Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2017ko Urriaren 26a
Erle Beltzaren eguna
Joan den igandean iragan da gure herrian hirugarren aldikotz antolatua izan den Erle Beltzaren Eguna.
Joan den igandean iragan da gure herrian hirugarren aldikotz antolatua izan den Erle Beltzaren Eguna. Goizean menturaz usaian baino jende gutixago ibili balin bada ere, arratsaldean bazen bisitari frango. Goizeko mintzaldiak, Bertrand Thery erlezainarenak, "Erlezaintza laborantzaren laguntzaile", 50 laguneko multzoa bildu du eta arratsaldeko mahain-inguruak, Hernaniko Pello Zubiria kazetaria eta apiterapiaren erabiltzailea eta Doneztebeko Jaione Irisarri apiterapeutarekin, Mixel Setoain kudeatzaile, 100 bat lagun. Argiki ikus zitaikeela jendea gero eta interesatuagoa dela erlezaintzaz eta apiterapia hortaz, erran nahi baita nola artatu eta sendatu erlearen mozkinarekin (ezti, polen, propolis eta bertze), artrita eta holako eritasunak badirelarik. Arratsaldeko hitzaldiak euskaraz egin dira, Panpi Olaizola ezpeletarrak eginik euskarazko bapateko itzulpena, erdaldun andanak handizki preziatzen zuela egiteko molde hori. Trinketean egin den merkatuak ere bisitari eta erosle andana bildu du, sal-mahainak zituztenak aratsalde apalean satisfos gelditzeraino. Artetik, eguerditan, herriko eskolako burasoek dute bazkaria segurtatu, egun osoan funtsean proposatuz edari eta janariak. Eric Tournereten argazkiak Herriko Etxe aitzinean ziren agerian ezarriak, argazki ederrak eta oraindik han daude ikusgai.











