Egun eta bihar | 2018ko Martxoaren 22a

Aise gehiago?

J-B D

Joanden irailean jakin zen segurtamenekin - bulta hartan jadanik kasik segurtzat hedatua zen berria - Parisek dituela bere gain 2024- ko Olinpi-Jokoak.

Aise gehiago?

Joanden irailean jakin zen segurtamenekin - bulta hartan jadanik kasik segurtzat hedatua zen berria - Parisek dituela bere gain 2024- ko Olinpi-Jokoak. Batzu beltzurika hasi ziren, fama handiko lehiaketa horiek sobera gostatzen direla. Oro har haatik, bazterrak lorietan ziren, hala iduri zuten segurik, biziki berri ona zela! Parisek 1924-an ja ukanak joko arrakastatsu horiek, mendeburu horren ospatzeko molde ederragorik etzitakeela... Berrikitan egin bilkura batzuen ondotik, arrangurak emendatu dira haatik. Aurrekontuen arabera, Olinpi-Joko horiek gostako direla kasik 7 miliar euro, ohartzen ari dira denen buru aise gehiago beharko dela hain segur xahutu. Egia erran, nehor ez da sobera harritzen, aitzineko aldietan ere hori hola gertatu baita, dela Xinan ala Hego-Ameriketan. Erran izan da, eta oraino ere erraiten funtsean, Rio hirian konparazione zernahi muntadura behar izan zela espresuki eraiki hango jokoentzat, Parisen aldiz muntadura ainitz ja hor direla. Egia da hori ere bainan ez dira halere hola eta hola baztertzen ahal gero eta gehiago agertzen diren arrangura batzu. Muntadura frango hor dira bainan beste frango egitekoak eta iduriz obra askoren gastuak uste baino aise handiagoak izaiten ahal. Bereziki gauzak nahi balinbadira arrunt handizki egin, batzuk galdetzen duten bezala, baizik- eta Olinpi-Jokoak ehun urtetarik ukaiten badira, gisa hartako indarra egin behar dela, gostaia gosta, sosari sobera kasu egin gabe... Besteak beste hiri ttipi bat beharko da dena xutik ezarri kirolarien aloimenduarentzat... Eta kirolgune batzu arrunt xaharberritu. Itxura guzien arabera, ixtorio horrek ukanen du oraino aipaldi ainitz eta ainitz, ez dugu hortaz duda mikorik...

Olivier Faure

Sozialixtek beren arteko bozkatzea zuten joanden ortzegunean beren idazkari nagusi berriaren hautesteko. Orotarat, alderdiak baditu nunbait han ehun mila kide. 37.014 izan dira boza eman dutenak, heldu baita %37. Parte hartze pollita batzuen ustez, ortzegun arats xoil batez iragan den bozaldi batentzat, doi bat xuhurra beste askoren iduriko, doi-doia hiru kidetarik batto dela bakarrik mugitu. Dena den, Olivier Faure, beren deputatu taldearen buru dutena, atera da lehen, bozen %48 bildurik. Bigarren, hein bat urrun haatik (%26), Stéphane Le Foll ministro ohia. Biharamunean berean, hunek jakin-arazi du ez dela gehiago hautagai bigarren bozaldiko... Oraidanik erran ditake beraz Olivier Faure deputatuak partida irabazia duela. Arras gaztea da, 50 urte helduden agorrilean bete behar. Balinbadu kar eta bertute, behartuko zaio, ukanen baitu nun josta... Sozialistak ahulduak dira eta beren artean ez untsa akomeatzen. Alderdiburu berriak jakinen ote du kide guzien funtsez batetaratzen?

Kexu

Parisen eta hiri frangotan manifestaldi frango jendetsuak izan dira bipil-bipila salatuz gobernuak erretretan diren ainitzi CSG delakoa polliki emendatuz egin dioten ausikia. Erabaki zinez okerra. Gainerat, peningarri da aditzea macrontiar batzuen solasak. Erretretan direnak ez omen dira pleinitzeko, xuxen omen da indar berezi bat egin dezaten ondotik heldu direnetaz oroituz. Gisa hortan erakusterat emanez adin batetarat helduak direnak zikoitz hutsak direla, gaitzeko abantailak ba eta ez beren hura baizik ikusten... Nola onar ditazke holako solas nahasiak? Manifestaldi horien egun berean, burdin-bidetako langileen sindikatek aho batez erabaki dute greban jartzea gobernuak akulatu nahi dituen aldaketa batzu ezin onetsiz. Greba eginen dute, oraiko ustez, bost egunetarik biez eta hori hiru hilabetez segidan. 36 egun greba beraz. Pazko ondoko astean hasiz eta ekain ondarra arte. Zer ondorio greba horrek? Lehenik ikusi behar zonbat izanen diren lana hola utziko dutenak. Eta jendeak nola hartuko duen hori, treinak ez badira batere ibilki edo biziki guti.. Ez gira haatik hortan. Pazko aitzin, solasketa batzu beharrak dira oraino gobernua eta sindikaten artean...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3442. zbk

Norbaiten untsa ezagutzeko ez kasu egin erraiten duenari bainan egiten duenari.

Dalai Lama

Gure Hitza | 2018/03/22

Zuzentze

Herria

Joan den asteko "Jainkoa, Bizia, Jendea" zutabean, Peio Ospitalen artikuluari ez diogu titulu zuzena eman. Ezarri dugu "Zertako? Zergatik?", bainan hau zen duela hiru asteko Mandio kronikariaren artikuluaren izenburua, Peiorena zelarik errealki "Garapenezko kristautasunaren bidetik". Barka diezagula!...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016