Herriz Herri - Senpere (L) | 2023ko Maiatzaren 18a

Pilotako finalak - Eguzki panelak - Mus txapelketa - Spuc kirolaren besta - Mintzaldia - Bertsu bazkaria

Pilotako%20finalak%20-%20Eguzki%20panelak%20-%20Mus%20txapelketa%20-%20Spuc%20kirolaren%20besta%20-%20Mintzaldia%20-%20Bertsu%20bazkaria

Pilotan bi finaletako emaitzak

Federazioaren txapelketan, buruz-buruka Baionako trinketean, B mailako amaturren kondu, ari zaukun Jauregi Amaiur herritarra, partida parekatu baten ondorioz, Mauleko Queheille pilotariaren kontra amore eman du, 35/40. Beti trinketean, Euskal Herriko ligaren kondu, palan Marie Goyhenetche eta Oronoz Ania gure neskek, sekulako partida eginik, puntu soil batez galdu dute 39/40. Hauen aurkariak ziren, gaur egun titulu gehienik lortzen duten Chapelet-Housset Maritxu eta Etxeleku Amaia. Goiz edo berant, gureak gaztexagoak izanik, garaipen asko behar lukete eskuratu.

Eguzki panelak Zaluagan

Zaluagan den hondarkin lurperatuen guneak, orain Bil ta Garbi sindikatuaren esku dagoena, proiektu erraldoia eta erakargarria energia berriztagarrietan errezebituko du. I-Ener enpresaren egitasmoan, 3 hektarea lur eremu estaliak izanen dira eguzki panelez, gisa hortan sortuko da Iparraldean lehenbiziko lur gaineko parke fotovoltaikoa. 500 familiaren argi-indar kontsumoa horni lezake, proiektua gauzatzean. Nola lur eremu horiek ez diren baliagarri laborantzarako, bertze lau gune begiztatuak dira: Baionan, Urruñan, Maulen eta Behaskanen. Alabainan, energiaren krisia pil-pilean agertu zauku azken hilabetetan, tokian ekoitzi eta banatuko den energia baitezpadakoa bihurtzen ari da. Bertzeak bertze, Bil ta Garbik antolatzen du maiatzaren 26an (16:00), Zaluaga zentroaren bisitatzea dohainik, galdegina da erreserba egitea www.biltagarbi.fr gunean.

Mus txapelketa Inharrian

Senpereko gazte komiteak antolatzen du mus lehiaketa hori, maiatzaren 26an (19:00). Ostiral arratsean, inbidoka gozatzeko parada eskainia zauzue. Izen emaiteak deituz 06-23-42-57-60 edo lekuan bertan (18:00), parte hartzea 10€ jokolari bakoitzak.

Spuc kirolaren besta

Mendekoste eguerditan iraganen da, maiatzaren 28an, Inharria baserrian. Bazkari onuragarria eskainia da 25 eurotan, arroltze moleta bakalauarekin, entrekosta fritekin, gasna, euskal bixkotxa eta kafe-ttotta. Haurrendako 10€tan, lomo fritak gasna eta euskal pastiza. Beti bezala giro aparta, ongi animatua litaike, beharrezko erreserbak kirol-sekzio bakoitzetan edo turismo bulegoan.

Mintzaldia euskal matriarkari buruz

Ez da hemen emazteen nagusitasuna nabaritua, baizik eta genero berdintasuna, ondoriotasuna eta etxearen kudeatzeari buruzko hitzaldia. Gai huni buruz mintzatuko da Anne-Marie Lagarde, berrikitan agertu du liburu interesgarria"Le Matriarcat Basque". Ikusiko dugunez, berdintasun egitura aitzinako erregimenean agertzen da. Aztertuko da ere, besteak beste Euskal-Herrian zer sinesmenek finkatu duten holako genero berdintasuna eta hizkuntzaren ekarpena. Larrekon, maiatzaren 25ean (19:00), dohainik, ahal bada erreserba egin antolatzailearen webgunean: cultureetpatrimoinesenpere.fr.


Bertsu bazkaria Larraldean

Amotz/Larraldea erabiltzen duten elkarteek, baita hunen jabea den Andoni Iturrioz-en xedea delakoan, bertsu bazkaria antolatua da, larunbat huntan, maiatzaren 20an. Elkarteen arteko bazkaria izanik ere, ateak zabalik izanen dira bertsuzaleeri. Hiru bertsulari ospetsuk parte hartuko dute, Maialen Lujanbio gaurko txapeldunak, Sustrai Colina lapurtarrak eta Igor Elorza Senperekin loturak dituenak. Antolatzailetan bertzeak bertze, Bertsularien Lagunak, Lapurdi 1609, Haurrock, AEK, Integrazio Batzordea, Gaztibelza film ekoizlea eta Iduzki Loreko antzerkilariak. Bertsutaz gozatu.


Ihiztarien biltzar nagusia

Ihiztarien ttattolan, iraganen da igandean, maiatzaren 21ean (10:00), bulego berriaren bozkatzea eta bertze galderen azterketak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3690. zbk

Gure Hitza | 2023/05/18

Diru publikoa ez litzateke arazoa...

Menane Oxandabaratz

Langileak erretretaren erreforma ezin irentsiz ari direnean, jakiten da eurodeputatu ohi batzuk, kargu politikoa utziz geroz, 13.700 euro hilabetero hautetsi-erretreta hunkitzen dutela. Jakinez horrez gain beste irabaziak ere dituztela. 660 eurodeputatuen izenak agertzen dira, horietan 81 frantses eurodeputatu ohi.

Jauntto eta andere horien erretreta pagatzeko, Europako zergadunek beren moltsatik 118 milioi euro atera behar dituzte (frantses zergadunek 27,8 milioi euro).

Holako berri batek, kexu izaiteaz gain, diru-publikoaren erabilera zein nolakoa den galdera pausarazten du. Jakitea hautetsi ohi batzuk goxoan diru publikoak asetzen dituela, beste batzuk peko errekan direlarik. Azen ontzeko, orain aipatu frantses eurodeputatu ohi horietarik batzuk erretretaren erreforma berriaren defendatzaile sutsuak dira, berek estatuko pentsio ikaragarria hunkitzen dutela! Egin zan/zak nik errana, baina ez nik egiten...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016