Harridura haundiak hartu du herria, 70 urtetan eritasun bortitz batek ustegabean eraman duen Mixel Bergouignan-en heriotzaren berria hedatu denean. Alastanean sortua, Juliette-kin ezkondu ondotik joana zen Makearat, familiak zuen Zuhurtia etxaldearen segida hartzeko. Halere, beti Baigorriarra ginaukan, hain zen sorterriari atxikia. Hiru seme-alaben aita, baleako pertsonaia enblematikoa zen, gaitasun eta bihotz haundiko gizona, ekonomia, politika, kultura, soziala, hainbertze arlotan sartua zagona, gazte danik euskal militante suharra; hartu engaiamendu guzietan beti Euskal Herriaren alde lan egin duena. Sotoa sortu zuen Alexandre bere aitaren segida harturik, hogei bat urtez atxiki du hunen ardura, hunen garapena eginez, mahasti eremuak hedatuz, sor-markako arnoaren kalitatea hobetuz eta lau haizetara ezagutaraziz, denbora berean bere mahastiak ere ibili ditu. Larunbat goizean iragan dira Mixel-en ehorzketak. Erran gabe doa mundu bat bildu dela azken agurraren egitera eta esker...