Gure Hitza | 2017ko Maiatzaren 11a
Xantre baten parekoa
Jean-Louis Harignordoquy
Oraino duela mende erdi bat zonbait herritan baziren xantreak. Bankakoa doi doia ezagutzeko denbora ukan nuen. Peio Erramuzpe-Manexene bertsolariaren anaia zen. Eliza gibeleko galeriatik kantatzen zuen.
Oraino duela mende erdi bat zonbait herritan baziren xantreak. Bankakoa doi doia ezagutzeko denbora ukan nuen. Peio Erramuzpe-Manexene bertsolariaren anaia zen. Eliza gibeleko galeriatik kantatzen zuen. Orain bezala, orduan ere Banka herri kantaria zitaikeen, baina haren ahots ederra eta puxanta franko aise gailentzen omen zen, bereziki gazte zelarik. Iragan mende hastapenean, Baigorriko xantrea ere famatua zen: Bettiri Dibarrart bertsolaria. Moldatzen zituen bertsu ederrak baino gehiago haren ahotsa gustatzen omen zitzaion orduko apezari.
Herritarrak eta urrunagoko kantuzaleak harriturik utziz, supituki eta goizegi joan zigun Panpi Portugalek ere gazte gazterik erakutsia zuen kanturako zaukan dohaina. Hain zuen ahots ozena eta orratza bezain xuxena, haren ahots-soinua berriz entzuleak atsegin. Artetik erraiteko, xuxen kantatzeak eskatzen du beharri xuxena ukaitea; ez baita denei emana. 38 urtez herriko erretore egon zen Aldudar Léon Erramuzpe apezak bestaburu frankoren karietara bertsu batzuk idazten baitzituen, Panpiri kantarazten omen zizkion elizkizun denboran.
Gogoan daukat, 1978an, Auritzeko ezkerparetan kantaldi bat segurtatu genuela Erramun Martikorenak, Jean-Mixel Inchauspe-Panpi Portugal bikoteak eta nihaurrek. Zonbait aste lehenago parte hartua zuten Baigorriko kantu txapelketan. Geroztik, ikusirik ahalak bazituela, bakarlari izateko hautua egin zuen. Halere, beste edozein kantari juntatzen bazitzaion, bazuen harekin bat egiteko gaitasuna. Gizon lasaia baitzen eta bereziki kantu xaharrak maite, Alexis Diharce Anhauzeko soinularia lagun, herrietako besta ainitzetako zikiro jate edo bazkariren alaitzera deitzen zuten handik eta hemendik. Gauza jakina da, kantari bat bederen aurkitzen ez den elkarretaratze eta jaialdietan jendeak ez duela batere kantatzen. Gauza guzietan bezala, gutienetik akuilatzaile bat behar da beti. Kantari ona izanki, ez zuen laket harrabotsa, azkarregi kantatzea ere ez.
Gisa hartako lekuetan, euskara ulertzen ez duten entzuleak ere etortzen dira kantarien entzutera. Hauei kantu airosak, ez erraiteko arinak, zaizkie gehienik gustatzen. Horien abesteko plazera bazuen Panpi Portugalek. Horrez gain, azpimarratzekoak dira berak moldatu bi kantu, euskal irratiek noiztenka hedatzen dituztenak: "Euskal Herriko mendiak" eta errugbi taldea goraipatzen duen "Atxik, atxik Baigorri!". Mixel Ozafrain Bankako auzapezak ehorzketako mintzaldian zion bezala, hemendik goiti ageriko da haren eskasa herrian, eta nola ez etxean eta Azaldegi auzoan.
Nahiz hizan zerutik itzul ezinean
Jaunak utzi bahindu gure lur gainean
Oino kanta hezaken hire adinean
Bakarlari on eta adituen heinean.










