Mundu zabalean | 2023ko Maiatzaren 18a

Errefuxiatuak munduan

J.B.

Errefuxiatuak%20munduan

Heien bizitokitik ihes egitera bortxatuak diren jendeen kopurua ez da ttipitzen ari, urrundik ere.

Nazio Batuetako errefuxiatuen aldeko erakundeak bere arrangurak berriki plazaratu ditu, barne errefuxiatuen edo herri berdinean egonez, heien sorlekutik ihes egitera bortxatuak izan diren jendeen nonbrea jaz azkarki emendatu da. Arrazoi bikoitzagatik: enfretamentu armatuak edo errepresioak, bai eta ere berotze klimatikoak sortu katastrofe naturalak.

Ez uste ukan herri aberatsek dituztela dena galdu duten jendeak aterpetzen, iheslari gehien gehienak auzoko herri pobreetan edo sorterriko beste eskualde batean errefuxiatzen baitira.

Erbesteratuen eta orokorkiago beren etxea bortxaz uztera behartuak direnen egoera, zergatia eta oro har bilakaera, lokalki aztertu eta konpontzera lagundu behar ginuke, gure herri aberatsen onetan ere.


Errefuxiatuen kopurua beti gora

Nazio Batuetako errefuxiatuen agentziak deiadarra jo du. Nahiz eta keinu baikor zonbait agertu han edo hemen, jendeen toki aldatze bortxatuen kopurua eta erritmoa munduan zehar azkartu da, joan den urtean, azken hamar urteetako tendentzia arranguratsua azeleratuz. Europan dugun Ukrainako gerlak gorarazi du iheslarien kopurua joan den urtean, bainan ez da arrazoi bakarra. Gerla eta gatazka armatu frango segitu eta piztu baitira, izan Afrikan, Ekialde hurbilean edo Asian, ahantzi gabe katastrofe klimatikoek sortu goseteak. Bizitokiz aldatzera behartuak izan diren jendeen nonbrea azken hamar urteetan, doblatu baino gehiago da, lehen aldikoz 100 milioi deserrituen heina gaindituz. Horietarik laurdena nunbaitan erbesteratu dira.

Nahiz eta herri aberatsetan polemika anitz akuilatuak izan diren, Europan eta Ipar Amerikan partikularki, emigratu eta erbesteratuen estakuruarekin, ez da uste ukan behar errefuxiatu anitz sartzen denik aberatsen mugen barna. Erbesteratu gehienak, %72, aberatsak ez diren auzo herrietan kokatzen baitira: 3,8 milioi Turkian, 1,8 milioi Kolonbian, 1,5 milioi Ugandan, 1,5 milioi Pakistanen, errefuxiatu gehienak errezebitzen dituzten herriak aipatzeko.

Tokiko herritarren araberako errefuxiatu proportzio handiena Libanon eta Jordanian aurkitzen da. Ahantzi gabe palestinarrek 75 urte hauetan jasaiten duten gatazkaren ondorioz 4 milioi baino gehiago errefuxiatu kondatzen baitira, bi herri pobre hauetan.

Herri barneko lekualdatze bortxatuak azkarki emendatzen

Etxetik bortxaz ihes egitera behartuak izan diren jendeen hiru laurdenak, ez dira beste Estatu batera joan ahal izan. Herri bereko beste eskualde batetara eskapatu dira. Joan den urtean orotara 71 milioi "barneko" herri aldatu edo deserritu kondatu dituzte eta horietan gehienak, 61 milioi, deserritu berriak dira. Aitzineko urtearekin konparatuz %60ko progresio harrigarri batekin.

Jende multzo handien joan-etorri arrazoi nagusiak gerlak eta gertakari klimatiko katastrofikoak dira. Bistan dena jaz Ukrainako gerlak ukan duela eragin handia, 8 milioi herritar errefuxiatu baitira kanpoko herri batetara joanak, bainan beste 17 milioik sarraskietatik ihes egin dute gutiago hunkitua zen Ukrainako beste eskualde batetara.

Ez da, maluruski, gatazka armatu bakarra izan eta munduan deserrituen nonbrea azkartu da, 15. urtekoz segidan. Bortizkeria eta enfrentamentu gehiago izan da Afrikan (Etiopiako Tigre aldean, Sahelen ala Sudanen...), Afganistanen bai eta Myanmar ala Birmanian adibidez. Gerla ezberdinengatik 16,5 milioi herri barneko deserritu edo deplazatu kondatu dira Afrikan. Kopuruak azkarki goratzen dira idorteengatik agertzen diren goseteek bideetan bultzatu dituzten jendeak gehitzen baditugu. Hala nola kasik 6 milioi kondatzen diren Kongo herrian. Gertakari eta mugimendu berdinak agertzen dira Somalian ala Etiopian. Uholde ikaragarrien ondorioz 8 milioi pakistandarrek bizilekua aldatu behar ukan dute, herri bereko beste eskualde batera ihes eginez.

Bestalde, gaur egun aitzineko urteetako gerlek ere badituzte ondorio latzak, adibidez Sirian, nun erbesteratuenaz bestalde kasik 7 milioi jende deserritua izan den herrian egonez. Nazio Batuetako erakundearentzat urgentzia humanitario presatuenetarikoa bainan munduko korapilatsuena gelditzen da.

Gertakari guzi hauek erakusten daukute gatazkek eta aldaketa klimatikoarengatik iragaiten diren hondamendiek jende gero eta gehiago bortxaz kanporatzen dituztela bizi baldintza gogorretan. Herri aberatsek badute zer ikusirik gatazka batzuetan eta errespontsabilitate handia aldaketa klimatikoan. Aldiz horien inplikazioa eskasa, ez erraiteko ahalkegarria, da ondorio latzak jasaiten dituzten erbesteratu eta deserrituen aterpetzeko.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3690. zbk

Gure Hitza | 2023/05/18

Diru publikoa ez litzateke arazoa...

Menane Oxandabaratz

Langileak erretretaren erreforma ezin irentsiz ari direnean, jakiten da eurodeputatu ohi batzuk, kargu politikoa utziz geroz, 13.700 euro hilabetero hautetsi-erretreta hunkitzen dutela. Jakinez horrez gain beste irabaziak ere dituztela. 660 eurodeputatuen izenak agertzen dira, horietan 81 frantses eurodeputatu ohi.

Jauntto eta andere horien erretreta pagatzeko, Europako zergadunek beren moltsatik 118 milioi euro atera behar dituzte (frantses zergadunek 27,8 milioi euro).

Holako berri batek, kexu izaiteaz gain, diru-publikoaren erabilera zein nolakoa den galdera pausarazten du. Jakitea hautetsi ohi batzuk goxoan diru publikoak asetzen dituela, beste batzuk peko errekan direlarik. Azen ontzeko, orain aipatu frantses eurodeputatu ohi horietarik batzuk erretretaren erreforma berriaren defendatzaile sutsuak dira, berek estatuko pentsio ikaragarria hunkitzen dutela! Egin zan/zak nik errana, baina ez nik egiten...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016