Han eta Hemen | 2023ko Maiatzaren 18a

Herri Urrats bermoldatua izanikan, urratsak zubi izan dira

Herri%20Urrats%20bermoldatua%20izanikan_%20urratsak%20zubi%20izan%20dira

Urtero maiatzean hitzordua emana da Senpereko aintziraren inguruetan. Aurten ikastolen aldeko besta trabatua izan da, bezperan Senpere eskualdean eurite handiengatik aintzira inguruak hunkiak izan baitira. Seaska, Herriko Etxearekin eta estatuko seguritate zerbitzuekin bildu ondoan, elkarrekin erabaki dute antolamendua segitzea, besta gune batzuk hetsiz eta programazioa murriztuz. Kontzertuak eszena bakarrean iragan dira, bestaren abiatzea eguerdira gibelatua zela. Euskaltzaleek halere ikastolen federazioaren gomitari nonbre handian erantzun dute. Pentsatzekoa da kalte domaien ordaintzeko gisa berean sustengu handia ekarriko dutela.


Herri Urrats-en besta gune erdian iragaiten den ekitaldia, Senpereko Herriko Etxean iragan da, hor zirela instituzio desberdinetako ordezkariak. Peio Jorajuria Seaskako presidenteak, bi hitzez bezperan iragan gertakaria eta hartu erabakiak azaldu ondotik, eskertu ditu etorriak zirenak. Bernard Elhorga Senpereko auzapez berriak, herria zoriontsu dela Seaskak antolatzen duen bestarekin eta beti prest izanen dela laguntza ekartzeko adierazi du.

Koldo Tellitu Hegoaldeko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, baldintza berezian antolatua izaitea eskertu du. Euskal Herri osoari deia zabaldu du Ipar Euskal Herriko ikastolen sustengatzeko plantan jarri den sustengu kanpainarekin bat egitea. Oroitarazi du ikastolek bide egin dutela, Xalbador Kanboko lehen kolegioaren sortzetik, Baionako Estitxu Robles, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak muntatu direla, pozik agertu da Senperen idekiko den bosgarren kolegioa eraikia izaitea. Ikastolak euskararen garapenerako ezinbestekoak direla bururatzen zuela.

Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak, zoriondu ditu Herri Urratseko antolatzaileak, baldintza horietan besta segitzea. EEP, Seaska eta Hezkunde Nazionalaren arteko harremanaren berri eman du, ekainean hitzordu bat finkatua litzateke. Aipagaietan baxoa euskaraz pasatzeko neurriak eta erakasle postuak dira mahaigainen ezarriak izanen. Ikastoletan brebeta euskaraz pasatzeko posibilitatea lortu bada, borroka ez dela bururatua oroitarazi du. Eskola publikoan eta giristinoan brebetak euskaraz pasatzeko baldintzak ez baitira beteak, ez eta baxoaren azterketa. Azken inkesta soziolinguistikoa gogora ekarri du, haur eta gazte euskaradunen kopurua emendatzen ari bada, beste instituzioekin eramana izan den hizkuntza politikaren fruituak direla, bide horretarik segitzeko xedea erakutsi du.

Frédérique Espagnac Akitania Berriaren izenean etorria zen. Herri Urrats euskararen defendatzeko hitzordu ezin saihestua dela adierazi du. Salatu du euskaraz azterketak pasatzeko borrokatu behar izaitea, normaltasunez onartua izan behar litzatekeelarik. Akitania eskualdea beti hor izanen dela burutu du bere hitzaldia.

Jokin Bildaratz Eusko Jaurlaritzaren izenean etorria zenak, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko partaidetzaren segitzearen beharra erakutsi du. Euskararen garatzea gazteengandik etorriko dela zioen, eskolatik harat espazio euskaradunak sortzeko beharra erakutsiz. Anitz egin bada, bide beretik jaurlaritzak indartsu segituko duela izan da bere azken hitza.

Jean-Jacques Lasserre Departamenduko presidenteak, Maider Behoteguy eta Annick Trounday kontseilari nagusiak berekin zituela, Herri Urratsetan presente izaitea beharrezkoa dela agertu du. Hezkunde Nazionalarekin eraman behar diren tratuetan Departamenduak jarraituko du. Kolegioak departamenduko eskumenetan izanez, Senperen eraikitzen ari den kolegioarentzat behar diren laguntzak ekartzen eta ekarriko dituela hitzeman du.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak hasi du hitzaldia oroitaraziz Herri Urrats besta giroan iragaiten bada, aldarrikapenen plazaratzeko eguna ere dela. Hizkuntza politika sailean Ipar Euskal Herrian denen artean kontsentsua lortua bada, Pariseko gobernamenduak hizkuntzen xartaren izenpetzea galdegin du. Azterketak euskaraz pasatzeko borrokatu behar dela damugarri atzemaiten du, jakinez Etxepare lizeoko emaitzak hoberenetan direla. Gauzak ez badira aitzinatzen, atzera egitearen beldurra erakutsi du, horretarako indarrak emaiten segitu behar dela zioen, elkargoa partaide izanez.


Seaskaren ordezkari den Peio Jorajuriak goizeko ekitaldia bururatu du, deialdia luzatuz. Herri Urratsen aurtengo edizioak atera behar zituen etekinak ez lortuak izanez, jasan dituen kalteengatik diru-bilketa kanpaina abiatu da. Sustengatu nahi duenak lotura hunen bidez egin lezake: herriurrats.eus/laguntza.

40. urteurrena ez bada behar den bezala ospatua izan, presidenteak zioen bide egin dela, lehen Herri Urrats egin zenetik 700 ikasle ziren 12 ikastoletan, 40 urte berantago, 4.000 baino gehiago dira 39 ikastoletan banatuak.

Iraileko sartzean Senperen idekiko den kolegio berriaren izena agertu du: Kattalin Elizalde deituko da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3690. zbk

Gure Hitza | 2023/05/18

Diru publikoa ez litzateke arazoa...

Menane Oxandabaratz

Langileak erretretaren erreforma ezin irentsiz ari direnean, jakiten da eurodeputatu ohi batzuk, kargu politikoa utziz geroz, 13.700 euro hilabetero hautetsi-erretreta hunkitzen dutela. Jakinez horrez gain beste irabaziak ere dituztela. 660 eurodeputatuen izenak agertzen dira, horietan 81 frantses eurodeputatu ohi.

Jauntto eta andere horien erretreta pagatzeko, Europako zergadunek beren moltsatik 118 milioi euro atera behar dituzte (frantses zergadunek 27,8 milioi euro).

Holako berri batek, kexu izaiteaz gain, diru-publikoaren erabilera zein nolakoa den galdera pausarazten du. Jakitea hautetsi ohi batzuk goxoan diru publikoak asetzen dituela, beste batzuk peko errekan direlarik. Azen ontzeko, orain aipatu frantses eurodeputatu ohi horietarik batzuk erretretaren erreforma berriaren defendatzaile sutsuak dira, berek estatuko pentsio ikaragarria hunkitzen dutela! Egin zan/zak nik errana, baina ez nik egiten...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016