Bihar eta etzi, geroago ere, nolako
erretretak altxatzen ahalko
diren, istorio horrek badauka
biziki soka luzea. Aspaldian aldaketa
frango aipu da. Bainan
zoin, nolakoak eta noizetik goiti,
hori ez da oraino batere pikoan.
Erran bezala, bada segur solasketa
frango ondoko egunetan
akulatzeko. Edouard Philippe
gobernuburuak zonbait xehetasun
eman ditu halere joan den
egunean. Gobernuak ez duela
presaka ari nahi, hori berriz azpimarratua
izan da, erakusterat
emanez halere proiektua behar
litakeela finkatua eta untsa
orraztatua
ere heldu den ekaineko
berantenaz. Anartean,
joan den ortziralean, greba pizkorrak
izan dira Parisen gobernuaren
xede nagusiak salatuz.
Gero eta gehiago, zonbat nahaskeria,
zonbat bortizkeria eta
zonbat jestu tzar! Badira hor
gaindi auzapezak azkarki arrangura
direnak herritar zonbaiten
molde txarrak ezin onetsiz!
Dena mehatxu artzen zaizkiotela,
batzutan pusaka eta artetan
joka ere! Norat ari gira bestenaz?
Hautetsi multxo bat izan
berria da barne-ministroaren
ikusten, arrangura pisu horiek
agertuz. Hainbestenarekin jakin
da ere gaitzeko mehatxu itsusiak
zauzkaten gutunak igorriak
izan direla bi ministrori, horietarik
batto izanki Bruno Le Maire
Senperen baduena etxe bat
eta delako mehatxuak Euskal-Herritik
bidaliak preseski. Gauza
peningariak horiek oro....
Horra nun epaile hirukote batek
ikerketapean ezarri duen
Richard Ferrand legebiltzarburua,
hau ere aski nahasia den istorio
mintu batean barne ditakeela.
Ministro zelarik, afera ilun
horrengatik bortxatua izan zen
gaixo gizona gobernutik kanpo
joaiterat. Eta orai, deputatuen
biltzarburu kargu handi hori utzi
behar ote du? Bera ez da batere
hortarik ari eta aski gora erran
du, ikerketapean ezarria zela
jakin orduko. Iduriz, macrontiar
guziak alde ditu, errotik alde, ez
duela-eta bere karguaren uzteko
arrazoinik. Dena laudorio ari
zaizkio kasik zoin-gehiagoka,
biziki gizon xuxena dela, guziz
xintxoa, zinez baliosa. Bainan
hara, ez dute hor gaindi denek
ahantzia duela bi urte gertatu
zen gauzaño bat. François Fillon,
goraxago ja aipatua duguna,
president-bozetako hautagai
zen eta ikerketapean ezarria
izan zen. Eta badakizue zer idatzi
zuen orduan Richard Ferrand
jaunak, macrontiarren alderdiburuetarik
zela-eta? Ahoan
bilorik gabe idatzi zuen,...
Medikuek diote irriz artzea biziki
on dela osagarriarentzat. Dalai-
Lama delakoak errana du egun
bat ez litakeela pasatzerat utzi
behar aldi bat bederen irriz ari
gabe. Ezagutu ditut bizpahiru
hazpandar loriatzen zirenak
Mattin aheztar bertsularia entzutearekin:
"Mattinekin, beti irriz
asetzen gira eta hori bera ez
da guti", horra zer zioten. Nik
ere "Egun eta Bihar" sail huntan
plazer nuke aste guziz zerbait
irringarri sartzen ahal banu.
Bainan nola egin? Frantziako
gora-behera frangotaz ari niz,
bereziki politika mailekoetaz eta
arraro da mundu hortan kausitzea
zerbait irringarri. Egun
hauetan oraino gutiago orobat!
Patrick Balkany eskuindar politikari
ezagutua, Levallois-Perret
hiriko auzapeza, zigortua izan
da, gaitzeko saltsa nahasian
leporaino sartua ibilirik. Lau urteren
presondegia bildu du eta
segidan kartzelarat joan behar.
Abokatak berehala dei egin du
haatik. Untsa istorio peningarria!
Gainerat, emaztea ere zigortua
izan da, hiru urte...
Duela urtea nonbaitan, hartz solas ari ginen
hemendik beretik. Frantses estaduak
Pirinioetara ekarrarazitako Claverina eta
Sorita bi hartz esloveniarrak genituen
hizpide. Bihotza erdibanatua genuela genion.
Batetik, bioaniztasunaren izenean
ez ginela samur hartzak berriz ikustea
Pirinioak populatzen. Bertzetik, haatik,
kezka zorrotza agertzen genuen, hartzek
kabaletan egin zitzaketen makurrez. Zer
pentsa genezake artzain bagine, geniola,
gure ardi tropa hantxet nonbait goimendietako
alhapideetan, haien bidetik iragaiten
den hartzaren meneko?
Irudi mingarria zabaldua izan zaiku aitzin
hortan: ardi hilak lerrokatuak Baionako
suprefeturaren aitzinean, eta ondoan artzainak
kexu, berriz ere hartzak desmasia
ikaragarriak eginik mendian. Aldi huntan
Oztibarreko bi artzain gazteren tropak
dira hunkiak izan, hunkiak baino gehiago,
suntsituak. Cauterets gainekaldeko
alhapidetara eramanak zituzten uda hontan
beren bi ardi tropak, milako bat ardi
orotara, Paxkal Harispuru...