Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Maiatzaren 18a

Maiatzaren 8a - Ate idekitze - Su abiatzea

Maiatzaren 8a

Beste herrietan bezala Uztaritzen ere gerlari ohien elkarteak ospatu du bigarren munduko gerlaren akabantza, 69. aldikoz, sinpleki joan den ospakizun batean. Mezaren ondotik oroitarriaren ingurura jende multzoa bildu da, bertan zirela suhiltzaile, apez, hautetsi eta soinulari. Izendatuak izan dira gerla hortan bizia galdu zuten 13 uztariztarren izenak eta lore azau bat pausatua izan da. Munduko bigarren gerla hortarik gibelera etorri zirenetarik ez da gehiago nehor gelditzen. Azken urte huntan elkarteak lau kide galdu ditu. Orain 39 dira gelditzen direnak denak Aljerian edo ipar Afrikan ibiliak, Jean Tanneau dutela beti lehendakari. Ospakizunaren ondotik denak bildu dira Jatsun Pourteau jatetxean bazkari batentzat.

Ate idekitze

Joan den ortzirale arratsaldean iragan da Altzabea langunean ate idekitzea. Lehenago eskola libroa zen, eraikuntza hori 1990ean salgai jarri zen. Promotore baten eskuetara ez uzteko Altzabea deitu elkartea sortu zen orduan eta hunek ontasun hori erosi helburu batekin: langune bat moldatzea toki hortan. Geroztik helburu berarekin segitzen du gelak berrituz, emendatuz eta Latsa elkartea sortuz. Gelen alokatzaileak izan dira beti, batzu joan bertze batzu etorri. Azken hilabeteetan obra asko eginik gela guziak alokatuak dira. Alokatzaile horiek nahi ukan dute beren buruen ezagutarazteko ate idekitze hori egin. Orain hor diren ofiziale gehienak osagarriaren eta ongi izaitearen alde ari dira. Ez dira denen lanak ezagunak. Aurki daitezke: Christelle Larre eta Monica Mascarin sofrologo analistak perinatalitatean eta heziketan laguntzaile, Odrey yoga, kirol eta jan moldeaz ari dena, Aline Ripert haurdun diren emazteri masajista eta aholkularia, Emma Santiago pertsona emozionatu eta estresatuen laguntzaile, sexu terapian ere aditua dena, Aurore Chumilla eta Yoann Darquest kinesiologian eta bizkortzaile artan ari direnak. Sail hortan ez den alokatzaile bakarra da Angèle Dark jostuna edo dendaria, asko modeloren sortzailea. Ate idekitze hortan ikusliarren kopurua ezti aire egon bada lehen aldi huntan, etorri direnak oso interesatuak agertu dira ofizialeri asko galdera eginez. Pentsatua dute udazkenean edo datorren urtean berriz ateak zabaltzea. Alokatzaile horiekin eta akziodunekin Altzabeak eginen du bere urteko biltzar nagusia, ekainaren 3an. Latsa elkarteak eskaini adiskidantzazko janari eta edari batzuekin bukatu da jarduera hori.

Su abiatzea

Aitzineko astearte arratsaldean sua abiatu da Heraitzeko etxalde baten ondoan. Suhiltzaileak laster lekuratu dira. Etxerik eta eraikuntzarik ez du suak hunki, bainan sasi eta ondo haietan metatu gauza zahar asko, egur, autoen gurpil azal eta plastikozko hondarkinak erre dira, suhiltzaileek behar ukan baitute kasik gauerdi arte arizan. Zorionez ez da nehor kolpaturik eta makur handiagorik izan. Hainbat hobe.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3690. zbk

Gure Hitza | 2023/05/18

Diru publikoa ez litzateke arazoa...

Menane Oxandabaratz

Langileak erretretaren erreforma ezin irentsiz ari direnean, jakiten da eurodeputatu ohi batzuk, kargu politikoa utziz geroz, 13.700 euro hilabetero hautetsi-erretreta hunkitzen dutela. Jakinez horrez gain beste irabaziak ere dituztela. 660 eurodeputatuen izenak agertzen dira, horietan 81 frantses eurodeputatu ohi.

Jauntto eta andere horien erretreta pagatzeko, Europako zergadunek beren moltsatik 118 milioi euro atera behar dituzte (frantses zergadunek 27,8 milioi euro).

Holako berri batek, kexu izaiteaz gain, diru-publikoaren erabilera zein nolakoa den galdera pausarazten du. Jakitea hautetsi ohi batzuk goxoan diru publikoak asetzen dituela, beste batzuk peko errekan direlarik. Azen ontzeko, orain aipatu frantses eurodeputatu ohi horietarik batzuk erretretaren erreforma berriaren defendatzaile sutsuak dira, berek estatuko pentsio ikaragarria hunkitzen dutela! Egin zan/zak nik errana, baina ez nik egiten...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016