Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2018ko Martxoaren 22a
Mintzaldi | Elektrika mozte | Kantaldi | Musikaldi-Kantaldi |
Mintzaldi -
Lapurdi gela leporaino betea, arrakasta handia ukan du juanden ortziraleko mintzaldiak Gernika gaiaz, alde batetik Jean Claude Larronde Gernikaz eta 1937an han gertatuaz arizan baitzaiku xeheki, eta Robert Poulou, hunek Picassoren ''Gernika'' margoa esplikatu baitu bere aldetik. Agertu dute euskal herri horrek munduan barna ukan zuen oihartzuna, nahiz kontrako zonbaitek garai hortan ixilik utzi zuten gertakaria. Ortzirale huntan dugu beraz Ur Begik antolatu hirugarren mintzaldia. Gaia: "Mendibeko segeria bigarren munduko gerla eta erresiztentzia garaian". Nor da oroitzen segeria horren ixtoriaz? Burdinbideentzat egur galde handia izanez, landestar Pedelucq anaiek, 1924an, erabaki zuten Iratiko pagoak baliatzea. Kabletan zuren garraiatzeaz adituak baitziren italiar Moretti anaiak, 19 kilometro luzeko kablea tokian emaitea galdatua izan zitzaien Iratitik Mendiberaino (Europako luzeena). Nafarroatik etorri langileek, 400 inguru zirela, zituzten segurtatzen oihaneko eta segeriako lanak. Segeriak eta kableak badute beste ixtoriorik, azken huni esker ainitz jendek ihes egin ahal baitzuten bigarren munduko gerla denboran alemanen aztaparretarik. Kable horren muntatzaile baten billoba den Jean Morettik kondatuko ditu orduko gorabeherak. Gisa guziz gai interesgarria da. Hitzordua ortzirale huntan 18:30etan Lapurdi gelan. Ongi etorri deneri.
Elektrika mozte -
Lan batzuen egiteko ENEDIS enpresak kuranta mozte batzu eginen ditu helduden astelehen 26an Arruntza, Heraitze eta Astobizkar guneetan, goizeko 10:00ak eta eguerdi artean. Xehetasun gehiagorentzat ikus Herriko Etxearen webgunea, huntan emanak dira hunkituak daizkeen posta guziak.
Kantaldi -
''Heraitzeko kaperaren adixkideak'' elkarteak antolatzen du kantaldi bat igande huntan Heraitzeko kaperan, 17:30etan. Aurtengo kantaldi hunen lema: BAKEA. Bertan entzuten ahalko dira hiru abesbatza: Plazerrekin (Ur Begi elkartekoa), Koloreak eta parropiako korala. Entzunen da ere Peio Ospital kantari ezaguna bere musikariekin. Kantaldi denboran ere lekukotasun, olerki eta ipuin batzu irakurriak izanen dira. Sartzea urririk. Ongi etorri deneri.
Musikaldi-kantaldi
-Igande huntan ere, 16:30etan, Bilgunen antolatua da musikaldikantaldi bat Labourdins elkarteko musikarien ganik. ''La Fontaine'' idazlearen alegiak izanen dira ikus eta entzungai bi hizkuntzetan (frantsesez eta euskaraz). Sartzea urririk da.











