Mundu zabalean | 2018ko Martxoaren 22a

Korrupzioa indartsu Espainian | 1000 miliar pinta ur edangarri galduak urteko | Enplegu publikoa goiti Frantzian

Korrupzioa indartsu Espainian

Korrupzioa da Espainiako estatuan eskuintiar alderdien artean aldaketa nagusi bat ekartzen duen gaia 2016tik honat. Ciudadanos alderdia bozetan serioski indartzen ari da Partido Popularrari leporatuz korrupzioarekin lotua dela. Iazko urtean barna oihartzun handia izan duten auzitan enpresaburu eta kargudun politikoak korrupzioa burutzeaz akusatuak izan dira. Afera gehienen ezaugarria bihurrikeria da. Korrupzio aferak kiloka eta batzutan metroka eremu hartzen duten dokumentuen artean, biziki zaila da atzemaitea korrupzioa argi erakusten duen hari gorria. Horrengatik azpimarratzekoa da Frantziako buxeteko ministerioko adar juridiko-fiskal batek Espainian dabilen korrupzioaz burutu duen ikerketa lana. Txostenak pintxetekin aitortzen du korrupzioa goiti doala Espainian 1995az geroztik etengabe. Frantses entitate publikoak hainbat iturri aztertu ditu: Espainiako CIS "Centro de Investigaciones Sociologicas", munduko korrupzio publikoa aztertzen duen Transparency International erakundea, Espainiako justiziaren korrupzio adarra, bai eta lehiakortasunaren eta merkatuen batzorde estatala (CNMC), Europako Parlamentua eta Batzordea. Transparency International erakundearen korrupzio zerrendan, mundu guziko 176 estaturen lerroan Espainia 41. tokian da, urtero lekuak galtzen ditu sailkapen horretan. Europako Parlamentuak estimatzen du urtean 40 miliar euro galtzen dituztela Espainiako botere publikoek korrupzioaren gatik. Hain zuzen Europako Batzordeak (gobernuak) Espainiari leporatzen zion ez zuela estrategiarik korrupzio horri buru egiten hasteko. Espainian berean, CNMC erakundeak aurkitu ditu anitz iruzur merkatu-dei publikoetan; iruzur horien zifrak metatzearekin heltzen da baieztatzera 40 miliar euro urtean galtzen dituztela iruzurra gatik Espainiako botere publikoek. Espainiako justizia ministerioak berak sortua duen korrupzioaren kontrako prokuradoretzak 59 akusamendu-dozier irekiak ditu duela bi urte. Horietatik 27tan akusatuak kondenatuak izan ziren iaz. Bestalde prokuradetza horrek 650 korrupzio salaketa metatuak ditu bere bulegoan, partikularrek ekarriak.

1000 miliar pinta ur edangarri galduak urtero

1000 miliar pinta ur edangarri galtzen dira urtero Frantzian. Ur horren tratamendua eta kontsumitzailearen ganainoko garraioa hiru enpresa erraldoiren eskutan da: Veolia, Suez eta Saur. Hauek dute edateko ura iturrietan hartzen, eta kontsumitzaileak merezi duen garbitasun eta edangarritasun baldintzetan, lurpean ezarri hodietan kontsumitzailearen bizitegiraino helarazten. Ordea edateko egokitua den urketa guzia ez da aparantziarik ere kontsumitzailearen bizitegiraino heltzen, parte on bat galtzen da ur hodietan. Galtze horren zifrak txundigarriak ere dira, pentsa galtzen dela Suitzar guziek urte osoan behar duten bezain beste. Ur-keta hori aski liteke 17 igerikatoki edo pizinentzat. Cash Investigation kazetari ekipa ikerleak ditu zifra aluzinagarri horiek plazaratu telebistan iragan astean. Zehazki errana, edateko, kozinatzeko eta ikuzteko pagatzen dugun bost pinta uretik bat galtzen da lurpeko hodietan. Pagatzen ditugu bost pinta eta baliatzen lau. Cash Investigation ekipak orratzetik harira burutu du ikerketa lana. Hiru enpresa erraldoi horiek botere publikoei urtero helarazten dituzten kontuetatik abiatuz, ur galtze horren top 50 zerrenda osatu dute hirika, ur gutxiena galtzen dutenetatik abiatuz. Orléans da estatuko txapelduna, hango biztanleek ur edangarriaren %4a baizik ez dute galtzen. Aldiz Nimes hirigunea da azken lerroan, galtzen du uraren %29. Badu 40 urte pasa Nimes-ko hiriguneak SAUR enpresarekin segurtatzen diela biztanlei ur edangarria. Hainbesterainoko ur galtzea nolaz gertatzen den? Nimes biziki hedatua dela, hiriguneak baditu 693 kilometro ur hodi, duela 40 urte pausatuak izan direnak lurpean. Hainbeste urteren poderioz, hodiak herdoilez urratzen dira, eta urradura horietatik ura errazki eskapatzen da. Telebistako emanaldian erakutsi zuten hain zuzen plastikoz ordezkatua izan den hodi peza zahar bat, herdoildua eta ziloz tartekatua. Ur galtze harrigarri horretaz hitzegin du SAUR enpresak hiriguneko buruzagiekin, engaiatu da hiru urte barne ur baliagarria pasaraztera %71tik 79ra. Hobetze horren gauzatzeko hiru milioi euroko inbestizamendua hitzeman du. Cash Investigation-ekoek karkulatu dute ordea SAUR enpresak Nimesko uren kudeantzatik urtean %12ko mozkin garbia ateratzen duela, hiriguneari %5eko irabazi garbia ateratzen duela segurtatu diolarik. Badirudi Nimes hirigunea eta SAUR enpresaren arteko bilkurak urrengoan ez direla orain artinokoak bezain extian iraganen.

Enplegu publikoa goiti Frantzian

Alta Emmanuel Macron engaiatua delarik bost urte barne 120.000 funtzionario lanpostu hesterat, lehen kargu urtea bururatzen du lanpostu berriak irekiz, guziz estatuko administrazioan (+ %1). Oroit estatuak 2,5 milioi langile publiko badituela. Beraz langile publiko gehiago, baina horietan bostetik lau kontraktualak, erran nahi baita funtzionario estatuturik gabe. Aitzineko denboretan hezkunde ministerioak kontratual gisa atxiki izan ditu langileak sei edo zortzi urtez segidan urteko kontratua erreberrituz. Europako Batasunetik erasiak ukan ondoan kontraktualei funtzionario estatutua ezagutu die. Tokiko botere publikoetan, lurralde, departamendu, hirigune eta herri elkargoetan, badira 1,9 milioi langile publiko. Zertxobait apaldu ere da horien kopurua joan den urtean, ordu arte urtero goititzen zelarik. Adituek diotenez Estatuak ekartzen duen funtzionamendu partea ttipitzeak ditu tokiko botereak lanpostu berriak irekitzetik geldiarazi. Ospitale publikoen sarean ere lanpostu berririk ez 2017an, kondatzen dira 1,1 milioi langile aurten sektore horretan. Beraz Estatuak lanpostu berriak ireki ditu, justizia, defentsa, barnea eta hezkuntza sailetan. Paraleloki segitu du haatik lanpostuak hesten, bai ekologiako administrazioan, bai eta ere buxetekoan. Azken sektore honetan 12.000 lanpostu publiko hetsi dira 2010az geroztik. CFDT sindikatuak plazaratu duen dokumentu batean konkurtso publikoen kontuak emanak dira. 37.000 langile enboxatu zituen Estatuak 2016an, ari gara hor konkurtsoak pasatu eta funtzionario estatutuarekin sartu direnez. Hartuak izanik "c", "b" edo "a" kategorietan, konkurtsoetara aurkeztu direnek eskatua den baino ikasturte ala diploma gehiago dute.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3442. zbk

Norbaiten untsa ezagutzeko ez kasu egin erraiten duenari bainan egiten duenari.

Dalai Lama

Gure Hitza | 2018/03/22

Zuzentze

Herria

Joan den asteko "Jainkoa, Bizia, Jendea" zutabean, Peio Ospitalen artikuluari ez diogu titulu zuzena eman. Ezarri dugu "Zertako? Zergatik?", bainan hau zen duela hiru asteko Mandio kronikariaren artikuluaren izenburua, Peiorena zelarik errealki "Garapenezko kristautasunaren bidetik". Barka diezagula!...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016