatik.











