Azalekoa | 2023ko Maiatzaren 18a
Kanaldude telebista gure etxeetan!
M.O.
Azken hilabeteetan Kanaldude Telebistak, hedapenerako pausu berriak eman ditu, Bidarrain kokatua den herri telebistak, hunen berri eman dauku
Kanaldude sortu zenetik...
1997an Kanaldude euskarazko telebista parte-hartzailea sortu zen, lurraldeko kultura eta ekimen kolektiboak oinarri, euskara ardatz, herritarrekin hurbiltasuna atxiki nahian. Azken urteetan hainbat baliabide martxan jarri ditu, horietan 2007an webgunearen sortzea, 2017an zuzenezko saioak emititzea eta 2018an telebistaren digitalizazioaren bidetik Internet-box esperimentala martxan jarri zuen.
Hedabidea sortu eta, 26 urte berantago, proiektuaren garrantzia sekulan baino handiagoa du, Kanaldude telebistak tokiko ikus-entzun alorrean leku inportantea hartua du. Telebista katearen argitaratzailea den Aldudarrak Bideo, interes kolektiboko kooperatibak, proiektua beste etapa batetara eramaiteko xedea ukanez, 2021ean ARCOM erakundeak (Autorité de régulation de la communication audiovisuelle et numérique), Tokiko Ekimen Publikoko Zerbitzuan sartzea onartu du. Baimen horrek, Kanalduderen hedabide lana lekuko zerbitzu publiko bat dela onesten eta ofizializatzen du. Telebista Box-ak proposatzen dituen Internet hornitzaileetan, Kanaldude katea beraien eskaintzan integratzea behartzen du. "Kanaldude Telebista"-k, Orange, Bouygues, Free eta SFR telebista box hornitzaileekin hitzarmenak izenpetu ditu.
Etxeko Internet box-aren bidez ikusgai
Etxean box bat dutenentzat, oroitarazia izan da Kanaldude ikusteko berriz aktibatu behar dutela: Orange 358 kanalean, Bouygues 339 kanalean eta Free 948 kanalean. Etxe guzietan izaiteko xedea du, tokiko euskarazko telebistak inoiz baino garrantzi handiagoa ukanen duelako. Herritik eta herriarentzat sortua izan den hedabidea, zentzu horretan, etxe guzietara heltzeko bidea egiten ari da.
Kanaldude.eus webgune berritua
Kanaldudek ekoizten eta hedatzen duen eduki anitza ikusteko aukera web atarian ikusgai da. Webgunea egungo kontsumitzeko moldeeri egokitu behar dela argi du, ildo horretatik, haur, gazte eta helduentzat, programazio edukia denentzat eskuragarri izaiteko xedea du. Webgunearen kalitate bisuala hobetua izan da, infraestruktura azkartu da, ikuslego kopuru handiagoak errezibitzeko gisan. Ikusleen erabilpena aberasteko, Elhuyar fundazioarekin elkarlanean, adimen artifizialak lagundurik, istanteko euskarazko azpi-idatziak sortzeko aukera ukanen du.
Hurbileko kanpaina komunikatiboa
Prentsa agerraldiak hasiera eman dio herritarreri zuzendua izanen den "Kanaldude telebista zure etxean" kanpainari. Kanpainaren irudiari dagokionez, Kanaldude etxeko telebistan ikusteko beharrezkoak diren Orange, Free eta Bouygues hornitzaileen box-en irudi eta kolorean aintzat hartzen dira. Bakoitzaren izena eta katearen zenbakia lehen lerroan ezarriz. Komunikazioari egokitua izan den Kanalduderen logotipoa, box desberdinen koloreak biltzen dituen kolore-degradazioa eta "KANALDUDE telebista" hitzekin osatua izan da.
Kanpaina 2023ko urtean zehar hedatua izanen da, hedabide, zein espazio publikoetan. Ipar Euskal Herri zabalean, espazio publikoak zein zerbitzu publikoetako autobusetan publizitatea agertuko da. Urtean zehar hedatua, ondoko urteeri begira komunikazio iraunkorra ukanen duen kanpaina da abiatu.
Hautetsien sustengua
Jean-Mixel Anchordoquy Bidarraiko auzapeza Kanaldudek abiatu kanpaina berriaren sustengatzera etorria zen. Herriak Onddoeneko etxearen inguruan duen proiektuan, Kanaldudek bere lekua baduela adierazi du. Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak zioen hizkuntza politikako estrategian ezin saihestua dela ikus-entzunezko euskarazko Kanaldude hedabidea. Mathieu Bergé Akitania Berriko kontseilariak, Bordelen kokatua den instituzioak orain arte bezala partaide izanen dela erakustera eman du.
Bere etxean box-aren bidez Kanaldude errezebitzeko arazoak dituenak 05-24-34-50-14 deituz xehetasunak ukanen ditu.











