Azalekoa | 2018ko Martxoaren 22a
ATXIKI zerbitzuari esker hobeki xahartu
P.J.
2017ko martxoan eman zituen lehen urratsak Atxiki zerbitzuak.
Departamenduko Kontseiluak bultzaturik sortu zen zerbitzu hori, adinean aitzina joanki direnak À¢'€'" oraindik beren etxetan direnak À¢'€'" hobeki xahartzen laguntzeko xedez. Kanboko "Arditeya-Vieil Assantza" erretreta etxeak du zerbitzu hori kudeatzen, Marie-Agnés Haristoy zuzendaria eta Bruno Fortin zuzendari-ordearen ardurapean. Bi langile dauzka Atxiki zerbitzuak, Departamenduak eta CNSA kutxak (Caisse Nationale de Solidarité pour l'Autonomie) osoki finantzaturik: Urepeleko Aline Etcheverry psikomotrizilaria, zerbitzuaren koordinatzaile ere dena, eta Milafrangako Pauline Curutchet psikologoa. Aline Etcheverryrekin mintzatu gira Atxiki zerbitzuaz.
60 urtez goitiko jendeen zerbitzuko
Adin hortara helduak diren Garazi-Baigorriko lurraldeko 30 herrietako jendeeri da idekia Atxiki zerbitzua. Urteen zama bizkarrean deramanari frangotan jiten zaizkio nekeak, gorputzaren edo memoriaren aldetik. Atxikik hain zuzen nahi ditu jende horiek berengaintasuna mantentzen lagundu, bakoitzaren ahalak zainduz. Hots, hobeki xahartzen lagundu. Eta ere, hala beharrez, jendea etxetik aterarazi, harremanak sustatu, bakartasuna hautsi. 60 urtez goitiko nornahik dezake gisa hortan zerbitzu hori erabili, urririk. Taldeak gutienez 6 lagunekoak dira eta gehienez 12/14koak. Tailer desberdinak dira proposatuak. Alinek segurtatzen ditu motrizitate tailerrak: hatsa lantzeko ariketak, gorputza xalointzeko mugimenduak, ginarriak biltzeko lanak, jestuen koordinazioa, adibidez eskua eta begiaren artean. Horieri juntatuak zaizkiela ere oreka edo erortze irriskuen prebentziorako tailerrak. Ariketa sinpleak, material gutirekin, bakoitzak gero bere etxean berriz egiteko gisan. Pauline bere aldetik memorio ahal bezain ona atxikaraztera da bermatzen, anagramo, xifre joko eta holakoekin, kontzentrazioa eta atzartasuna ere ernerik atxikitzeko teknikak emanez, epe laburrean nola atxiki gauzak gogoan eta beste.











