Euskal diaspora | 2023ko Maiatzaren 18a
NABOk 50 urte bete eta Biltzar Nagusi eta besta Los Banos Kalifornian
Joseba Etxarri
LOS BANOS, KALIFORNIA. Besta asteburua da heldu den hau Kaliforniako Los Banosen. Besta berezia, tokiko euskal piknikarekin batera NABOk bere 50. urtebetetzea ospatuko baitu. Ortzegun arratsean, maiatzaren 18an, NABOko lagunek 'Meet & Greet' harrera-ekitaldia ukanen dute. Ortziralean, 19an, goizeko 8etarik goiti NABOk bere 'Convention' edo biltzar nagusia eginen du (mintzatuko gira huntaz, baina orain arte NABOko presidente zen San Frantziskoko Philippe Acheritogaray ez da berriz aurkeztuko eta, beraz, seguruenik Utah-ko Jean Flesher aterako da NABOko lehendakari berri). Ebiakoitzean, hilaren 20an, Fairgrounds-etan (19:30) mus txapelketa, eta eguerdian besta hastapen ofiziala, Los Banoseko auzapezarekin, NABOko buruzagiekin eta Eusko Jaurlaritzako Gorka Alvarez Diasporarako zuzendariarekin. Ondotik besta eta NABOren 50. urteurren zeremonia. Gauez Woolgrowers euskal ostatu kanpoaldean erromeria, 'Amerikanuak' musika taldearekin. Igandean, berriz, (9:30) meza Xavier Ochoa apezpiku emerituarekin eta aita Antton Egiguren euskal omonierarekin eta ondotik dantza erakustaldiak, klika, herri kirolak, pertsulariak, euskal saltokiak, barbakoa bazkaria, eta abar. Dantzatzeko musika Manuela eta Jean-Pierre Etchechuryk ezarriko dute.
[Zuzenketa: hondarreko astean ez genuen zuzen erran eta Manuela Etchechuryren aita, Pascal Labrouche, aihertarra da, eta ama, Marisol Aguirre, Gipuzkoako Hernanikoa; eta Jean Pierre Etchechuryren ama, Gabrielle (Iriart) Etchechury, baigorriarra da eta aita, Erramun, bidarraitarra zen. Barkatu nahasi izana]
SLC, COMODORO, BERLIN... Astea euskal ekimenez betea da bestenaz ere hunakoa gure Diasporan eta hiru ekitaldi hautatu ditugu aipatzeko bederen gure txoko huntan: Utah-ko Euskal Etxeak urteroko 'Living Traditions' jaialdian parte hartuko du hiru egunez Salt Lake City-n, bere ohiko standarekin, eta Triskalariak bere dantza taldearekin. Ameriketako bertze puntan, Argentinako Patagonian, 100 urte bete eta besta handia eginen du ortzegunetik igandera Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak, programako parte direla hitzaldiak, musika, dantza, zinema, 'Euskal Boulevard' karrikaren izendapena, meza Katedralean, abesbatzak... Eta Alemanian, Berlinen, 'Norabideak, Brücken Zischen Sprachenk' deitu ekimena antolatu dutela hiriko Euskal Etxeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Leipzig-eko eta Berlingo Unibertsitate Libreak, erbesteko istorioez, Euskal Herriko ordezkaria Amets Arzallus izanen delarik 'Miñan' bere liburu eta lekukotasunarekin.











