Inbido | 2018ko Martxoaren 22a

Norat ari da Tiangong 1?

Muslari

Nor da Tiangong 1? Xo, ez da norbait bainan zerbait... Erran ginezake zeru-tresna bat dela, espazio zabaleko ibilgailu bat, xinatarrek zirta baten puntan igorria duela sei urte pasa, 2011-ko irailaren 29-an. Geroztik alde bat Lurraren inguruan dabila, itzuli eta itzuli. Orenean 28.000 kilometro eginez. Aldi bat, 2012-ko ekainean hiru kosmolari, hiruak xinatarrak, bi gizon eta emazte bat, igo ziren barnerat eta hamahiru egunez han ibili. Xinan bereziki zernahi espantu egin zuten hiru lagunak gain-gainetik laudatuz eta bereziki emaztea, Liu Yang, lehen emazte xinatarra espazioan hola ibili dena. Duela urte bat eta erdi hasi ziren haatik arrangurak eta ez entraalekoak. Xinatarrek aitortu zuten etzutela gehiago behar bezala kudeatzen Tiangong 1 horren ibiladia, Lurretik hiru ehun bat kilometrotan bazoana bere bide. Berrikitan jakin da afera hori gero eta makurrago doala. Zeru-tresna galdua bezala ibilki omen da, gero eta apalago jautsiz, orai 240 kilometrotan ditake nunbait han. Xinatarrek berek garbiki salatu dute laster Lurra jo behar duela. Noiz ote, nun eta nola? Hori nehork ez daki segurtasunekin erraiteko...

Pazko irian

Noiz? Hortakoak diren ikerle gehienen ustez, ez du luzatuko. Hilabete hunen ondarrean edo apiril hastean. Batzuen arabera, martxoaren 24-a eta apirilaren 19-a arte hortan. Beste askoren gustuko, epe hori laburtxagoa litake, martxoaren 29-a eta apirilaren 9-a artean. Nun? Nehor ez da atrebitzen galde horri ihardesterat. Lurraren itzuli guzian alimaleko eremua izanki omen zointan gertatzen ahal bailitake. Frantzia eremu hortarik kanpo naski, salbu hegoaldeko xirrixta bat, Euskal-Herria delako eremu horren hegi-hegian... Nola? Hori ditake galde kezkagarriena... Tiangong 1 horrek pisu ditu 8 tona eta erdi. Tanpez erortzen balitz nunbait, eta gainerat ikaragarriko oldarrean, makur handi- handiak izaiten ahal litazke. Ikerle ainitzen ikusmoldea da ez dela holakorik gertatuko, lanjerik ez dela kasik batere. Diote Tiangong 1 deseginen dela, dena sutan jarriko eta berehala dena purruskatuko, airean sartu orduko. Hein bat bazterka sartzen balinbada, errautsak barreatuko dira zonbait ehun kilometro luzeko eremu batean. Hein bat xutez sartzen balinbada, aise eremu ttipiagoan... Bestalde, Lurrean itsasoak duela gisa guziz eremu gehiena hartzen (%72) eta leihorrean ere ainitz tokitan ez dela nehor bizi...

Nork daki?

Ikerle batzuen beldurra halere, gertatzen ahal dela pozi batzu ez arrunt purruskatzea, heien gatik zerbait lanjer izaiten ahal beraz. Nolako poziak? Hori ere nehork ez daki. Pozi ttipiak hain segur bainan batzu ehun bat kilokoak ere izaiten ahal. Zerutresna hortan bada ere erregailu berezi bat, untsalaz dena erreko omen dena airea hunki orduko. Bainan hori ere nork daki, segurtamenekin erraiteko? Erregailu hori guziz kaltekorra da, pozoin hutsa, jendearentzat, abereentzat eta landareentzat ere... Horiek hola, ezin aise erran beraz nihun ez dela lanjerik batere izanen, denen buru irrisku guti izanen balinbada ere, biziki guti... Hainbestenarekin, hau ere jakin da: zeru-tresnak hurbiletik segitzen dituzten zerbitzu berezi batzuen arabera, xinatarrak erne omen dabiltza. Ez dute gehiago menperatzen Tiangong 1 horren kudeantza, hori ja baginakien, bainan baditake azken puntan joan-araziko omen duten halere berek nahi duten tokirat, Hegoburutik hurbileko eremu batzuetarat hain segur... Gisa guziz, berantenaz zonbait aste barne, jakin behar ginuke ixtorio horren harat- hunata...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3442. zbk

Norbaiten untsa ezagutzeko ez kasu egin erraiten duenari bainan egiten duenari.

Dalai Lama

Gure Hitza | 2018/03/22

Zuzentze

Herria

Joan den asteko "Jainkoa, Bizia, Jendea" zutabean, Peio Ospitalen artikuluari ez diogu titulu zuzena eman. Ezarri dugu "Zertako? Zergatik?", bainan hau zen duela hiru asteko Mandio kronikariaren artikuluaren izenburua, Peiorena zelarik errealki "Garapenezko kristautasunaren bidetik". Barka diezagula!...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016