Gogoa hazi | 2019ko Irailaren 19a

Xibaltarreko hila bizi

Johanes Bordaxahar

Lehengoak, denbora onak omen ziren, bertute handiko jendeen garaiak. Istorioek horrela saltzen dauzkigute denbora iraganak. Baina Joanes on bezainbat Joanes txar izan behar zen, gaur bezala. Gizon saindu horietako bat, bere bizar zuriarekin, apezpiku makil luzea eskuan, soingaineko gaztain kolorezkoa, San Mikolas, Konpostelako bidean dator. Uhasteen gaitik Amikuzeko Kinkileko hibia doi-doietarik pasatu du. Aingeru batek salbatu dio bizia. Aingeruaren besoa, kasu huntan, menean zuen haltz adar bat izan du. "Angele Dei,... custódi, rege et gubérna..." Xibaltarrera heltzean, gaztenatzearen pean, hara nun bi gizon ondoratzen zaizkion nigar-marrumaka. Hurrantzean, saindua ohartzen da hirugarrena hor dutela, lurrean etzana, hedailo. Bi gizonetarik bat frailearen aitzinean belauniko emanik, otoitzez hasten zaio: - Bihotzeko beilaria, lagun gaitzazu! Konpostelako bidean gindoazen hiruak. Bapatean lagun hau erori zauku, begiak infrentzuz, hats bahitua... Hila izan behar da!! Apezpiku saindua hilaren ondoan belaunikatzen da, eta otoitzean hasten: - Réquiem Àƒ'¦térnam dona eis Dómine.... Egia diozue. Hila da! Agian Jainkoak barkatuko dizkio gezurretan eta gaiztakeriaz egin dituen makurrak oro!! Bigarren laguna ahuspez ematen zaio: - Bihotz onekoa izan zaitez, pelegri saindua! Emazkiguzu bi sos, giristinoki ehortz dezagun! - Horra ene boltsa osoa. Ez da lodia baina dena behar bezala balia ezazue. Nik bidean otoitz eginen dut zuen lagunaren arimarentzat. Bi lagunek ikusi dutelarik bizardun saindua bidean aski urrun, hilari ostikoka hasten zaizkio: - Jeik'hadi! Iratzar hadi! Joana duk. Badiagu aski sos ase on baten egiteko. - Mugi hadi! Aika! Bazakiagu, bai, hilarena ontsa egiten dukala. Gizona ez da mugitzen. Ez du hatsik hartzen. Nehondik jarririk ezin egon, ez belauniko. Pulsurik gabe, begiak aldrebes. Hila, egiaz! Hotz ikara bizkarrean, izidurak hartu ditu bi lagunak. - Jainkoak zigortu gaitik. Ez ziana bidaiariak erran, egiazki hila zela? Zinezko saindua izan behar dik. Trufatu gatzaizkiok. Kasu zer madarikapen botako daukun. Hago! Baina, ongi pentsatuz, beste mirakuilu bat egin dezakek? Erran orduko, horra biak tarrapatan bulka-bultzaka, beilaria harrapatu beharrez. Haren heinera heldu bezain laster: - Beilari anaia, zutaz trufatu gatzaizkizu. Ebatsi zaitugu. Zure bihotz onaz baliatu gaituzu. Torizu zure boltsa. Gure laguna ez zen egiazki hila. Orain arrunt hila da. Egiozu biziaren faborea. Bertan, beilaria belauniko erortzen da bide erditan, Xibaltarreri buruz, eskuak eta begiak zerura... Venite videte locum ubi positus erat Dominu... Vere resurexit! Laster, gaztenatze gain hartarik, entzun dute gizon baten heiagora, ikusi ere egin gorpu zena, besoak airean jestuka. - Deabru mandilak! Bakarrik uzten nauzue? Saindua zutitzen da zeinatuz: - Hara! Bizi da. Ez zaiteztela ez gezurretan, ez tzarkerietan ibil! Emana nauzuen sosa erabil ezazue zuen laguna sendo bizi dadin. Jan ezazue ogi eta gasna neurri onean, edari bakar batekin. Bizia dugu dugun altxorrik baliosena. Jainkoaren dohaina. Bizia zainduz Jainkoa laudatzen duzue. Ni banoa aitzina zuen biziarentzat otoitz eginez. Angele mei... custódi, rege et gubérna. Amen San Nikolasen eragina handia izan behar zen nun Xibaltiarrak bizibidez aldatu baitziren. Ebasle izaitetik emaile bilakatu: "payo", "egaxo" eta "beilari" guzien aingeru begirale.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3515. zbk

Oilategi batean oilar bat aski da.

Madeleine Ferron

Gure Hitza | 2019/09/19

Sarraski beltza

Peio Jorajuria

Duela urtea nonbaitan, hartz solas ari ginen hemendik beretik. Frantses estaduak Pirinioetara ekarrarazitako Claverina eta Sorita bi hartz esloveniarrak genituen hizpide. Bihotza erdibanatua genuela genion. Batetik, bioaniztasunaren izenean ez ginela samur hartzak berriz ikustea Pirinioak populatzen. Bertzetik, haatik, kezka zorrotza agertzen genuen, hartzek kabaletan egin zitzaketen makurrez. Zer pentsa genezake artzain bagine, geniola, gure ardi tropa hantxet nonbait goimendietako alhapideetan, haien bidetik iragaiten den hartzaren meneko? Irudi mingarria zabaldua izan zaiku aitzin hortan: ardi hilak lerrokatuak Baionako suprefeturaren aitzinean, eta ondoan artzainak kexu, berriz ere hartzak desmasia ikaragarriak eginik mendian. Aldi huntan Oztibarreko bi artzain gazteren tropak dira hunkiak izan, hunkiak baino gehiago, suntsituak. Cauterets gainekaldeko alhapidetara eramanak zituzten uda hontan beren bi ardi tropak, milako bat ardi orotara, Paxkal Harispuru...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016