Herriz Herri - Aiziritze-Gamue-Zohazti (NB) | 2019ko Irailaren 19a
Amikuze
Hinki Hanka poema liburuaren irakurketa jarraikia Donapaleun irailaren 28an
Heldu den buruilaren 28an, ibiakoitz goiz osoan, 80 lagunek, amikuztar eta urrunagokoek, Manex ERDOZAINTZI-ETXART Donapaleuko poetaren liburua, buruan-buru irakurriko dute, aldizkatuz, (9:00-12:00). Ondotik aperitifa eta behar diren guziak izanen dira, tropa alai hori eta hurbilduko diren guziak goxa daitezen zonbait orenez. Zendako holako ekimena? ZABALIK elkarteak, hogoi urte huntan nunbait han orain, Manex-en liburutegiaren kudeantza segurtatzen du eta 2006az geroztik Donapaleuko mediatekan kokatua zen, Amikuzeko Herri Elkargoarekin zuen komenio baten bidez. Duela urte t'erdi, obra batzuk zirela kausa, kanpora jali behartu zitzaion, eta futxo, ez zioten berriz itzultzerik onartu Euskal Elkargoko kultur zerbitzuek. Ordutik, dutik, bilkura eta hitzordu, akordio berri batetara heldu dira, eta ondoko hilabeteetan, Manex liburutegiaren parte bat mediatekara berriz itzuliko da. Lehen, gela batean kokatua bazen, orain mediatekaren baitan izan liteke, eta ZABALIK elkarteak mediatekako bizian ere bere tokia ukanen luke. Horra nola, elkartekoak berriz pixkolaturik, ekimen eder horren apailatzen ari diren, aldi berean Manex-en obra poetikoa ezagutarazteko eta euskarazko irakurketa gure artean bultzatzeko. Atxik eguna gogoan: buruilaren 28a (9:00-12:00), Donapaleuko mediatekan. "Dantza" filma Donapaleuko zineman irailaren 20an Buruilaren 4az geroz, "Dantza" filma Ipar Euskal Herriko zine geletan ikusgai da Gabarra Films-ek banaturik. Huna nola aurkezten duen film hori, Telmo Esnal egileak: "Dantzaren bidez kontatutako istorio bat da hau. Euskal dantzak erabiliz, kontakizun zikliko bat kontatu dugu, denboraz kanpokoa, edozein herriren historia izan daitekeena. Bizitzaren, naturaren, ereintzaren eta uztaren ziklotik oso gertu dagoen kontakizuna. Dantza bakoitzaren atzean dauden sinbologiak erabiliz egin dugu hori: soka-dantzak, ezpatak, zintak, brokelak. Gure helburua pelikula EDER bat egitea izan da beti, ikusleak esango du ea lortu dugun". Donapaleun film eder horren ikusteko aukera badugu irailaren 20an, ostiralez (20:30).










