Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2023ko Maiatzaren 18a
"Lurbinttoko ohoinak" - Donapaleuko pilota plazaren 100 urteak - Pier Paul Bertzaitz-en kontzertua
"Lurbinttoko ohoinak" Adur Larrearen komikiaren aurkezpena
Zabalik elkarteak, Amikuzeko mediatekarekin duen lankidetzan, topaketa antolatzen du, Donapaleuko mediatekan, maiatzaren 27an (10:00).
Aldi huntan, Adur Larrea marrazkilaria eta ilustratzailea gomitatzen du. Bere azken komikiarekin jinen zaigu. Abiapuntu gure historiako gertakari ikaragarri bat hartu du eta pertsonaia bereziak berriz biziarazi, Senpere Altzuieta ingurua famatu egin zutenak. Frantziako Iraultzaren biharamunean kokatzen da istorioa, Ezpeleta, Itsasu eta Kanbo inguruetan dabilen lapur talde baten abenturak kontatzen ditu. Gertakari historikoak!
Mintzairaren ondotik, zintzur bustitzea eskainia izanen da.
Donapaleuko pilota plazaren 100 urteak
Donapaleuko pilota plaza, Pierre Gueraçague orduko auzapezak estreinatu zuen, 1923ko uztailaren 23an. Ehun urteak ospatzeko, Herriko Etxea eta pilotako elkartea lanean ari dira azken denbora hauetan.
Oroimen eguna, uztailaren 2an pilota plazan eginen dute, meza (10:30) eta ondotik oroitzarre ofiziala. Indar jokoekin segituko da eguna. Zintzur bustitzea eta bazkaria proposatuak izanen dira (13:30), Ozenki eta Mixains elkarteek alaiturik. Senior pilotariek joko garbi partida bat jokatuko dute (17:00).
Agorrilaren 14an, gauaz Donapaleuri buruz, Léonard Berrogain eta Guelot anaiek egin filma batzu erakutsiak izanen dira.
Bestalde, pilota plazako karrikan argazki erraldoi batzuen bidez, lekuko pilotari ospetsuenak oroitaraziak izanen dira. Begirada, argazkilarien elkarteak, erakusketa proposatuko du, Donapaleuko plazan izan diren besta garrantzitsuenen inguruan.
Pier Paul Bertzaitz-en kontzertua
Kontzertu hau, Errecart lizeoak eta Etxekopar eskolak eskaintzen daukute. Pier Paul Bertzaitz-ek bere azken diskoa "Uharte bat" aurkeztuko dauku. Obra berri huntako kantu gehienak sorkuntzak dira, Philippe de Ezcurra musikari ezagun eta trebeak harmonizaturik.
Lehen partean, Kantiruki talde ezaguna, entzunen dugu, Mikel Erramouspek lagundurik.Sartzea 12€tan.










