Hegoaldean | 2017ko Maiatzaren 11a
Poliziaren biktimen euskal legea
Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailean onartu zuen Poliziaren biktimen euskal legea bezala ezagutua dena.
Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailean onartu zuen Poliziaren biktimen euskal legea bezala ezagutua dena. Lege horren xedea da 1978 eta 1999 artean EAEn poliziaren gehiegikeriek kaltetu zituzten biktimak onartzea eta haiei kalte-ordainak ematea. Legea EAJ eta PSE-EEren bozei esker onartu zuen Legebiltzarrak. EH Bildu abstenitu zen. PPk eta UPyDk, berriz, kontra bozkatu zuten. Azken egun hauetan Espainiako Ministroen Kontseiluak jakinarazi du, ordea, Gobernuak lege horren kontrako helegitea pausatuko duela. Eusko Jaurlaritzak "etsipen handia" agertu du berri hori jakitean eta azpimarratu du horrela jokatuz Rajoyren Gobernuak nazioarteko zuzenbidearen eta biktimen eskubideen kontra egiten duela. Hala ere, Urkulluren Gobernuak hitzeman du Poliziaren biktimen euskal legea babesteko eta biktimei merezi duten kalte-ordaina emateko lanean segituko duela.












