Inbido | 2019ko Irailaren 19a

Bahamas ugarteak

Muslaria

Bahamas%20ugarteak

Badu orai kasik hiru aste mundu guzia mintzo dela Bahamas ugarteetaz, ezinago bortitza izan den orrona itsusi batek eman baitiote ikaragarriko zafraldia. Izigarriko euritea eta gaitzeko haize basak, alimaleko makurrak izan dira. Hil andana bat, 45 gutienez, zonbait egunen buruan ateratu kondu baten arabera, aise gehiago hain segur denen buru, jende asko baitira desagertuak, nihun ez ageri... 13.000 etxe lurrean, bazter guzietan zernahi kalte! Anitz denbora beharko da eta anitz diru zauri horien sendatzeko. Bainan nun dira Bahamas ugarte horiek? Ameriketan, Kubatik ez hain urrun, Floridatik arras hurbil. Badira orotarat zazpi ehun bat, ttipi eta handi eremuz, denen artean, Nafarroak eta Arabak biak elgarretaratuz hartzen duten hein bertsua. Ugarteak biziki barreatuak dira haatik, itsasoan badira bi soka luze, ugarteen arteko eremua kondutan hartuz bada kasik Frantziaren erditsua. Jendetza 400.000 biztanle ez arras azkenik egin kondaketaren arabera. %70a bizi Nassau hirinagusia kokatzen den ugartean. Bainan, anitz ugarte badira zoinetan nehor ez baita alde bat han egoki. Ugarte gehienak xabal-xabalak dira. Ez da nihun mendirik. Mendi deitzen dute haatik Alvernia kaskoa, 63 metroko goratasunerat heltzen dena! Ez arras beraz Ziburuko Bordagain delako horren heinerat. Motaz jende gehienak Afrikarrak dira. Erlisionez kasik denak giristinoak, %80 protestantak. Katolikoen eliza handienak San Frantses Xabierreko nafartar sainduaren izena dauka. Mintzaira ofiziala ingelesa dute bainan beren artean frangok erabiltzen dute kreoliar berezi bat, ingelesari toki ederra egiten diona berak ere. Mozkinbide nagusia, turismoa, eta hori gero eta gehiago. Itsasbazter xoragarriak izanki besteak beste. Eta hori da guziz gogoetagarri irail hasteko orronaren ondotik, nola egin kanpotiarrak berriz etortzeko eta behar bezala errezebituak izaiteko. Itsas-lapurren kafia! Historiaren aldetik, izana da mugimendu ugarte horietan ere! Lehen biztanleak "indiano" delakoetarik izan ziren. 1492an, urriaren 12an, Kristobal Colon itsasturi famatuak Ameriketan egin zituen lehen urratsak Bahamas alde hortako ugarte batean izan ziren. Gero, beste español asko etorri zen bainan ere gero eta ingeles gehiago. Denbora batez kalapitak ere izan ziren zoinek zuen gaina hartuko azkenean. Bestalde, ugarte horietarik zonbait itsas-lapurren kafia bilakatu ziren eta joko horrek iraun du berrehun bat urte. Ingeles gobernuak bidali gizonak gero eta ausartago agertzearekin, dena larderia - ordukotzat españolek etsi bat hartua nolazpait - itsas-lapurreri ere azkarki gerla eginez, giroa arrunt aldatu zen, emeki bada emeki. Denbora heietan zen ere ingeles mintzaira denetarat sartu. Denen buru, ez du hain aspaldi Bahamas ugarteak beren gain jarriak direla, 1973an gertatua da hori. Onez onean, zalaparta handirik gabe. Gainerat, beren gain izaite horrek badauka mugaño bat bezala, Bahamas herrialdea beti barne da Commonwealth nazioarteko batasun zabalean. Ondorioz, herrialdeburu gisa nor dute? Ingelesen erregina, Elixabet. Hunek bere ordezkari bezala izendatzen du, eta pagatzen, gobernadore bat, bainan hau kasu eginez ibilki da, ez du bere sudurra sobera sartzen hango aferetan. Beti han dela erakusten bakarrik.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3515. zbk

Oilategi batean oilar bat aski da.

Madeleine Ferron

Gure Hitza | 2019/09/19

Sarraski beltza

Peio Jorajuria

Duela urtea nonbaitan, hartz solas ari ginen hemendik beretik. Frantses estaduak Pirinioetara ekarrarazitako Claverina eta Sorita bi hartz esloveniarrak genituen hizpide. Bihotza erdibanatua genuela genion. Batetik, bioaniztasunaren izenean ez ginela samur hartzak berriz ikustea Pirinioak populatzen. Bertzetik, haatik, kezka zorrotza agertzen genuen, hartzek kabaletan egin zitzaketen makurrez. Zer pentsa genezake artzain bagine, geniola, gure ardi tropa hantxet nonbait goimendietako alhapideetan, haien bidetik iragaiten den hartzaren meneko? Irudi mingarria zabaldua izan zaiku aitzin hortan: ardi hilak lerrokatuak Baionako suprefeturaren aitzinean, eta ondoan artzainak kexu, berriz ere hartzak desmasia ikaragarriak eginik mendian. Aldi huntan Oztibarreko bi artzain gazteren tropak dira hunkiak izan, hunkiak baino gehiago, suntsituak. Cauterets gainekaldeko alhapidetara eramanak zituzten uda hontan beren bi ardi tropak, milako bat ardi orotara, Paxkal Harispuru...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016