Gogoa hazi | 2023ko Maiatzaren 18a
Pizte-garaiak
Mandio
Gure erritoak, heriotzaren ingurukoak, aldatzen ari zaizkigun garai hauetan egin dezagun gogoetalditxo bat gai delikatu horren inguruan.
Jakina heriotza desberdinki tratatua dela munduan gaindi. Gai zabala eta sakona, bat baldin bada. Xumeki gogoratuko ditut gure ibilaldietan ikusi edo ikasi ditugunak
Armada denboran, Madagaskarren, harritua gelditu nintzen "hilen itzulikatze" ohiduraren aitzinean: eskualde batzuetan, lurperatua hilobitik ateratzen dute zazpi urteren buruan, eta oihal berri batean bildurik prozesionean ibiltzen familiak eta lagunek. Famadihana deitzen dute zeremonia hori. Ez daiteke egin musikarik gabe. Honek hilak ohoratu behar ditu baina ere biziak alegeratu. Zonbeitek nigarra ezin atxikia baldin badute, gordeka egin behar dute dena besta giroan iragan behar baita.
Réunion uhartean bururatu genuen soldadugoa. Gogoetarazi ninduena izan zen hinduisten ekintza ikusgarria: zonbeit metro brasa edo ikatz-bizi gainean kurritzen dute ortutsik. Gorputz hilkor horri gaina hartzen dion izpiritua agerian ezarri nahiz,kolektiboaren indarra azpimarratuz.
Geroago, Txilen ibili ginelarik, Santiagoko "La Victoria" auzoan, ikasi genuen nola erail zuten Jarlan frantses apeza eta ikusi heriotzaz haraindiko fede seinale ederrak, karrika pobreenetako paretetan hain ederki margotuak. Dubois apeza genuen gidari, torturatu eta kanporatu zuten, baina berriz etorria zen jende xehearen zerbitzari; geroztik egina diote hari ere margo eder bat. Heriotza gainditzen duten horietako bat. Hila berekin dute hango jendeek, Atacaman bereziki: hil-harriaren inguruan biltzen dira, jaten eta edaten, alegia zenduarekin partekatuz, edari pixka bat ere uzten diotela; xorta batzuk isurtzen dituzte lurrera, Patxa Mamari eskaintza.
Ez hain aspaldi egin duguibilaldi bat Nepaleko mendi batzuetan zehar. Hango ur anitz Gange ibai famatura doaz. Badakizue hau kutsatua bezain sakratua dela trumilka sinestunentzat. Ikusi ditugu gorputzak egur meta batzuen gainean, erretzeko prest, Katmanduko erreka bazterrean; honek garraiatzen ditu errautsak ur sakratuetaraino. Dena denen bistan, han gaindi ibili behar dena hurbil hurbiletik pasatzen da naturalki; gu ez hainbertze... Harrigarri, hunkigarri, hots zirraragarri.
Gure mendi ibilaldian goraxoago joanik, anitz gurutzatu genuen Tibeteko jendea, Txinako soldaduetarik ihes, doi bat jautsia, Nepal aldera. Hauen bizimodua apur bat ezagutu genuen, ez ikusi baina ikasi nola despeditzen duten familiako hila: otoitz anitz bi edo hiru egunez, gero aditu batek erritualki zatitzen du hil-hotza eta saieri janarazten. Hori denen bistan, bakotxa gai izan dadin heriotzari bekoz beko so egiteko eta gorputzaren iraunkor-ezaz jabetzeko, hau ez baitaukate ibilgailu bat baizik bizi batetik bertzera aldatzen dena.
Sineste desberdinak ugari munduan gaindi! Hil eta ezer ez dela diona ere badago. Alta honek ere badu gogoetatzekoa gure unibertso ezin neurtu honen aitzinean. Sarrionandiaren azken liburuan hauxe dio Amamak, bere haurtzaroan otoiztu duen Jainkoa arbuiatu ondoan: "Batzuetan, izaeraren eta unibertsoaren enigma itzelari ematen zaio Jainko izena. Nork sortu du bizia?..."
Bizia sortzen da eta hiltzen. Errealitate horren aitzinean gure euskal ohidurak jendetasunez beteak daude. Dena eztitzen dute. Heriotza hor delarik abisatzen dira familiakoak, apeza, lagunak. Berria zabaltzen da jendeak jakin dezan non egiten ahalko duen azken bisita gorputza zeinatzeko gisan, zenduaren etxean edo hil-etxean. Jende frango ibiltzen da familia sustengatzen, hilaren aitzinean otoitz baten egiten. Hirugarren egunean elizkizun eder bat egiten da, maiz eliza bete betea eginik.
Ez da denetan hola gertatzen. Frantziako eskualde anitzetan, bisitarik ez da egiten, elizkizunak horma beltza baino hotzagoak dira, apezak egin ahalak eginik ere jendeak ez du ahorik irekitzen. Hemen ere gero eta zailago egiten zaigu gure usaien mantentzea, errausketa-tokia libro ez izanez luzatzen dira epeak. Berrikitan lagun baten gorputza egon da hola, zortzi bat egunez nehoren bisitarik gabe.
Iduri du tibetar jendea bezala euskaldunek uste dutela, arima edo, gorputzaren inguruan ibilki dela bizpahiru egunez; mirailak estaltzen ziren lehen. Erraustea zortzi edo hamar egunen buruan eginez ere, ez ote da hobe usaiako epeetan egitea zeremonia? Sinesmen zaharrarengatik edo arrazoi soil honengatik: zeremonia eder batek jasangarriagoa egiten du hilaren eta hurbilekoen arteko bereizketa latz hori.
Mandio.











