Orotarik | 2023ko Maiatzaren 18a
Jean Haritschelhar zenak 100 urte
Maiatzaren 13an, Jean Haritschelhar zenak 100 urte beteko zituen (eta datorren irailaren 1ean 10 urte eginen du zendu zela). Ez geunden urtemuga hori aipatu gabe, hain zaukan kazeta hunek urte luzetako kolaboratzaile suharra, astekari hunen biziaz eta etorkizunaz beti griñatsu. Idazten zituen artikuluak (nor ez da oroit bereziki Gehexan Ponttoren luma xorrotxaz?) bainan ere begia atxikitzen zuen gure kazetaren ibilbideari eta kontueri, elkarteak sustrai sakonak atxik ditzan, lau haizetara ahal bezain luzaz zabaltzeko. Zendu zelarik, ikaragarriko goraipamenak ukan zituen baigorriar jakintsu handiak. "Euskal kulturaren zalduna", Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan. "Gizon azkarra, gure oihanetako haritz horien parekoa", Janbattitt Dirassarrek idatzi zuenaz. "Erori da Baigorriko haritza, zabal emanik bere fruitua", Xarles Videgain eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek ziotenaz. Baliteke segurki zer idatz, hain zen alor askotan emankor izan, euskararen defentsan, ikerlanetan, irakaskuntzan, pilotan, kazetaritzan, politikan (Baigorriko auzapez izanik)... Ez gira hemen luzatuko, entzunik Euskaltzaindiak burulehena ukanikoa omenduko duela larrazken hortan Baigorrin berean, orduan hain segur agertuko baita zabal eta sakon nolakoa izan zen Jean Haritschelhar, belaunaldi gazteagoek jakin dezaten. Gaur, soilki, haren oroitzapena bizirik atxikiz, bihotzetik berriz ere eskertzen dugu Euskal Herriari eman zion guziarentzat.














