Herriz Herri - Ziburu (L) | 2023ko Maiatzaren 18a
Hunkigarri - Geroxago
Hunkigarri
Joan den larunbatean, gure artean biziki ezagutuak diren bi apez omenduak izan dira Ziburuko elizan, Mikel Epalza eta Battitt Etchenique, biak duela 50 urte apez ordenatuak izanak. Bildu da jende, eliza betea besta-buru handienetan bezala. Baziren kostalde guzitik etorriak, urrunagotik ere, hala nola Garazi aldetik, bereziki Izpuratik. Apez andana bat partaide, hautetsi asko ere ba, besteak beste Donibane eta Ziburuko auzapezak. Bai eta Jean-Jacques Lasserre departamenduko burulehena. Elizkizun kartsua zinez, denentzat bihotz altxagarri! Bi apezak azkarki txalotuak izan dira, hori ez baita hain usu gertatzen gure elizetan. Oroitarazia izan da batek eta besteak nolako merezimenduak dituzten, hoinbeste urtez Elizaren eta euskal-populuaren zerbitzari leial eta kartsu izanik. Hoinbeste urrats Euskal-Herri sanoago baten alde, bakearen arrangura handi batekin, traba guzien gainetik batzutan. Ardura behartsuenak gogoan. Berek ere azpimarratu dute, deneri eskerrak bihurtuz, zoin atxikiak egonak diren batzu eta besteen behar-ordueri. Gogoan besteak beste Mikel Epalza nola ibilia den itsasoan, arrantzale batzuen lagun, heien bizimoldeari ederki jarririk.
Meza bururatzean, ikusi ere dugu Battitt Etchenique garaztarrak bazuela jeinu berezi bat gutik ezagutzen giniona, makilari trebe bezala alabainan, ez ahantzia haurrean eta gazte denboran nola ari zen makilari, dena balentria. Joan den egunean ere ildo beretik segitu du! Jende guziek txalo eta txalo! Azkenik, Anjelusaren ondotik, kantatu da Agur Jaunak, eta zoin karsuki! Entzun dira ere irrintzina alegera zonbait, Gerezietako bestetan izan bagine bezala!
Geroxago
Ondoko egunetan ere hitzordu aipagarriak izanen dira Ziburun. Hilabete hunen 26an, zirko ikusgarri berezi bat Iturri-Baita parkean. Gero, ekain hastean, lehenik euskal-liburu eta diskoen azoka Baltsanbilgunean. Ondoko astean, Xaltain Best sail berezia, hirugarren aldikoz muntatua, aitzineko aldietan baino laburtxago, bi egun hiruen partez, bainan egitarau eder-eder batekin, Gatibu talde famatua ere etortzekoa Gernikatik.











