Egun eta bihar | 2017ko Urriaren 26a

Egun eta Bihar

J-B D.

Zonbait hilabetez barrandatu ondoan, polizak atxilotu ditu hamar lagun, denak Marseillako aldean bizi, atentatu batzuen prestatzen ari zirenak.

Eskuin-burukoak baino eskuinago!

Zonbait hilabetez barrandatu ondoan, polizak atxilotu ditu hamar lagun, denak Marseillako aldean bizi, atentatu batzuen prestatzen ari zirenak. Emazte bat, laster libratua izan dena, eta bederatzi gizon. Eskuin-burukoak deitzen ditugun horiek baino aise eskuinagotik zabiltzan batzu, gizonetan zaharrenak 27 urte, gazteenak doi-doia 17. Ikerleen arabera, nahi ziren mendekatu Jean-Luc Mélenchon ezkertiar deputatuari eta Christophe Castaner ministroari, bai eta musulmanen otoiztegi batzuri. Joan den ekainean, horien lagun bat ja arrastatua izana zen. Istorio guzia hortarik abiatua da funtsean. Gisa hortako errekituek sasi-talde batzu muntatzen dituzte gordeka. Eskuin-burukoak dira bainan FN alderdia konparazione aise epelegia daukate, berak arrunt bortizkeriari emanak-eta...

Hamar mila

Emmanuel Macron presidentak Parisen bildu ditu poliza eta jandarmeriako bost ehun bat aitzindari. Laudatu ditu egiten duten lanarengatik eta deitu sekulan baino kar gehiagorekin bermatzerat. Hitzeman ere bost urte barne hamar mila lagun gehiago izanen dela, batzu polizan eta besteak jandarme... Behar-orduak araberan emendatu direlakotz. Muntadura gehiago ere ukanen dute, eta gaurko egunean egokienak direnetarik... Hara beraz hori ere hitzemana...

Denbora hartuz

Frantziako abokaten biltzar nagusia iragan da Bordelen. Edouard Philippe gobernuburua jin zaiote agur bero baten egiterat. Okasioneaz balia, luzaz mintzatu da (elgarrekin afaldu ere dira) aspaldian bere adiskide mina duen Alain Juppé Bordeleko auzapezarekin. Bezperagoan, abokatek ukana zuten Nicole Belloubet justizia-ministroaren bisita. Dena konplimendu ari izan zaiote erranez haatik aldaketa handiak behar direla oraino justizia zerbitzuetan, bereziki auzitegietan. Errextasun gehiago emaiteko gisan batzu eta besteri eta apailatuz auzitegi batetarat pusatu afera batek ez dezan sobera soka luzea izan, nardagarri baita ikustea ardura zonbat denbora johan den auzi bat alde bat xuritu artean... Bainan nolako aldaketak denen buru? Ministroak ez du garbitasun handirik eman, segurtatu bakarrik behar den denbora hartuz ari nahi duela, lantalde batzu laster muntatuko direla gai horren funtsez aztertzeko eta urtarrilaren 15eko berantenaz beharko dituztela azterketa horiek bururatu...

Balea bat!

Betiko errana da Marseillako jendea espantukaria dela, alde bat denak emendatuz mintzo dena! Zonbat aldiz ez da kondatu À¢'€'" eta beti kondatzen À¢'€'" Marseillako jende horiek nahi luketela sinets-arazi behin ikusi dutela xardina bat hain handia nun porturako helbidea zerratzen baitzioten! Eta zer gertatu da joan den egunean? Balea ttipi bat sartu zaiote porturat À¢'€'" ttipia bainan 15 metro luze halere À¢'€'" behin ere ez baitzuten holakorik ikusia! Eta gero lanak ukan dituzte balea ezin berriz itsasorat igorriz, bera galdua ibilki-eta itsas-untzien artean! Hauxe da istorioa hori ere! Nunbaitik ere Marsellan gertatzekoa! Eta egia hutsa!

Bederatzi miliar

Buruhauste bat gehiago gobernuarentzat bainan bazakien holako zerbait gertatuko zela: duela bost urte, orduko gobernuak zerga berri bat ezarri zuen etxe eta enpresa handienen bizkar bainan gauzak hain okerki eginez nun Pariseko legezain nagusiek ezabatu baitute orduko erabakia. Gobernuak behar du orai turnatu gisa hortan bildu sosa eta bada bederatzi miliarrena! Negoziaketak hasiak turnatze hori ez halere kolpez egiteko bainan zonbait urteren epean... Jakinen ote da duela bost urte nork zituen gauzak hoin makur egin eta nolaz ez zen ere nehor berehala ohartu?

Xurruxtan

Deputatuak ari dira heldu den urteko aurrekontuen aztertzen. Besteak beste bozkatu dute arrunt bestelakatzea aberats handienek pagatzen zuten zerga berezia, "impôt sur la fortune" delakoa. Hemendik goiti pagatuko da ontasun batzuentzat bainan ez denentzat. Gobernuak uste du zerga arintze horri esker, aberats askok diru meta ederra ukanen dutela lanpostu berriak sortzeko eta hola, ekonomiari hats berri baten emaiteko nolazpait... Hots, aberatsenek gehiago ukanen duten sosetik dirua xurruxtan jinen dela apalago direnen laguntzerat... Hori biziki poliki deitzen dute "ruissellement"... Eta bai, ura bezala dirua ere xurruxtan jiten ahal, xorta batzu isuriz sos guti duteneri... Hori hola gertatuko den ala gobernua ametsetarik ari ote den, hori geroxago ageriko da...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3422. zbk

Ez gaizkirik erran zuhaurren buruaz lan hori utzi zure adiskideri.

Talleyrand

Gure Hitza | 2017/10/26

Biper Besta

Janbattitt Dirassar

Jateko franko hein bat hilak izaten ahal dira ez bazaie gatz birbirika bat ematen. Ez sobera haatik, jatekoak berenaz duen gustu onaren lagun eta ez gustu horren kaltetan.

Jateko franko hein bat hilak izaten ahal dira ez bazaie gatz birbirika bat ematen. Ez sobera haatik, jatekoak berenaz duen gustu onaren lagun eta ez gustu horren kaltetan. Gisa berean, biperrak ere, nun ez den sobera bizia, jateko ona aitzina ontzen du. Eta guk hor dugu preseski Ezpeletako biperra, gero eta fama handiagoa baduena, biziki hein onekoa, ez sobera bizia eta ez ere sobera eztia, ainitz gauzarekin xarmanki akomeatzen dena... Badu orai mende erdiño bat gaitzeko urratsak egiten direla biper balios horren alde, denetan hobeki ezagutarazteko, sor-marka baten babespena erdietsirik. Lan ederra akuilatzen dute ekoizleek berek, kalitate hoberenaren arrangura sano batekin. Lan ederra darama ere Biperraren kofradiak, hala nola urte guziez urri hondarrean muntatuz Biper Besta. Aurtengoa beraz asteburu honetan. Lehenbizikoa 1967-an egin zen eta geroztik gero eta arrakasta gehiago badauka besta arraro horrek. Jendea burrustan etortzen da eskualde guzietarik. Eta bi egunez segidan,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016